Hedabide honetan idatzi nuen azken artikuluan aipatu nuen joan zen ekainean, pandemiaren erdian, Espainiako estatuan, 1.383 etxegabetze eman zirela. Mila etxegabetze baino gehiago. Mila familia baino gehiago kale gorrian, pandemia baten erdian, krisialdi basati baten erdian. Etxegabetze horiek inork gutxik ulertuko ditu pandemiaren ondorio gisa, azken hamarkadetan gure aurrean ikusi dugun espekulazio eta pribatizazio prozesu baten jarraipena baitira. Basakeriarik latzenaren adibide gordinenak muturrean jo zigun duela egun batzuk: kale eta negu gorrian zegoen pertsona bat hilik aurkitu zuten Zarauzko parke batean, Gabon gauean, jende ugari Gabonak ospatzen ari zen unean. Zein isilik pasatzen diren horrelako gertaerak. Une horretan Neguetxea irekita mantentzea beharrezkoa ez zela ziotenekin gogoratu nintzen…
Urrun daude gaztetatik etxebizitza lortu eta independizatzeko aukerak existitzen ziren garaiak. Gaur egun, etxebizitza eskubidea existitzen dela dioenak, barre egiten du esaldia amaitzean. Eskubidea ez baita paper batean idazten den zerbait; eskubide bat aitortzeak ez baitu ezer balio ez badaude hura bermatuko duten baliabideak edo gaitasunak. Zentzu horretan, poztekoa da alarma egoerak dirauen bitartean etxegabetzeak eta hornidura mozketak debekatzen dituen dekretua indarrean jarri izana. Zoritxarrez, ordea, epe oso motzeko dekretu izango da hori, testuinguru jakin bati erantzungo diona. Eta gero zer? Zer gertatuko da behin behineko dekretuaren ostean etxetik bota nahi dituzten familiekin? Aipatutako dekretuak pandemia egoerari erantzuten dio, baina arazoa ez da pandemia garaikoa.
Bizi baldintzak suntsituak izaten ari diren prozesuaren ondorio larrienetariko bat izaten ari da etxebizitza problematikarena. Auzi hori gure bizi baldintzen aurkako eraso integral baten barnean kokatzen da. Zentzu horretan ulertu behar ditugu PP, Ciudadanos eta Vox alderdiek Espainiako Diputatuen Kongresuan aurkeztutako okupazioaren aurkako lau lege proposamenak. Hitz gutxitan esanda, ondorengoa eskatzen dute: usurpazio kasuen aurrean indar polizialek interbentzio zuzenerako eskumena izatea, prozedura judizialak azkartzea eta kartzelak zigorrak gogortzea -sei hilabetetatik hiru urtera arteko kartzela zigorrak ezartzea-. Eta horrek zer esan nahi du? Baliabide faltagatik asetu ezin ditugun oinarrizko behar eta eskubideak gauzatzen saiatzeagatik kartzelaratu gaitzaketela. Lege proposamenekin ezegonkortasun materialek zein politikoek dakartzaten egonezina gestionatzeko gudu-zelaia prestatzen dute. Pobreziara kondenatutako familiek nahiz kolektiboek oinarrizko beharrizanak edota behar politiko, sozial zein kulturalak asetzeko espaziorako sarbide unibertsala urratzen dute, jabe pribatuen etekin interesen alde eginez.
Lege proposamen hauek sektore kolpatuenen erreakzio posibleak errotik moztu eta zigortzeko neurri klasista batzuk besterik ez dira eta etxebizitza arazoaren sakontzea dakartzate; baita antolakuntza politikoaren kontrako atentatu bat ere, auziari erantzun emateko beharrezkoak diren espazio politikoak kolpatzen dituen heinean. Eskuak lotuta izan dituenak nekez aska ditzake kateak; are zailagoa da hori
miseriara lotzen duten kateak gero eta gehiago estutzen ari zaizkionean. Horrenbestez, beharrezkoa deritzot inguruan gertatzen ari diren egoerak salatzea eta auzi honetan ematen ari diren mugimenduak sozializatzea. Halaber, Erraki Langile Kontrolpeko Espazioen Babes Sarea egiten ari den lana txalotu nahi nuke, Erraki bezalako eragileak egiten ari diren kontzientziazio zein salaketa eta mobilizazio lanak ezinbestekoak baitira ofentsiba hau borrokatzeko. Ezjakin eta sumiso nahi gaituzten honetan, inoiz baino beharrezkoagoa da elkar babestuz antolatzea: problematika sozializatuz nahiz kaleak aldarriz betez. Horretarako aukera egongo da igande honetan Donostian.