Ea nola azaltzen diegun ezetz

Aritz Mutiozabal 2020ko api. 24a, 11:42

Koktelera polita sortu dute itxialdia hasi denetik. Datu beldurgarriak, intimidatzaileak kasik, itxaropen mezu sasi-solidarioekin. Lortuko dugu, eutsi goiari, resistire. Bien bitartean, txalo zaparradak... Beraiek dira gure heroiak, egoera lazgarri honetan bizitza ematen ari direnak. Eta gogoratzen zara zenbat aldiz joan zaren anbulatoriora, larrialdietara, berandu hartu zaituzten, txakur aurpegiarekin artatu, aulkitik ere altxatu gabe, ez zeneukala ezer esan... Ba gaur ez dut txalorik egingo, alaporai!

Dena gaizki iruditzen zaidala? Ez da hala. Beno, pixka bat bai... Baina eman diezaiogun pause botoiari eta hausnartu dezagun perspektibatik. Berrogeialdia hasi zenean euforia puntu bat gailendu zen guregan: "Begira ze bizkotxo ederra prestatu dudan"; "Eta nik ze bizeps gihartsuak ditudan gym plangintza honekin"; "Isildu-isildu, nire abesti ederra entzuteko"; "Emaiozu datsegit nire seme-alabekin egin dudan eskulan moloiari"; "Aizue, munduko denbora osoa dut Netflixeko telesail guztien kredituak buruz ikasteko!".

Pixkanaka megak agortzen joan zaizkio sakelakoari, eta beste plataforma batera igo gara: balkoira. Han hasi dira batzuk trikitixa jotzen, beste batzuk David Guettarena egiten, eta Aste Santuan Benidormera joan ez direnak bingoko zenbakiak ozen-ozen esaten. Baina ez, dezibelioen langa pasatzen dutenei ez diete isunik jartzen, espaloia nolakoa zen gogoratzeko ateratzen direnei bakarrik. Eta nire etxeko terrazatik ikusten den film bakarra Patrulla Canina da. Gero eta txakur handiagoa izan, orduan eta patente de corso handiagoa duzu.

Aldiz, txakurrik ez dutenak sekulako inbidiarekin daude. "Eta gu, zer?". Hori bera galdetu zidan semeak duela aste batzuk. Ea zergatik ezin zuen kalera atera. Kokoteraino zegoela etxean egoteaz. Eta begira egin ditugula gauza ezberdinak, beti marmotaren eguna izan ez dadin. Aurreko astean eman nion berria: "Astelehenean, astelehenean!" Ametsetan hasi ginen patinetearekin, baloiarekin, erraketarekin... Salvador Illa jauna Freddy Krueger balitzan etorri zen arte: supermerkatura, bankura eta farmaziara bakarrik. Whatsappeko taldean norbaitek aztoratuta esan zuen: "Lehen haurra hiltzen den arte!". Irribarrea atera zitzaidan, sistemak barneratu digun koktelera honek nola astintzen gaituen ikusita.

Ordu batzuk geroago, gizarteak eragindako presio eltzearen eraginez, Espainiako Gobernuak kantzontziloak jaitsi zituen: "Paseatu ere ahal izango dute". Zalantza dut, halere, nork gozatuko duen gehiago aukera honekin, etxeko txikiek ala geure barruan daramagun haurrak. Benetan nork duen behar gehiago. Izan ere, orain konturatzen gara irakasleek egiten duten lanaz, eta horiei bai egingo niekela txalo dozena bat gremlin egunero toreatzeagatik. Adi, gainera! Haurrek kalera atera nahi dute, bai, baina beraien lagunekin jolastera. Ea nola azaltzen diegun ezetz.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide