Lehen ere aritua naiz txoko honetan ipuinez eta haien magiaz, baina lagun batek galzorian dagoen otso gaiztoaren eskutitza erakutsi didanean, berriro ere gaiari heltzeko beharra piztu zait. Izan ere, haurra zela iloba bati behin eta berriz irakurtzen nion ipuin batez gogoratu naiz: Txanogorritxu eta otso beltxu zuen izena. Izenburuak iradokitzen duen bezala, otsoa ez zen, inondik ere, beldurgarria. Halako adibideak mila aurki ditzakegu egungo haur-literaturan. Ez dut dudarik egiten hobe beharrez egiten direla halako moldaketak, hobe beharrez kontatzen dizkiegula helduok txikiei halako ipuinak. Baina onik egiten diete haurrei halako kontakizunek? Bere horretan ez dira kaltegarriak, noski, baina ipuin klasikoetako otsoa desagertzeak, euren imajinariotik halako ereduak erauzteak, egiten die onik? Zergatik nahi dugu haurren garapenetik beldurgarria den oro ezabatu?
Babestu beharraren babestu beharraz, mesede egin beharrean, kalte egiten diegu. Beldurra, azken batean, lehenago edo geroago, biziko duten emozioa da. Ez du zentzurik, beraz, emozio hori edo beste hainbat ipuinetatik erauzteak, isilarazteak edo ezkutatzeak. Mundua ezagutzeko baliabide garrantzitsua dira ipuinak haurrentzat, eta negatibotzat ditugun emozioak ipuinetatik ateratzen baditugu, haurrei haien existentzia ukatzen ari gara.
Beraz, ezkutatu beharrean, zergatik ez lagundu haurrei beldurra, amorrua, gorrotoa... identifikatzen eta haiek kudeatzen? Izena ematen diegun emozioak hobeto kudeatzen ditugu ezezagunak ditugun haiek baino. Eta beldurrari aurre egiten irakasten ez badiegu, beldurrak gain hartzen die umeei aurrean agertzen zaienean. Ausarta ez da beldurrik ez duena, hura kudeatzen dakiena baino. Erakuts diezaiegun hari aurre nola egin. Erakuts diezaiegun emozioak, edozein direlarik ere, ahalik eta ondoen kudeatzen.
Irudipena baitut zenbait emozio ezkutatze hori ez dugula ipuinetan bakarrik egiten. Badu gizarte honek emozioekin halako maitasun-gorrotozko harreman bat. Oso modan daude ―hezkuntza-munduan lanean gabiltzanok ondo dakigu― heziketa emozionala eta antzeko terminoak. Baina, praktikan, zenbait emozioren adierazpena isildu egiten da eta, ondorioz, emozioak guztiz atrofiatuta ditugu.
Esaterako: Zenbat aldiz esan diogu min hartu duen haur bati: "Ez egin negarrik, ez da ezer"? Haurrak min hartu badu, min hartu du. Pasako zaiola esatea egokiagoa litzatekeela deritzot, minak ez duela betirako irauten, eta pasa artean bere ondoan egongo garela. Baina minik ez duela esatea? Zer demontre da hori? Berdin gertatzen da min emozionalekin ere. Gizartearen aurrera beti agertzen gara alai, arduragabe, zoriontsu. Guzti hori areagotu egiten dute sare sozialek, benetan sentitzen duguna poz horretatik urrun egon arren. Horrekin ez dut esan nahi gure nahigabe eta kezkak publikoki agertzen ibili behar genukeenik; baina hala egiteak ―hementxe, kasu―, ez gaituela zorigaitzeko, ahul edo koitadu egiten. Ezta gure zaurgarritasuna onartzeak ere. Azken batean, birus honek argi erakutsi baitu zenbaterainoko zaurgarriak garen. Eta susmoa dut azken urteotako krisi handienetako bat bizi izan badugu ere, geure buruari ez ote garen ari esaten umetako hura: "Ez egin negarrik, ez da ezer".
Errealitatea ukatzea, hark min ematen digunean. Bakoitzak bere buruari sentitzen dituen emozioak zintzoki onartzea aurrerapauso handia litzatekeela uste dut. Emozioak ukatuagatik ere, hor jarraitzen baitute. Eta atrofiatutako emozioek, horiek bai, guztiz suntsi gaitzaketela.