Gutuna: "Udaleko osoko bilkurak Ebro Etxeari babesa kentzeko lehen pausoa eman zuenetik, zarauztar asko mobilizatu gara. Ebro Etxea desagertzea onartezina da. Alkateak ez zituela eskuak lotuta eduki nahi –eraikinaren babesagatik– eta argi zuela Ebro Etxea "Torreoia ez dela" esan zuenean alarmak piztu zitzaizkigun. Ebro Etxea eraikin historikoa da, legez babestua, duen balioagatik. Bere egoera penagarria etengabeko utzikeriaren ondorioa da. 2016ko ekainean egindako ITEan, Eujenio Olaizola arkitektoak teilatuaren egitura urtebeteko epean konpontzea eskatu zuen. Obra exekutatzeko aurrekontua ez zen 194.000 eurora iritsi, baina ez zen ezer egin.
Bitxia bada ere, udalaren erabakia oinarritzen da udal arkitektoaren txostena kontrajartzen den kanpoko arkitekto baten txostenean. Badirudi kanpoko txostena Ebro Etxearen ondare balioa ukatzera bideratuta dagoela; inguratzen duten etxebizitza eraikinekin alderatzera dator: "Es, como mucho, una edificación distinta, como lo son todas y cada una de las existentes en el entorno". Aditua izan gabe ere agerian dago: Ebro Etxeak ez du zerikusirik inguratzen duten eraikinekin. Donostiako Ancora ondarea babesten duen elkarteak txosten honen gabezia larriak salatu zituen, eta ondare historiko eta arkitektonikoaren katalogoan gordetzeko arrazoiak daudela ziurtatu zuen. Osoko bilkuraren ondoren, alkateak adierazi zuen ez dutela botako, deskatalogazioak eraisteari atea irekitzen badio ere. Zuzenketa hau ez da nahikoa, prozesu administratiboak aurrera jarraitzen du. Ez dago udalak iritziz aldatu eta Ebro Etxea kontserbatu nahi duela pentsarazten diguten daturik. Alkateak ziurtatu du legegintzaldi honetan ez dutela Ebro Etxeari buruzko erabakirik hartuko, hala ere, ez diote Aldundiari eta Jaurlaritzari txostenak bidaltzeko eman dieten 30 eguneko epe laburra luzatu.
Badirudi beste alderdi batek iritzia aldatu duela, nahiz eta osoko bilkuran abstenitu, orain bere legezko babesari eustearen alde daudela adierazi dute, "balio kulturala eta historikoa nabaria baita". Berriro abstenituko dira edo, oraingoan, aurka bozkatuko dute? Gure buruzagien konpromisoa behar dugu.
Ebro Etxearen balio arkitektonikoa eta historikoa aintzat hartzea eskatzen dugu, baina batez ere, duen balio kultural handia. Eraikin enblematiko eta bizia da, pertsona desberdinen topaketa ahalbidetzen duena. Herritartasunez, kulturaz eta tradizioz beteriko espazioa da. Berdintzen gaituen eta gizarte gisa hobetzen gaituen espazio irekia da. Horregatik eskatzen dugu lehenbailehen berreskuratzea eta balioan jartzea, horrela zarauztar guztiek gozatzen jarrai dezaten.
Txostenak publikoak dira, eta herritarrak animatzen ditugu prozesu honi buelta emateko alegazioak aurkeztera. Gurekin harremanetan jartzeko bidea helbide elektroniko hau da: ebroetxeababestu@gmail.com"
Martin Aldalur Balbas