Ikasten

Erabiltzailearen aurpegia Eider Agirre 2020ko urr. 29a, 11:40

Batzuoi urrun gelditzen zaizkigu jada arbel aurrean pasatutako ordu haiek guztiak. Azkenaldian, baina, ezin izaten diot gela txiki horietako ikasleen eta irakasleen paperean jartzeari utzi. Konfinamendu aurretik harritu baginen ikustean, egun batetik bestera, ikasle guztiak etxera bidali zituztela, are zentzugabeagoa iruditzen zait egungo egoera: ikasleak eta irakasleak eskoletara itzuli dira, inolako segurtasun bermerik gabe. Klaseak hasi dira: ikasleak eseri, maskarak jantzi, leihoak ireki (jertseak jantzi) eta entzun. Baina ez gehiegi mugitu eta, batez ere, obeditu dezatela, segurtasunaren izenean. Hau da hezkuntzaren diziplina pandemiaren garaiotan.

Presio askoko garai bezala gogoratzen ditut eskolako azken urteak; guztiz arrotza zitzaidan hezkuntza eredu baten erdian ikusten nuen neure burua. Arrotza, ikasleon gaitasunak garatzeko ustezko instituzio batean ez zuelako axola ikasleon hitzak. Arrotza, ikasleok ez genuelako inolako erabakimenik ikasketa prozesuan bertan, ez edukian ez funtzionamenduan ezta ebaluazioaren nolakotasunean ere. Askotan kexatzen gara, gehienbat irakasle edo gurasoen paperetik, ikasleek motibazio eta interes falta dutela, ez direla behar beste saiatzen. Baina noiz entzun ditugu bada ikasleak? Betebeharrak jartzen dizkiegu une oro, baina beraien iritzia eta egoera kontuan hartu gabe eta, gainera, egin ez duten guztia kontrolatuz. Adibidez, E-inika bezalako aplikazioei esker badakigu ikasle bakoitzak zer egin duen eta zer ez, klaseak galdu dituen ala ez, etxeko lanak egin dituen ala ez. Guztia zenbakiak dira: ikasgaietan atera dituzten noten zenbakiak, egin ez dituzten gauzen zenbakiak. Baina zenbakien atzean beti daude egoera ezberdinak, beti daude arrazoi ezberdinak eta, esango nuke, gutxi begiratzen zaiola zenbakien atzean dagoen guzti horri.

Zer pentsatu eta zer aldatu dagoen honetan, beti daude antolatzen hasten diren ikasleak, askotan "ikasle errebelde" etiketa jartzen diegun horiek. Baina umeak besterik ez dira eta pasatuko zaie, ezta? Dudarik gabe, gehien sutzen nauena ikasleak ume bezala tratatzea da. Hori argi eta garbi ikusten da ikasleen edozein antolakuntza espresio agertzen denean, horien aldarrikapenak gutxietsiz edo txikikerietan erorita: behar den agiria ez delako aurkeztu orain edo baimenik eskatu gabe itsatsi direlako kartelak gero. Horrelako egoeretan gaztetasun eta errebeldiaren mantapean estaltzen ditugu aldarrikapenak, atzean daukaten arrazionaltasunari begiratu gabe, edo ez begiratzearren. Eta beraien proposamenak zentzuzkoak badira? Hezkuntza sistema hobetuko badute? Ez ditugu subjektu aktibo gisa onartzen, beren jarrerak eta asmoak infantilizatzen ditugu; azken finean, zer aldarrikatzen duten entzun aurretik baztertzen ditugu. Ikusi besterik ez dago pasa den irailaren 15eko greban gertatu zena: sindikatuen gehiengoak egindako aldarrikapenak arrazoizkoak ziren gizartearen begietara, baina ikasleen greba eskubidea 76 ikastetxetetatik 58tan urratu zen. Bazenekien? Seguru aski ez. Osasun sisteman edo lan munduan greba eskubidea sistematikoki urratuko balitz guztiok gaitzetsiko genuke. Baina, kasu honetan, zergatik isiltzen gara?

Hain justu, oztopo horien guztien gainetik ikasle ugari ikusi genituen hiriburuetan egun hartan. Heldutasunez eta arduraz planteatzen dituzte erronkak eta, babesgabetasun egoera batean egonda ere, indar handiz dabiltza lanean. IKAS (Ikasle Autodefentsa Sarea) plataforma ere sortu berria da, ikastetxeetan dauden injustizia forma ezberdinei aurre egiteko eta, behingoz, ikasleak subjektu aktibo bilakatzeko beren hezkuntza prozesuan. Gure eskualdean ere badago horren aztarnarik dagoeneko eta, egia esan, poz handia ematen dit. Horren aurrean zer pentsatua izan beharko luke gure inguruko hainbat zuzendaritzak eta irakaslek; utz ditzatela behingoz jarrera infantilistak eta has daitezela ikasleak entzuten. Zer esana dute eta.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide