Urriaren 29ko plenoan udalbatzarrak Ebro Etxea Zarauzko Ondare Historiko eta Arkitektonikoen katalogotik ateratzeko lehen pausoa eman zuen. Ebro Etxea babes maila erdiko Ondare Kulturala izatea proposatuta zuen Eusko Jaurlaritzak, baina Zarauzko Udalak, berriz, 1995. urtetik duen babesa kendu nahi dio. Zertarako?
Afinitate politikoak eta espekulazioak alde batera utzita, ukaezina da urte askoan gure herriko eraikin kulturalen mantentzearen kudeaketa ez dela egokia izan. Izan ere, urte askoan zehar, eraikin polikulturala delakoa egitera bideratu ziren ahalegin eta baliabideak, herriak dagoeneko zituen eraikin kulturalen mantentze lanak alde batera utziz. Ebro Etxearen egoera kudeaketa horren adibide argia da.
Orain, Ebro Etxeak duen egoera txarrarekin ez duela balio arkitektoniko nahikoa babestua izaten jarraitzeko argudiatzen du udalak, beraiek kontratatu duten arkitektoak egindako txostenean oinarrituz. Hori dela eta, “eskuak lotuta ez izateko” babesa kentzea proposatzen du. Baina, zer esan nahi du “eskuak lotuta ez izateko” horrek? Izan ere, eraikin babestuak horretarako dira babestuak, momentuan dagoen gobernuak nahi duena egin ahal ez izateko.
Gainera, udalak eraikinaren inguruan “zalantzak” dituela dio eta ahalik eta informazio gehien jasotzea komeni dela, baina aldi berean, Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako Ondasun Sailak hilabeteko epean ez badu txostenik bidaltzen, prozesuak aurrera jarraitu ahal izatea proposatzen du. Zergatik dago hainbesteko presa?
Bestalde, udalak kontratatu duen arkitektoaren txostenaz gain, herriko arkitektoak beste txosten bat aurkeztu du, guztiz kontrakoa. Horrek, balio arkitektonikoaz gain, balio historikoa ere kontuan hartu beharko litzatekeela dio. Gainera, dituen kalteak mantenu faltarengatik direla dio, adin horretako eraikinetan izaten diren kalte arruntak direla eta ez dutela neurriz kanpoko inbertsiorik eskatzen. Iritzi berdinekoak dira Donostiako ANCORA erakundeko arkitektoak ere, eta sare sozialetan aldarrikatu dute Ebro Etxearen babesa mantentzearen garrantzia. Beraz, ez al litzateke hobeto aztertu beharko eraikinaren balioa horrelako erabaki bat hartu aurretik?
Ebro Etxea gure herriaren historiaren zati bat da. Eraikin desberdin bat da, garai bat adierazten duena. Azucarera del Ebro enpresak eraiki zuen 1940. urtean, langileek beren haurrak udaleku modura hona ekar zitzaten. Zarauzko turismo mota aldatu zuen eta Zarauzko historia aldatzea ekarri zuen.
Eraikina desagertuz gero, artxibo batzuetara mugatuko litzateke Zarauzko historiaren zati hori. Garai horretako oso eraikin gutxi daude zutik Zarautzen, ondarearen kontzientziarik eta lege babesik ez zegoenean, nahikoa sarraski egin baitzen. Dagoen hori ahalik eta gehien manten dezagun, herriaren historia eta arkitektura babesteko. Gainera, balio historiko eta arkitektonikoaren garrantziaz gain, Ebro Etxea zarauztarrona da, guztiona da eta aukera ugari eskaini ditzake eraberritze lanak eginda.
Horregatik, Ebro Etxeari emandako babesa mantentzeko, sinadura bilketa jarri dugu martxan beste herritar batzuekin elkarturik: hemen klikatuta sar zaitezke.