Izan gaitezen zentzudunak

Azkarate Garbi auzotarrak 2020ko mai. 15a, 10:28

Azkoitiko Azkarate Garbi auzotarrek honako gutun hau bidali dute Urola Kostako Hitzara: 'Izan gaitezen zentzudunak'.

 
Hondakin ez arriskutsuak kudeatzeko gunea eraiki nahi dute lekua, Azkaraten.

Jakin dugunez, Azkarateko Hondakin gunearen aldeko sinadura bilketa bat jarri dute martxan eraikuntzako gremioek.

Ez dago zalantzarik hondakinen gaia, benetan gai konplexua dela. Egun daramagun bizimoduarekin sortzen dugun hondakin kopurua izugarria da eta aldaketa klimatikoa eta kutsadura dira gaur egun ditugun erronka garrantzitsuenetako batzuk.

Hori dela eta, gaiaren konplexutasuna eta ingurunean eta bertan bizi garenongan duen eragina kontuan izanda, ez dugu uste hondakinen gaia presaka eta interes pribatuak tartean direla kudeatu behar den zerbait denik.

Alkateak birziklatzearen aurka nor dagoen galdetzean, proiektu horrekiko oniritzia lortzea besterik ez zuen nahi baina horren atzean dagoen guztia ere ezagutu eta kontutan hartu behar dela iruditzen zaigu, helburua gauza bat baita eta hori lortzeko erabiltzen diren moduak eta tartean dauden interesak beste batzuk.

Birziklapena eta ekonomia zirkularra behar beharrezkoak dira, baina hau ez bada era egoki batean egiten, ondo aztertutako proiektu batekin eta irabazi asmoa alde batera utzi eta gure planeta eta bizi garenon etorkizuna kontuan hartuta, proiektu horiek ez dira behin ere sinesgarriak izango. Horixe erakusten digu gure herriaren historiak ere, behin eta berriro akats berberak egitera kondenatuta egongo bagina bezala. Horren adibiderik garbienak dira Oñeder eta Zaldibar.

Udaleko Imanol Arrizabalaga zinegotziak Izarre-Jandoloko gunearen inguruan egindako azken adierazpenetan, berriro ere eraikuntzako hondakinekin gremioek duten arazoa aipatzen du eta baita etxean egindako obra bera baino garestiago atera litekeela bertan sortutako hondakinen garraioa ere. Guk honakoa galdetu nahi genioke: Zer prezio du gaizki egindako hondakinen gestioak? Zer prezio du guztiz kutsatutako ingurune batek? Zer prezio du osasunak? Eta bizi kalitateak? Zer prezio du gaizki egindako hori zuzendu nahiak?

Beste era batera esanda, interes partikular edo pribatuentzat garestia bada hondakinen gestioa, gestio okerrak sortutako ondorioen kostua kalkulatu al duzue? Kaltetutako bizitzak, hondamendi horietara zuzendutako diru publiko guztia, guztiz kutsatutako lursailak...

Izan gaitezen zentzudunak eta utzi ditzagun banakakoen interesak alde batera. Hondakinen gestioa garestia bada, hauen gestio okerrak eragindako ondorioak balora ezinak baitira.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide