Modu dibergentean bizi izan dugun 2020ko uda amaitzear dagoela, duela aste batzuk Getariako plazan umeak zapoketan jolasten ari zireneko irudia oroitu dut.
Ume bat plaza erdian, musukoak begiak estaltzen dizkiola eta zenbatzen, bere lagunak inguruko txokoetan gordetzen diren bitartean. Irudi metaforikoa!, geu ere ez ote gabiltza COVID-19ak ekarritako pandemia garai latzenetan hesgailua begietan dugula?
Joan den maiatzean COVID-19 osteko Euskal Herriko ekonomia ekologikoaren aldeko manifestua sinatu genuen 25 unibertsitate eta ikerketa zentrotako zenbait irakasle eta ikertzailek. Bost ekintza ildo zehaztuta aste gutxian 3.200 norbanako baino gehiago, 191 eragile eta 750 akademikotik gora batu ziren. Bost lan lerro horiek COVID aurretik ere bizi genuen krisi konbergente eta sistemikoan behin baino gehiagotan azpimarratutakoak ziren, maila globalean zein tokikoan.
Batetik, BPGaren hazkunde erantsian oinarritutako garapen eredua alde batera uztea. Bigarrenik, muga ekologikoak kontuan hartzen dituzten ekoizpen, inbertsio eta kontsumo politikak sustatzea «hurbiltasuna, publikoa eta ondasun komuna» lehenetsiz. Hirugarren puntuan, ingurumen fiskalitate progresiboa bultzatzea, «beharrezkoa» den trantsizio ekologikoa finantzatzeko. Laugarrena, azpiegitura handietan eta garraiobide jasanezinetan oinarritutako mugikortasun-eredua alde batera uztea. Bosgarrena, nekazaritza eta elikadura sistema eraldatzea, «agroekologian oinarritutako elikadura burujabetzan aurrera egiteko».
Jarraitu irakurtzen, hemen.