Idatzi honen bidez kexa bat aurkeztu nahi genuke Azkoitiko San Jose egoitzan duela egun gutxi izandako gertakari bat dela eta.
Gure ama egoitza horretako egoiliarra da, eta pasa den ekainaren 6an lurrera erori zen 02:00etan, eta kolpe handiak jaso zituen. Larunbata zen, eta 08:00etan artatu zuen lehendabizi erizain batek, gauetan ez baita osasun-langilerik egoten egoitzan. 11:00ak aldera deitu ziguten egoitzatik, gertatutakoaren berri emanez eta ez kezkatzeko esanaz, kolpeetatik aparte ondo zegoela eta. Amari telefonoz deitu eta berarekin hitz egin ondoren, egoitzako erizainarekin jarri ginen kontaktuan, amak buruan hartu zuen kolpeagatik eta hango minez kexatzen zela adieraziz. Handik bi egunera—astelehena—, medikua etorri zenean egoitzatik deitu ziguten, amari ikuskapen zehatzagoa egiteko Zumarragara zeramatela esanez.
Zumarragan amari azterketa egin eta txostenean L3 ornoan edo bertebran haustura zuela azaldu ziguten tratamendua eta traumatologoarentzako hitzordua ipiniz.
Horrela, larunbat goizeko erorketa hark asteleheneko txosten kezkagarri hura ekarri zigun bueltan. Guri ez zaigu iruditzen normala eta bidezkoa ama erori zenetik txostena jaso arte San Jose egoitzan kasu honi emandako trataera.
San Jose zentroko egoiliar familiarren artean nahigabea eta atsekabea sumatzen da une askotan, bertako funtzionamenduak gabezia asko baititu. Gauza jakina da, bestetik, bertako erizainek eta bestelako langileek ez dutela honen guztiaren inolako errurik, horiek lan bikaina egiten baitute, are gehiago, beren lan baldintzak kontuan hartzen baditugu.
Badakigu, beste egoitzetan bezala, San Jose egoitzak ere bere protokolo batzuk jarraitu behar dituela hainbeste arlotan, eta horien artean baita osasun asistentzian ere. Hori horrela, eta guk Azkoitiko San Jose egoitzan ikusten ditugun gabeziak kontuan izanik, honako iradokizunak azaltzea beharrezkoa ikusten dugu, zentro honen funtzionamendua hobetzeko baliozkoak izango direlakoan:
- Egoitzako zerbitzuaren ereduan aldaketa sakona eman behar da, bertako egoiliarren zaintzari eta bizi baldintzei benetan eman behar zaien garrantzia emanaz.
- Zentroaren kudeaketa eta bertako egoiliarren eta langileen duintasuna kontuan hartuko dituen instituzio arduratsuen inplikazioa behar da.
- Bertako arreta kalitateak, egoiliarren eskubideak eta behar guztiak asetzeko modukoak izan behar du.
- Koordionazio sozio-sanitario eraginkorra, errealista eta integrala behar da.
- Horrelako egoitza batek duen funtzio publikoa kontuan hartuta, bertan dauden egoiliarren osasuna eta ongizatea jarri behar dira erdigunean.
- Honelako zentroek publikoak izan behar dute, eta ez kontrolik gabeko enpresa pribatuen negozioa.
Era beran, arduradunei eskatuko genieke ardurei ihes ez egiteko eta egoitza honen jarraipena zuzen emateko. Uste dugu, sentsibilitate batekin eta gizatasun dosi handiagoarekin kudeatu behar dela hau bezalako proiektu garrantzitsua.
Azkenik, egoitzak bere izaera eta bera izateko arrazoia kontuan hartuz, lerro hauetan azaltzen duguna hausnar dezaten eskatzen diegu egoitzako kudeaketaren ardura zuzena duten instituzioei.