Uztailaren 12ko hauteskundeei buruzko inkestak

Antton Elorza 2020ko uzt. 9a, 11:58

Antton Elorzaren (Azkoitia) gutuna.

Ikerketa Soziologikoen Zentroak, edo hobeto ezagutuko dugun moduan CISek, 2020ko uztailaren 12an egingo diren Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei begira boto asmoari buruzko inkesta egin du. Bestalde, EITBk ere beste bi inkesta egin ditu maiatza eta ekaina bitartean, eta CISeko emaitzen ezberdinak lortuta ere, guztietan gehien irabaziko luketen alderdiak eta gehien galduko luketenak berberak dira.

CISen inkestan, EAJk hiru eta sei eserleku artean irabaz ditzake, eta PSEk bi eta lau artean. Galduko luketenak, aldiz, EH-Bildu, bi eserlekura arte, eta PP-Ciudadanos koalizioa izango lirateke; hauek hiru eta sei eserleku artean galduko lituzkete. Elkarrekin-Podemos izango litzateke mantenduko litzatekeena, betiere CISen inkesta horren arabera.

Bi hilabetetan egindako Euskal Irrati Telebistaren bi inkesten artean alde txiki batzuk daude, baina alderdi batzuetatik besteetara boto-trasbasea CISen inkestan jasotzen denaren antzekoa da, emaitzak gehiago aldatuko direla adierazten duten horietan behintzat.

Normalenez, jende gehienak gertuen dituen alderdiei emango die berriro ere botoa. Baina badirudi botoa aldatuko duen kopuru handi bat egongo dela, nahiz eta hauek nazioari edo klaseari dagokion joera asko aldatuko ez duten. Hori dela eta, PSE, Podemos eta EH-Bilduren arteko boto-trasbasea (ematen bada) nahiko arrunta eta neurrizkoa izan daiteke. Zer gertatzen da, ordea, inkesten arabera aldaketa handienak izango dituzten alderdien artean? Hau da EAJ eta PP-Cs koalizioaren artean?

PP-Cs alderdiari botoa emateari utziko dietenek norantz zuzenduko ote dute bada botoa: EH-Bildura? Podemosera? PSEra? Batzuek PSEra bideratu dezakete botoa, baina ez dirudi beste bietara bideratuko dutenik. Orduan, nora? EAJ geratzen zaigu, bera baita, dirudienez, PP-Cs koaliziokoak galduko dituen adina boto irabaziko dituena. Zentzuzkoa eta logikoa da hori? Ez litzateke hala izango EAJ alderdi abertzale independentista gisa hartzen badugu. Baina, eta PP-Cs koalizioari botoa eman dietenek ez badute horrela ikusten? Izango dute horretarako arrazoirik? Ala engainatuta egongo dira? Ez dut uste lehen alderdi konstituzionalistei botoa eman zietenek orain alderdi abertzale bati ematera iritsiko direnik.

Dena dela, ez dakit zenbateraino izan daitezkeen sinesgarriak inkesta horiek, ikusita behintzat aurreko hauteskundeetan zenbat asmatu izan duten. Ondorioz, zalantza geratzen zaigu helburua jendearen boto asmoa jasotzea den edo, hobeto esanda, nahita botoa bideratzea ote den.
–Antton Elorza. Azkoitia.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide