Agurra

Miren Gorrotxategi 2020ko uzt. 23a, 12:29

Ez dakit zuk, baina agurrei dagokienez, badaukat nik aukera galduetan aztarka egiteko joera. Norbaiti agur esan ostean, "zergatik ez nion inoiz hori esan", edo "zergatik egin nion behin hura", eta antzekoak pentsatzekoa. Ez dakit ibilbidearen errepasoa egin nahia baino ez den, ala emaitza bestelakoa izatearen nahia. Ibaiko urak itsasoa ez den beste norabait bideratzeko aukera balego bezala.

Erabaki garrantzitsua izan zen niretzat, duela hiru urte, nire iritziak eta usteak hilero plazan zintzilikatuta jartzeko erronkari baietz esatea. Gelako bakardadean, orri zurian tekleatutako burutazioak, askotan ozen esaten ere ausartuko ez nintzatekeenak, eternitaterako idatzita uztea. Uste baitut guztiok garela, neurri batean behintzat, kritikarekiko sentiberak. Ni bai, behinik behin. Hala ere, nahiago izan dut esandakoengatik damutu esan gabe utzitakoengatik damutu baino. Edith Piafen "Non, je ne regrette rien" edo "Ez naiz ezertaz damutzen" aldarrikapen bihurtu. Aitzitik, errealitatea bestelakoa da. Gai batzuk arantzatsuak dira, eta zenbaiten azala, askotan, oso fina. Baina ni ez naiz inor inoren azalaren loditasuna neurtzen hasteko. Ondo geratzea inoiz helburu izan ez dudan arren – "Ororen gogara egitea da gauza nekea", Oihenart–, inor mintzea ere ez baitut jomuga izan inoiz.

Eskerrak eman nahi dizkiot UROLA KOSTAKO HITZAri neure aletxoa ereiteko aukera ematearren, nire ahotsari bozgorailua jartzearren. Pribilegio bat izan da, pribilegio horrek ere, noski, esan bezala, bere zama daukan arren. Eta eskerrak eman nahi dizkiet hilero beren iritzi zein animoekin aholkulari izan ditudanei ere. Zuena ere bada egindako bide hau.

Eta nola ez: azkenik, eskerrak eman nahi dizkizut zuri ere, irakurle horri, azken hiru urteotan bidelagun izateagatik. Agian zenbaitetan ados egongo zinen hemen aurkeztu ditudan gaien inguruan, agian idazten ari naizen honi lepoa bihurritzeko gogoa etorri zaizu beste hainbatetan. Kontziente naiz batzuetan mari-maistra tonua jartzen zaidala, baina kostatzen da betaurreko horiek kentzea ia hamarkada oso bat irakasle lanetan aritu ostean. Badakit su txikiak piztu ditudala ere, batzuetan nahita, besteetan nahi gabe. Suak bidea argitzen du batzuetan, edo zoko ilunak epeldu ere egin ditzake. Baita, ordea, zenbaitetan, triskantza ederrak eragin ere. Beraz, gaizki esanak barkatu. Hala ere, hanka sarritan sartu izan arren, dakidan ondoen aritu izan naizela jakiteak lasaitzen nau. Eta, gainera, hanka-sartzeetatik ikasten dugu ondoen. Eta niretzako Urola Kostako txoko hau zerbait izan bada, etengabe ikasteko aukera izan da. Beraz, lehen esan bezala, ez naiz damutzen; hutsegiteez damutzea baino, haiengatik ikasteari konstruktiboago baiteritzot.

Baina desbideratu egin naiz: zutaz ari ginen. Hilero-hilero bidaide izan zaitudan horretaz. Agian, besterik gabe, entretenitzeko jo duzu hileroko nire jardun honetara. Edo, zergatik ez: hain gustuko dugun eta geure-geurea dugun kirol hori praktikatzeko: maxixatzeko, alegia. Honaino ekarri zaituen arrazoi oro balekoa da niretzat (Ondo geratu nahia, azkenean? Kontraesanek bizitza osoan jarraituko naute...).

Pentsatu dut berriro hasieratik hastea ere, beste modu batera agur esatea. Baina emaitza berbera litzateke. Izan ere, urek beti itsasoan amaitzen dute.
Eskerrik asko, eta berriro topo egin arte.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide