Asteartean, ustekabean, jaso nuen leiho honetatik nire iritzia zabaltzeko gonbita. Ustekabean diot, halaxe izan zelako, ezustean harrapatu ninduelako, sorpresaz. Izan ere, erretiroko nirvanan bizi garenontzat, oporren garaia izan ohi dugu mundu honetara itzultzeko garaia; egunerokotasun desberdin batera esan nahi dut. Eta besteen opor garaiak esan nahi dut, gu oporrik gabe bizitzera kondenaturik baikaude dagoeneko. Baina, aurten, izan den urtea izanik, ez-oporrak bezalakoak izan ditugu, etenik egin gabeko egonaldi ez-aktiboa, ez-festaz betea, ez-sortzailea, ez-liluratzailea, ezdeus bat, halako kaka zahar koipetsua. Joan zaigu denbora irristan, garbi ibili beharrarekin ur xaboitsua esku artetik ihesi joan den modu berean.
Baina ez noa joandako denboraz aritzera. Ezta koronabirusari buruz ere, sekulako alukeriak egin badizkit ere. Euskal Herriko susmagarri nagusietako bat izan behar dut inola ere. Gaixotasunaren kutsua gainean izatearen susmoa bigarren aldiz erori baitzait gainera. Eta bigarren aldiz baztertuta, etxekotuta, bakartuta eta konfinatuta pasatu behar izan dut bigarren itxialdia. Eta oraindik positiborik gabe. Nork daki gaixotasun txoro hori nola saihestu dudan! Esandakoa, ordea, akabo hementxe lantuak! Zer ekarri dit onetik, zerbait ekarri badit?
Etxekoturik egoteak ekarri dizkit hainbat irakurketa, aspaldian bazterturik nituen zenbait kontu idaztea, gure herriko txokoak (baita taberna ilunak ere) berriz bisitatzeko grina, eta irrati-saio ugari (telebista hobe ez aipatzea… ez haserretzearren).
Leiho honetan bizikide dudan Jon Artanoren berriketaldi bat baino gehiago entzun ditut denbora-pasa eta otordua prestatzen sukaldean ari nintzen bitartean, eta han entzundako zerbaitek ekarri nau honako gogoetara.
Ez dakit Amarauna magazinean den, baina hala uste dut, Artanok mugaren bi aldeetara ibili ohi diren jendeak (Katti Poxelu, Lander Garro, Thierry Biskary… oker ez banago) gonbidatzen ditu halako tertulia antzekora. Bakoitzak bere aldetik ikusten ditu mugaren «bestaldekoak», eta haien joera eta izaera "bitxiak" bestaldekoen ikuspegitik aztertu. Denak ere euskal munduan aritzen direnez eta Euskal Herri "osotuaren" ikuspegia ondo ezagutzen dutenez, ez da ez liskar, ez ika-mika handirik izaten, baina kezka sortu ohi didan gaia denez aipatu nahi nuke, eta zalantzan jarri "gure" euskaltasuna.
Bertrand Pelletier Baionan jaiotako kimikari eta botikari ospetsua izan zen; XVIII. mendearen amaiera arte bizi izan zena (1761-1797). Hogeita hamasei urte konplitu aurretik hil bazen ere (kimikako saiakuntza bat gaizki atera eta kloroarekin itota), itzal handiko gizona izan zen: Frantziako Erietxeetako Begirale Orokorra, Bolbora eta Gesalaren Komisarioa, Frantziako Zientzien Akademiakoa, kimikako irakaslea, eta abar.
Baiona hor dago, aldamenean ("Bestaldean", ordea), baina Hegoaldeko zenbat euskaldunek entzun du Pelletier bat badela? (izan, bi dira, Bertrand eta bere seme paristarra). Norbaitek esan dezake Iparraldeko zenbat euskaldunek dakien Santiago Ramon y Cajal nafarra zela (zilegi ote Aragoiko Petilla enklabea Nafarroa dela esatea?). Eta horrek bikoiztu egiten du nire arrazoiketa, indartu bakoitzaren "bestaldea" badela.
Maiz entzun izan dut esaten zer gabatxoak diren Iparraldekoak, baina eskua bihotz gainean jarri eta aitortu beharko genuke zein espainolak garen Hegoaldekoak. Ez dago gure ohiturak eta kultur joerak ikusi besterik. Espainolak ditugu erreferentzia. Hitz egiteko maneran. Maiz, hizkuntzan. Espainolak gara. Oso. Eta horrek kezkatzen nau. Herri kolonizatu batek egin dezakeen okerrena herri kolonizatzailearen kultura beretzat hartzea baita.