Eskuduntza

Erabiltzailearen aurpegia Jesus Mari Olaizola "Txiliku" 2020ko urr. 22a, 10:06

Badira itxura edo soinu dotoreko hitzak, eta belarrietarako astunak edo zakarrak iruditzen zaizkigunak. Badakit norberaren araberakoak izaten direla, maiz, hitzak dotore edo zarpail, baina niretzat eskuduntzahitz itsusia da; maldan behera amildutako haitz baten antzekoa, trinkoa eta baldarra. Eskuduntzahitzak, ez izatearren, ez du antzinatasunak ematen duen lustrerik ere. Badirudi XX. mendearen hasieran sortutako hitz berri horietako bat dela, urte askotan dinbili-danbala bazterren batean kili-koloan egon eta orain berriro ekarri duguna (dutena) gure ezpainetara.

Izan ere, gure politikoen ezpainetan zikin-brilloahartzera etorritako hitza baita, batik bat. Beharbada horregatik iruditzen zait hain zatarra, politikoen ezpain dotoretan dabilen hitz farfailatsua delako. Baina soinuaren edertasunak ez du neurtzen hitzaren balioa, haren erabilerak eta esanahiak baizik. Eskuduntzaren esanahia da eskumena edo aginpidea; hau da, adierazten du norena den eta non erabil dezakeen nor horrek bere agintea.


Ez dakit zuei, baina niri iruditzen zait gero eta gehiago gure eskumenak besteen eskuetan jartzeko joera dugula. Ez dugu aginterik (erantzukizunik) nahi eta «agintariengan» jartzen ditugu gure eskumenak, haiek erabil ditzaten gure ordez. Bi adibiderekin argitu nahiko nuke kontu hori. Dozena bat urte nituenean ez zen eskolaz kanpoko ikasketarik izaten, baina bai eskolaz kanpoko ekintzak. Horietako bat izan ohi zen trenbidera jolasera joatea. Trenbidean iltzeak eta txanponak jarri, trenak zapaldu ondoren non eta nola geratu ziren ikusi eta kideei erakustea izan ohi zen jolasa. Erabat debekatua, bide batez, baina horregatik kitzikagarriagoa, nahiz etxean errieta gogorren bat jasotzeko arriskua izan. Trenetik trenerako bitartean, ez aspertzeko, egin zitekeen halako lehiaketa bat nork bota urrutirago trenbideko harri-koskor bat errekara. Gogoratzen dut, oraindik, Makatzeneko etxe-nagusiak egindako oihua:

–Hi, Txiliku! Akordatuko haiz orain egindako lanaz hire aitarekin erreka garbitzera etortzen haizenean.

Ez zegoen gehiago esan beharrik. Horrekin ikasi nuen ingurua aurrez zaintzen ez duenak ondoren lan egin beharko duela gaizki egindakoa zuzentzen. Azpimarratzekoa, ordea, eskuduntzarena da: hango baserritar eta baratze-nagusien eskumena (baita betebeharra ere) zen hango bideak eta erreka-bazterrak txukun edukitzea, auzolanean. Bigarren adibiderako trenbide-ertzetik
joan behar dugu Zudugarai gainera (Xuaigaina eta ez Altodeorio). Handik Aiarako bidean bada industrialde txiki bat, etxegintzarako-eta zementua eta hormigoia prestatzen duen gunea. Handik pasatu den edonork esan dezake lantegi horretako nagusiari norbaitek belarrietatik tira beharko liokeela eta esan:

–Hi, txikito! Akordatuko haiz orain egindako lanaz hau dena lehen zegoen eran uztera behartzen haugunean.

Baina beldur naiz inor ez zaiola etorriko errieta egitera, eta handik pasatzen naizen bakoitzean erabat haserretzen banaiz ere, ez dakit nora joan esatera: «Hemen izugarrikeria bat gertatzen ari da». Aiako Udalera joan beharko nuke kontuak eskatzera? Agian, Gipuzkoako Foru Aldundira? Eusko Jaurlaritzaren kontua ote? Ingurumen sailekoa? Espainiako Erresumak ote du eskumena? Europako auzitegi baten batena ote? Guzti-guztietara koskan-koskan joango naiz kexu? Norengana jo? Nor da gai belarrietatik tira egiteko zerrikeria hori (urde gaixoek barka nazatela) egin duen, eta egunero egiten ari den, horri? Norena da eskuduntza?
Gure agintea agintarien esku utzi eta dagoeneko ez gara gauza gaizki egin duenari kargu hartzeko. Eskuduntza galdu eta ez dakigu noren eskuetan utzi dugun.

Hori da kontua.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide