Ama Lurraren Nazioarteko Egunaren harira

Urola Bizirik Natur Taldea 2020ko api. 22a, 08:10

Gaur, apirilak 22, Ama Lurraren Nazioarteko Eguna da. Horrela izendatu zuen Nazio Batuen Erakundearen Batzar Orokorrak 2009an.

Gaur, apirilak 22, Ama Lurraren Nazioarteko Eguna da. Horrela izendatu zuen Nazio Batuen Erakundearen Batzar Orokorrak 2009an. Eta honela zioen izendapen
ebazpenak: (...) Lurra eta bertako ekosistemak gure etxea direla onartuta, eta egungo eta etorkizuneko belaunaldien behar ekonomiko, sozial eta ingurumenekoen arteko oreka justua lortzeko, naturarekiko eta Lurrarekiko harmonia sustatu behar dela sinetsita, Aitortuta, halaber, Ama Lurra esamolde komuna dela Lur planeta hainbat herrialde eta eskualdetan aipatzeko, eta horrek erakusten duela gizakien, gainerako espezie bizien eta guztiok bizi garen planetaren arteko elkarrekiko mendekotasuna, (...).

Testuak adierazten duen bezala, kultura askotan Lurra ama da, bere semeak garelako, beragandik sortu garelako. Azken finean, Lurra izarretako hautsetik sorturikoa da, eta gu ere hauts horren produktua gara. Ez al gaude ba guztiok loturik? Elementu txikienetik handieneraino jatorri bera dugu. Grekoek (Gaia), mesopotamiarrek (Inanna/Ishtar) edo inkek (Pachamama) horrela uste zuten. Baina guk aspaldi utzi genion hori sinesteari. Azken 50 urteetan, inoiz baino gehiago, gizakiok Lurrarengandik, gure amarengandik, urrundu egin gara. Berarekin genuen konexioa eten egin dugu. Ikuspegi guztiz ekonomikoa, produktibista, epe motzera bideratutakoa, nagusitu da gure bizitzetan. Gizakia bere zilborrari begira bizi izan da, amarekin duen lotura ahaztuta, zilbor horretatik eman dionari jaramonik egin gabe.

Egun, COVID-19ak sorturiko egoera honekin, agian batzuk ikasi dugu natura gehiago baloratzen eta bere beharraz jabetu gara. Zaila egiten ari zaigu konfinamendua, bai. Oso zaila. Irten nahi dugu, kalea zapaldu, pasiera egin, mendira igo... Baina, gizakiok geure lau pareta artean hainbat egun daramatzagunean, ez al dugu ikusi natura bereak izan diren espazioak berreskuratzen? Ez al dugu etxeko leihoetatik zuhaitzen eta landareen piztuera antzeman? Edota ilunabar zoragarriak ikusi? Edo zeru benetan urdinak, hegazkinen arrastorik gabekoak? Eta ez al dugu naturaren soinuekin gozatu? Trumoiak, txoriak...?

Komunikabideek erakutsi digute egun hauetan India iparraldeko eskualde batean bizi diren biztanleek azken 30 urteetan poluzioak estalitako Himalaiako gailurrak berriro bistan dituztela COVID-19ari esker. Tamalez.

COVID-19ak mundu mailan sorturiko zurrunbiloak agian ikuspegi berri bat ekarriko digu. Gizaki batzuk, planetaren iparraldean bizi garenok gehienbat, geure aspektu materialak aseta ditugula bizi gara baina, zeren truke? Izurri honek balantzan beste aspektu batzuk jarri ditu errealitatea orekatzeko.

Adituak etorkizun berdeago batean pentsatzen ari dira jada. Horren beharra ikusten dute, ertzean baikaude, suizidio kolektibo baten atarian. Inozoak izango gara sortu zaigun aukera aprobetxatzen ez badugu. Birus mikroskopiko honek gure tokian ipini gaitu, geure mundua hankaz gora jarriz. Zer ez da gertatuko hemendik urte batzuetara, ez hainbeste, gure planeta guztiz hondatuta uzten dugunean? Zerbaiterako balioko al digu orduan etxetresna hoberenak, kotxe garestienak edo etxebizitza handienak izateak?

Momentu hauetan ikuspegi zabalagoa behar dugu. Planeta ezin daiteke bakarrik lehengai-iturri edo zabortegi izan. Gehiago da: gure ama, gure etxea, gure babesa... Naturarekin eta gure planetan dagoen biodibertsitate guztiarekin era harmoniotsuago batean bizi behar dugu. Zenbat iraun dezakegu espezie bezala bera errespetatu gabe? Planeta bakarra dugulako. Ama bakarra dugulako. Zorionak Ama, zure egunean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide