Edo maxixatzen, azkoitiarrek esango luketen modura. Gure bizitzako zenbat denbora pasatzen ote dugu horretan! Marmarrean. Azpiak jaten. Kritikatzen. Murmurikatzen. Gaizki esaka. Esamesaka. Txutxu-mutxuka. Zerrendak jarraitzen du. Euskaldunok ekintza hori definitzeko hainbeste hitz baditugu, zerbaitegatik izango da.
Hementxe, urrutira joan gabe, neroni, hilabetea joan eta hilabetea etorri, iritzi-zutabeak horretarako ematen duen aitzakiaz baliatzen. Baina zergatik kritikatzen dugu? Nondik dator besteak etengabe epaitzeko behar hori? Zer helburu dauka? Noski, ez naiz ari kritika konstruktiboaz; kritikak, konstruktiboa bada –ez nahitaez positiboa–, konponbideak eman behar ditu, alternatibak. Haren helburua kritikatutako hura hobetzea da, izan egoera edo pertsona. Halako asmo oneko kritika gutxi ikusten dut inguruan.
Itxialdi honetan makina bat protestari boza eman diogu. Erraza da gaizki zer dagoen ikustea. Besteak hanka non sartu duen seinalatzea. Baina zergatik da hain erraza besteengan ikustea, norberak egiten duenean onartzea hain zaila den kontua? Adituen esanetara, kritikarako arrazoi nagusienetako bat proiekzio negatiboa litzateke. Alegia, besteengan ikusten ditugun ekintza deitoragarri horiek, alderdi itsusi horiek, geuk ere badaramatzagula barnean; baina norbere akatsak onartu baino, errazagoa dela besteengan haiek azpimarratzea.
Ez da, antza denez, marmarka aritzeko arrazoi bakarra. Askotan, kritikatzaileak besteen gainetik dagoela sentitzeko egiten omen du kritika, eta gutxiagotasun-konplexuarentzako antidoto aldrebes hori erabiltzen mundu honetan norbait dela sentitzeko. Hain zuzen, bekaizkeriak edo jeloskortasunak bultza gaitzake kritikara, eta, oso maiz, emakumeon jarduera ia esklusibotzat jo izan da. Ala ez dugu askotan entzun emakumeok garela kritikoenak beste emakumeekiko? Emakumea dela emakumearen arerio gogorrena? Mihigaiztoa izatea geure izaeran baletor bezala. Baina dena, den-dena, ikasi egiten dugu. Eta behin makina martxan jarrita, errepikatzen diren moldeak eta jokaerak erreproduzitzea ez da zaila. Moldeak hausten asmatu behar, ordea. Hala ere, ez dut uste bereziki emakumeok kritikatzaileagoak garenik, hori sinestarazi nahi izan badigute ere. Izan ere, teknologia berriek eta Internetek eskainitako anonimotasunak kritikarako joera hori areagotu baino ez dute egin, eta anonimotasun horren atzean ez dut uste genero bat besteari gailentzen zaionik.
Eta, ez naiz aditua, baina esango nuke ohituraz ere asko kritikatzen dugula. Inguruari edota inguruko gertakari zein pertsonei buruzko iritzi merkeak botatzera ohitu egiten da bat. Gobernuak konfinamenduari buruz hartutako neurriak kritikatzetik pasa gintezke ondokoak konfinamenduan hartutako kiloei buruz jardutera. Naturaltasun osoz, eta askotan gaizki ari garenik pentsatu gabe. Zeharo barneratua dugulako, eta kritikatuak entzuten ez badigu, inor kaltetzen ez dugulakoan, gainera. Baina adituen esanei kasu egiten badiegu, pentsatu beharko genuke kritika bat jaurtitzen dugunean, dardoa benetan norentzat doan. Kritika, nahiz eta inoren belarrietara ez iritsi, benetan kaltegabea ote den. Konturatuko ginateke dardo hori jaurti aurretik mihiari kosk egingo bagenio, zein zapore duen pozoiak.
Hainbat pentsaera eta jokamolde reseteatzen ikasi dugun honetan, ikasitakoa desikasten aritu garen honetan, hain barneratua dugun ohitura nazkagarria erauzten saiatuko bagina, behintzat! Inoren ibilera kritikatu aurretik, haren zapatekin kilometro batzuk egingo bagenitu, sikiera!