Whatsappak su hartu zuen atzo goizean: “Baina zer arraio da hau?”. Albistea taldez talde pasatu zen, eta era horretan jakin zuten azkoitiarrek beren udalerrian askotariko hondakin ez arriskutsuak kudeatzeko azpiegitura bat ezartzeko baimena eman ziola Laker 360 SL enpresari Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak.
Dakigunez Diario Vascokoak izan dira lehen hitz ofizialak. Badirudi, Azkoitiko EAJ kenduta, beste alderdi politikoen ordezkariek ere ez zekitela ezer kontu honi buruz. Horregatik, alderdi horiek Bozeramaile Batzordea biltzeko eskatu zuten atzo eguerdian. Arratsaldean, berriz, EAJko, PSE-EEko eta Azkoitia Bai-ko ordezkariek ohar bateratua kaleratu zuten Maxixatzenen, azkoitiarroi enpresa honen asmoei buruz herritik datozkigun lehenengo berriak eman eta lasaitasuna helarazi nahian.
Eskuraturiko dokumentazio guztia aztertu ondoren (EHAA), Urola Bizirik natur taldeak egoera honen aurrean hauxe adierazi nahi du:
- Balorazio plantaren helburua EZ da obretako materiala bakarrik sailkatzea, eraldatzea eta berrerabiltzea. Zerrendan eraikuntzetatik eta eraispenetatik ez datozen hondakinak ere azaltzen dira: udalerrietako gaikako bilketetako ontzien hondakinak (kartoizko, plastikozko, zurezko, metalezko, beirazko ontziak; nahasketa bituminosoak, harrikatz- mundruna eta beste produktu mundruneztatu batzuk); metalak (kobrea, brontzea, latorria, beruna); gaika jasotako frakzioak (papera, kartoia, beira, jantziak, ehunak, plastikoak); udal-hondakinen nahasketak eta errepideen garbiketako hondakinak. Guztira, 183.000 tona urtean. ?
- Ingurumen eta Lurraldearen Sailak, 2008ko ebazpenean, Oñeder S.A.ren zabortegiari baimena eman zion, dokumentazio tekniko guztia aztertu ondoren. Gero, ordea, denok dakigu benetan zer gertatu zen han; beraz, dokumentazio teknikoa horixe da, teknikoa. Hondakin arriskutsuak lurperatzen ari zirenaren ebidentzien aurrean udalean irekitako espedienteek ez zuten ezertarako balio izan Azkoitian. Gogoratu, besteak beste, molibdenoa, substantzia kantzerigenoa, eta beruna isuri ziren han. Biak halako instalazioetan kopuru onartezinak diren kopuruetan bota ziren. Gainera, kasu hartan gauzak haragokoak ziren: badirudi, Hierros Eginoren zabortegiaren bazkide kapitalistetako bat izan zela IHOBE S.A. Ingurumen Saileko sozietate publikoa. Administrazioa bera zen enpresako bazkidea, baina ez zuen ezer egin zabortegi haren kudeaketa zaintzeko. Zabortegia itxi zuten, enpresa desegin zuten, baina hondakin toxikoak isuritako tokian egongo dira: azkoitiarrekin, betirako.
Etorkizunak eskatzen duen ekonomia zirkularrean, ezinbestean hondakina ondo kudeatu behar dela uste dugu, noski. Zoritxarrez, kudeaketa askotan ez dela ondo egiten erakutsi ditu errealitateak orain dela gutxi; oso modu gogorrean erakutsi digu, gainera. Zeinek ikuskatzen du benetan kudeaketa egin behar den bezala egiten ari direla? Enpresek? Horiek beren etekin ekonomikoan besterik ez dute pentsatzen! Non egongo da administrazioa? Badakigu noizean behin ikuskari batzuk izango direla hondakinak kudeatzeko plantan. Normalean, baina, ezer arrarorik gertatzen ez denean behintzat, aurretik abisatuta egiten dira bisitak.
Azkoitiko udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztiek izan behar dute eskuragarri ikuskaritza eta kontrol plan osoa (erakunde publikoak, IHOBE, Osalan...) eta hori betetzen denaren egiaztatze bisitak egiteko aukera.
Ingurumena zaintzea eta herritarron osasuna bermatzea da gure helburuetako bat. Beraz, berri honen aurrean naturala eta ulergarria iruditzen zaigu azkoitiarrok izan dugun erreakzioa. Gainera, murgilduta gauden egoera ikusita, horrelako albiste baten aurrean xehetasun zuzenak izatea oso zaila izaten da (kasualitate hutsa?). Alde batetik, lasaiago gaude EZ delako zabortegi bat izango. Bestetik, (dokumentazioa irakurtzeko denbora justua izan dugu) oraindik gure kezkak dauzkagu hondakinen kudeaketa benetan era egokian egingo den. Barkatu gehiegizko zuhurtziaz jokatzen badugu (agian, mesfidantza deituko diozue), baina, zoritxarrez, Euskadin hondakinen inguruan muntatu den negoziotik heltzen diren albisteek horrela egin behar dugula erakutsi digute.
Ingurumen osasuntsu baten alde lanean
UROLA BIZIRIK NATUR TALDEA