Kaka beti izan da hitz itsusia, arrunta eta jende ezjakinarena. Zenbait garaitan idaztea ere itxura eta gustu txarrekotzat jotzen zen, eta ka… edo k.k. jartzen zuten, idazte hutsarekin zikintzeko beldur balira bezala. Sendagileek ere ez zuten ezpainetan halako hitzik hartuko, eta "obramenduekin nola gabiltza?" galdetuko zuten, sendagileei irakatsi baitzaie, aspalditik, guka hitz egin behar dutela, gaixoaren gaitzak beraienak ere badirela adierazteko edo.
Bai, kaka beti izan da arazo. Batik bat pilatzen denean. Oraindik ere gogoratzen dugu nola deitzen genion herria zeharkatzen zuen errekari: Peste, Riopeste edo Erriopest. Kakak hori baitu gauza txarretako bat, kiratsa. Hura konpontzeko zer edo zer egin beharra zegoela esan zutenean gure agintariek, zikinkeria hura guztia zuzenean itsaso barrura bidaltzea erabaki zuten, hustubide edo emisario baten bidez. Alferrik esan zitzaien
hobe zela araztegi bat jartzea. Herriak kaida gutxiegi omen zuen, behar adinako aldaparik ez tutuak hondoratu eta itsas zabalean behera bidaltzen ez baziren. Ezinbestekoa zen hustubidea.
Ordezko eskatzen zen araztegia, aldiz, ezinezkoa zen; ez bazen, behintzat, Iñurritzako han nonbait Arkimedesen torloju handi-handi bat ipintzen, eta harekin gure kakak zortzi bat metro gora igo eta errepide nagusia buru gainetik zeharkatzeko moduan jarri. Eta inori ez dio graziarik egiten geure eta auzokoen zikinkeriak gure buru gainetik pasatzeak.
Ez ziren urte asko pasatu, eta hustubidearen egokitasun eza nabarmendu zen (edo beste herri-obra bat egitea egokia ikusi), eta lehen ezinezkoa zena egin beharrekoa bilakatu. Oker ez banago, Orioko herritarrek ere araztegira bidaltzen dituzte orain beren gorotz eta isuriak, ez dakit nondik nora ekarriak eta noren buruen gainetik etorriak. Egia esan, ezta jakin nahi ere kaka kontu horiek, badaezpada…
Kaka hitzak, ordea, baditu esanahi gehiago, hedadura luzeko hitza baita, bazter asko kutsatzen dituen horietakoa.
Umeen hizkeran, esaterako, kaka deitzen zaio zikina den edozeri: kaka izan daiteke lurrera erori den sagar zatia, txupatxusa edo lurrean dagoen edozer, zikina delako edo dagoelako. Ez dakit oso bidezkoa den umeari horrelako zentzu zabaleko «kaka» hitza erakustea, baina mota horretako kakari buruz egin nahi nuke azken gogoeta.
Bost hilabete pasatu dira Zaldibarreko zabortegia maldan behera joan zela: bi pertsona eta milaka tona zakar amilduak. Zabortegi deitu diote, baina, agian, hobe litzateke zikinki-zulo esatea, edo zuzenean kaka-zulo. Asko hitz egin da gaiaz, eta ez da hau lekurik egokiena horretaz aritzeko, baina bi gauza aipatu behar ditut. Bat, ez da ahazteko kontua, nahiz eta bost hilabete igaro; gorpuak aurkitu gabe, lurrak egonkortzekotan, hondakin-gordailua handiagoa… ezinbestekoa da gertatutakoaren larritasuna beste behin gogoratzea. Eta bi, beste gai askoren artean, kaka-zuloaren ezin egonaren oinarrietako bat hara eramandako lohiak izan direla. Papera birziklatzean osatzen diren hondakinak, gure intentzio onenarekin gauzak ondo egin nahiak sortutako kaka izan dela kulpante.
Uste dut gogoan edukitzekoa dela. Gure bizitzeko erarekin planetan dauden baliabideak bi edo hiru aldizko erritmoan xahutzen ari gara, eta hondakinak, gure kakak, ez dira onak inoiz. Zeharo aldatu beharra dugu gure jokabidea, bestela dena atzekoz aurrera aterako zaigu, eta badakigu zertan bilakatzen diren gure intentzio onenak ere: dena kaka zaharra!