Aukerez mintzoko naiz oraingoan, Maiatzaren Lehenaren atarian, eta zalantzarik gabe, beltz itxura duen eszenatoki baten atarian. Are beltzagoa izan badaiteke, behintzat.
"Erortzen ari den gizarte baten historia da, eta erortzen doan heinean etengabe errepikatzen dio bere buruari, lasaitzeko: oraingoz dena doa ondo, oraingoz dena doa ondo... Baina garrantzia duena ez da erorketa, lur-hartzea baizik", zioen zuzendari ezezagun batek film ezezagun baten harira. Eta gure kasuan, gogorra izan da lur-hartzea, eta zaila maniobratzea. Egun batetik bestera etxean giltzaperatu gaituzte, eta etsia hartzera behartu. Beste inolako aukerarik eman gabe: konfinamendua eta ezarritako neurriak bete, eta itxaron. "Krisialdia pasatu eta normaltasunera bueltatu arte". Ustez anomalia izan den gaitz hau sendatu arte, balkoietako barroteetatik behatzera kondenatuak.
Alarma egoerak aurrera egin ahala, bortitzak izan dira COVID-19ak jotako biharamunak. Bidegurutze makabroetan zirt edo zart egin behar izan dute askok: lanera joan eta gaixotzera arriskatu, edo lana galtzera arriskatu. Lanera joan eta arriskatu, edo alokairua eta jatekoa ordaintzeko dirurik ez izatera arriskatu. Etxean zimeldu eta ezarritako neurriak bete, edo polizien indarkeria jasatera eta milaka euroko isunak ordaintzera arriskatu. Tratu txarren emaile den bikotekidearekin 24 orduz itxita egon, edo atera eta bizilagun salatarien begiradak eta txistu-hotsak sufritu. Aukera zein baino zein makurragoak, guztiak. Eta "aukeratzeko zortea" izan ez dutenak ere badira: lantokietan zuzenean kaleratuak izan direnak, pertsona etxegabeak izanik nora jo ez dutenak...
Kaleak militarrez eta poliziaz josita dauden honetan; patronalak eta askotariko instituzioek inolako mugarik gabe jokatzen duten honetan (langileak kanporatuz, segurtasun neurririk gabe lanera joatera behartuz...); protesta egitera ere kalera atera ezin dugun honetan; egunero milaka pertsona gaixotzen eta hiltzen diren honetan; osasun-larrialdia baliatuta eta gu ia ohartu gabe, genuen apurra lapurtu diguten honetan, milaka aurpegi ditu sufrimenduak. Milaka aurpegi, baina finean, ez hain ezezagunak: krisi honetan ere, berdinok sufrituko ditugu, gure azalean, jipoiaren ajeak. Oraingoan ere, langile klaseak jarriko ditu eriak eta hildakoak: izan lanean jarraitzera behartu gaituztelako, lanera joan beste erremediorik ez dugulako, lanik gabe eta miseria
gorrian geratuko garelako, edo kolapsatutako eta industria anitzek esku hartutako osasun sistemak mirariz salbatu ez gaituelako. Oraingoan ere haragia eta odola gure kontu, eta haiek eta haien instituzioak, erabakimen osoaren jabe. "Normaltasuna" itzuli dadin "guztiok" egin beharreko sakrifizio horretan, batzuek labana eusten dute, eta besteok haragian sartzen somatzen dugu.
"Oraingoz dena doa ondo, oraingoz dena doa ondo...". Orain arte, baina, dena joan da ondo? Zein zen "normaltasuna" krisialdi berri hau hasi aurretik? 2018. urtean, EAEn 132.431 pertsona zeuden pobrezian. Espainiako Estatu mailan, 13.612 etxe kaleratze izan ziren 2019ko azken hiruhilekoan. EAEn 1.415 familia artatu zituen Gurutze Gorriak 2019an, eta horietako %50 behartuta zeuden elikadura egoki baten edo etxeko tenperatura egoki baten artean aukeratzera, baliabide faltagatik. Otsailean, jada 151.214 ziren langabetuak Hego Euskal Herrian (martxoaren amaieran 14.364 gehiago ziren). Lana dela-eta, munduan 2,78 milioi pertsona hiltzen dituzte urtean.
Normaltasunean ere, ez gaude salbuetsita ustez salbuespenezkoa den krisialdi hau ezaugarritu duten arazoetatik. Lan baldintza ankerrak, langabezia, alokairua ordaintzeko ezintasuna... Gero eta aho gehiagotara iristen den eguneroko ogia dira guretzat, eta etorkizun hurbilean, ez dirudi itxaropenarentzat toki gehiegi dagoenik. COVID-19ak paisaia ilun hori garden eta gordin ikustea ahalbidetu du, baina nola da posible hainbat urtean behin krisi egoeran sartzea? Azken hamar urte eskasetan, bi krisialdi larri bizi ditugu. Baina guretzat, bizirauteko gure gorputza eta denbora saltzera behartuta gaudenontzat, langile klasearentzat, zerk desberdintzen ditu krisia eta normaltasuna? Beti gara kolpatuak, anormaltasun nahiz normaltasunean. Horixe da norma. Baina prest gaude krisi oro anomalia modura ikusteari utzi eta guretzat ohikoa dena, onartuta duguna, zalantzan jartzeko?
Hasieran esan bezala, aukerez mintzoko naiz gaurkoan, Maiatzaren Lehenaren atarian. Langileon Nazioarteko Egunaren atarian. Mundu honetara jaio eta jaurti gintuzten unetik, aukera bakarrek ardaztu dute gure bizitza, aukera sorta faltsu baten irudipean. Jaio. Lana. Hil. Biziraun nahi badugu, hozkailua hutsik izan nahi ez badugu, aterpe bat izan nahi badugu... Gure patua esku arrotzetan uztera derrigortuta gaude. Horrek ere batzen baitu langile klasea: bere kontrolpeko baliabideen faltan, biziraun ahal izateko, dependentzia eta sumisio forma (itxuraz) desberdinetara azpiratu behar izateak. Bere erabakimenetik harago doazen prozesuetara menderatu behar izateak. Aroz aro eta krisiz krisi.
Dependentzia, gure gorputza soldatapeko lan kontratu (ez beti ofizialak) bidez hipotekatzera behartuta gaudenean. Dependentzia, lan baldintza krudelak onartzera derrigortuta gaudenean; hamar metroko altueran babes neurri eskasekin lanean, 24 orduz zaintza-lanetan usteltzen, euro baten truke pizzak garraiatzen, edo zerbitzari modura tabernetako terrazak goitik behera ibiltzen. Dependentzia, ustez gure erabakimenaren pean lanean ari garenean, baina ezarritako baldintza, erritmo eta beharrei erantzun behar diegunean. Dependentzia, bizitzeko, instituzioen limosnen ("prestazioen") menpe gaudenean. Dependentzia, kale bazter ikusezinetan bizi beste erremediorik ez dugunean; edo dependentzia, zabor artean txatarra bilatu eta saltzera, edo jan ahal izateko dendetan lapurtzera behartuta gaudenean.
Esku arrotzetan daude gure bizitzak, langile klasearentzat, ez baitago burgesiarena baino esku arrotzagorik, eta burgesiak kontrolatutako aparatuak baino tresna hilkorragorik, "osasun-krisialdi" honetan ikusi denez. Burgesia baita, kosta ala kosta eta bandera baten edo bestearen pean, gure azken izerdi tanta ere xurgatua izan dadin, mekanismorik odoltsuenak sortzeko gai dena; eta bere ordena, boterea eta patrikak onik atera daitezen, pentsaezinak ziruditen neurriak asmatzeko gaitasuna duena, gu hiltzeko eta hiltzen uzteko punturaino.
Historiak behin eta berriz erakutsi baitigu noren esku eta menpe dagoen mundua, eta noren bizkar eraikita dagoen. Nor moldatuz eta zigortuz segitzen duen martxan gori-gori dagoen makineriak, eta nor zapaltzen duen. Guretzat neketsua da historiaren zama, ez baita asteotako kontua. Eta historiari zor: uneotan burgesiaren adierazpen desberdinek "guztion osasuna eta ongizatea bermatzeko" ezarri dituzten salbuespen neurriek, ez dute etorkizuneko eszenatokia haientzat are mesedegarriagoa izatea beste helbururik. Orain lapurtutakoa ez baitigute itzuliko "normaltasunera" bueltatzen garenean, eta hilzorian agertoki berrira egokitzen hasten garenean, are lotuago eta kolpatuago egongo gara, orain martxan dituzten neurri guztiei esker.
Aukerez mintzoko naiz gaurkoan. Etengabeko heriotzez eta gaitzez betetako errealitatean, funtsean, hil ala biziko bi aukera erreal baino ez daude: erraietan dependentzia ezkutatzen duen mundu hau "normaltzat" hartzen jarraitzea, ala auzitan jartzea. "Oraingoz dena doa ondo" ilusio faltsua baztertzea, eta bestelako harremanek ardaztuko duten mundu baten beharrezkotasunaz ohartuta, horretarako urratsak egitea; gu bezala gatibu dauden bizilagunak kalera irten direlako haserretu beharrean, bizi dugun etengabeko miseriaren benetako erantzuleak seinalatzea, gorrotoa nahiz mina politizatuta. Sumisioari uko egitea. Bi aukera erreal baino ez: haiek, ala gu. Bi aukera erreal baino ez: sozialismoa, ala basakeria. Eta finean, hautu bakar bat, miseriaren erdian.