Natur kontserbazioaren ikuspegitik berri ona da bioaniztasuna aberasten duen gertaera oro, baldin eta aberastasun hori modu naturalean gertatu bada: alegia, gizakiaren esku-hartzerik gabe. Horrelakoetan, basabizitzaren berreskurapena dela ulertzen da, alegia, berez dagokien lekua hartzen ari direla interpretatzen dugu. Horregatik pozten gara hainbeste bereak dituzten habitatetatik (bizi-lekuetatik) aspaldi desagertutako bizidunak berriz ikusten ditugunean. Natur ingurunea berreskuratzen ari garela pentsatzen dugulako.
Baina, bizidun guztiek ez dute harrera bera. Flamenkoak eta migrazioan doazen hegaztiak xarmantak iruditzen zaizkigun bezala, otsoa edo hartza bezalako harrapari handiak etsaiak dira askorentzat; esaterako, gure ordezkari politikoentzat. Izan ere, naturarekiko errespetua eta bioaniztasunaren aldeko aldarriak oso egokiak ikusten dira, norbere interesei kontrajartzen ez zaizkien bitartean. Egungo gizarte postmodernoan guaya baita, politikoki zuzena agertzea, bizitzaren alde, naturaren alde edota klima aldaketaren kontra egotea. Hitzez, gure ekintzek ez baitute horrelakorik erakusten.
2020ko irailaren 15ean, Nazio Batuen Erakundeak Aniztasun Biologikoari buruzko Munduko Ikuspegia (GBO-5) txostena argitaratu zuen. Txosten horrek seigarren iraungipen masiboaren ondoriozko agertokiak irudikatu ditu; izan ere, egun bizi dugun bizidun espezieen galerak ez du aurrekaririk eta argi adierazten zaigu gizateria bidegurutze batean dagoela etorkizuneko belaunaldiei utzi nahi dien ondarearekiko. Lurreko ia sistema bizidun guztiak daude arriskuan eta giza jarduerak eraldatzea ezinbestekotzat ikusten da ekosistemak leheneratu eta giza jardueren inpaktu negatiboak murrizteko. Mundu mailako txosten hauek tartean-tartean iristen zaizkigu, eta ontzat ematen ditugu, baina zertan gara gurean? Nolako kalitate ekologikoa du gure natur inguruneak? Nola dago bioaniztasuna gurean? Zer ari da egiten administrazioa ondare naturala zaindu eta berreskuratzeko? Eta herritarrok? Zein da gure ardura eta eginkizuna ingurune naturalaren eta bioaniztasunaren zaintzan?
Antzinakoa da gizakiaren arrastoa Euskal Herrian, aspalditik eraldatu dugu paisaia, ia osorik, gurean. Berez basoek osatu beharko luketen eremua, larre, zelai, zuhaitz-landaketa eta soro bihurtuta ezagutu dugu azken mendeetan. Jakin badakigu soroak, larreak eta zelaiak abererik gabe, bere horretan utziz gero, baso bihurtzeko joera dutela. Askotan entzun ohi dugun bezala, zikintzeko joera dutela, alegia, sasiak hartzen dituela. Berezko naturalizazio-prozesu horrek basabizitza berreskuratzea dakar, ekosistema naturalak berreskuratzea. Prozesu horrek, ordea, muturrera eramanda ez du zertan bioaniztasuna handiagotu. Basoetako animaliak eta landareak (zein onddoak) zelai eta larreetakoen ezberdinak direlako. Zenbat eta habitat (bizitoki) ezberdin gehiago, orduan eta animalia eta landare aniztasun handiagoa izango dugu eta, beraz, gizakiak bere abereekin moldatutako inguruneak lagun dezake bioaniztasuna emendatzen: baldin eta, ustiapena natur ondarearen kontserbazioarekin bateragarria bada, eta hor dator eztabaida.
Azken urteotan administrazioan abeltzaintza eredu intentsiboa sustatu du gure mendietan. Gero eta abelburu gehiago daude: ardi gutxiago, baina behi eta behor gehiago. Artzain eta abeltzain profesionalak gutxitzen ari diren erritmo berean ari dira ugaritzen abeltzain ez profesionalak: bizibidea fabriketan edo beste lekuetan izanda, euren haziendak mendian dituzten abeltzainak. Bizimodu hori mantentzeko ezinbestekoa da herri/baserri eta mendiaren arteko distantzia txikitzea. Alegia, ibilgailu bidez mendian gora igotzeko pista onak eraikitzea. Bestalde, bizitokia baserrian edo kale-etxean eta abereak mendian dituenak ezin ditu bere abereak gertutik zaindu; ez baita haiekin bizi. Abereen zaintza noizean behinekoa bihurtzen da, teknologiaren laguntzaz gauzatu beharrekoa.
Abeltzaintza-artzaintza eredu hau bateraezina da, guztiz, otsoaren edo hartzaren presentziarekin. Otsoak eta hartzak hazienden zaintza zuzena eskatzen dute, abereak animaliengandik bereizteko ezagutza, teknikak eta baliabideak. Hori guztia bideratzeko, ezinbestekoa da gizartearen kontzientzia argia eta administrazioaren inplikazio zuzena. Euskal Herriak kokapen berezia dauka harrapari handi hauen hedapenerako, Pirinioen eta Europako Mendien artean, bietan dauden otso eta hartzen populazioen hedapena lagundu/oztopatu dezakegulako. Saiatu, saiatzen dira otsoak gure lurraldera sartzen, bereziki mendebaldetik, Araba eta Bizkaitik sartzen dira; baina, sartu bezain pronto hiltzen dituzte, otsoa gure bioaniztasunaren parte onartuko bagenu, babesteko plan bereziak egin beharko liratekeelako. Flamenkoak ikusi ditugu Zarautzen. Otsorik ikusiko dugu Hernion edo Izarraitzen?