Egoitzan bizi direnak, hirugarren adinekoak ez ezik hirugarren mailako biztanleak ere badira nonbait. Guztiok kalean libre gabiltzan bitartean, COVID-19aren kasuak gehitu direla eta, beren osasun ziurtasunagatik egoiliarrak berriro ere deskonfinamendu hasierako egoerara itzularazi dituzte kalera irteteko baimenik gabe (apartamentuetan bizi direnak ere ez), eta senideen bisitaldiak astean bi ordu erdikora mugatu dituzte. "Hemen gaude kartzelan" zioen bertako batek.
Jendea igerilekuetan, hondartzan, parkean, futbol zelaietan, kiroldegian, taberna eta terrazetan, zineman, dendan, lantokian... nonahi libre dabilen bitartean, haiek ahulagoak direla eta beste guztion zabarkeriagatik ordaintzen ari dira. Oso-oso garrantzitsua da adineko hauen osasun fisikoa zaintzea, baina hori adinakoa dena beren osasun emozionala da, eta ez dugu ikusten hori kontuan izaten denik.
Badakigu egoera honetan zaila dela erabakiekin asmatzea, baina horiek gauzatzea agintarien esku dagoenez, haiei dei egiten diegu arazoari aurre egiteko, sustraietara jo eta behar diren neurriak behar diren leku eta pertsonekin hartzeko, ezeren kulparik ez dutenek beste guztiongatik sufritu ez dezaten. Lehen, konfinatzerakoan egoitzetakoak izan ziren aurrenak eta deskonfinamendu faseetan azkenak. Orain ere berdin?
Gauzak horrela, asteburu honetan San Jose egoitzan gertatutakoaren berri eman nahi dizuegu, egoiliar horien familiakoak izanik, geuk ere aintzakotzat hartu ez gaituzten sentipena baitugu. Aurrez aipatu dugun bisitaldien murrizketen agindua larunbat arratsaldean jarri zen martxan, baina etxekoek informazio hori ofizialki ez genuen jaso hurrengo astelehen goizera arte.
Bitarte horretan, ezer jakin gabe bisitara gerturatu ziren senideek harriduraz jaso zuten bisitaldirako ezarri zituzten aldaketen berri, eta batzuek beren etxekoarekin egoteko aukerarik gabe bueltatu behar izan zuten etxera, haserretuta eta tristuraz.
Egoitzako arduradunaren aldetik izugarrizko akatsa izan dela azaldu beharrean gaude, asteburua izan arren norbaitek kargu hartu behar zuelako aldaketa guzti horien berri telefonoz emateko. Garbi dago ardura eta pertsonal faltaren ondorioetako bat izan dela.
Ez gara aspertuko errepikatzen gure adinekoei bizi errespetua eta bizi-kalitate duin bat zor diegula, nahiz eta egoitza batean izan. Gu guztion jarrerak haiengan ondorioak ditu, eta zaindu ditzagun.