Google Maps bera ere ez da gauza izan esateko zenbat kilometro dauden Txinako Wuhan hiriaren –Koronabirusaren lehen kasua antzeman zuten lekua– eta Zumaiaren artean. Seinale munduaren beste puntan dagoela eta goi mailako teknologia duten sateliteak ere ez direla gai informazio hori emateko.
Ez naiz tertuliano plantak egiten hasiko: askok, gehientsuenok bezala, nik ere ez nien kasurik egin Txinatik zetozen abisuei. Bai, Zigor Aldama kazetariak idatzitako erreportajeak irakurri nituen, baita Twitterren argitaratzen zituen txioak ere. Baina, azken finean, gerora pandemia bihurtuko zenaren lehen urratsak hemendik milaka kilometrora ari ziren gertatzen, beste gizarte batean, beste kultura batean, beste mundu batean, katuak, txakurrak eta animalia arraroak jaten dituzten herrialde batean. Nola helduko da bada honaino! Gaitza Iranera ere heldu zen, baina beno, Asia da, herrialde musulmana, eta ez zegoen zertan urduri jarri beharrik (krisialdi honek arrazista samarrak garela ez al du agerian utzi?).
Italiako lehen kasuen berri izan genuenean, hor bai, muturra altxa genuen, eta agian, akaso, arriskua benetakoa izan zitekeela pentsatzen hasi ginen. Gero etorri ziren Tenerifeko lehen kutsatuen albisteak. Gogoratzen hoteletik atera ezin zutela erakusten zuten bideo haiek? Orduan ere brometan hartu genituen gauzak, eta baita nik ere.
Baina birusek ez dute ez mugez ez aduanez ulertzen. Birusa aire bidez heda daiteke, eta hegazkinez ere bidaia dezake. Gurea bezalako mundu globalizatu batean, ordu gutxitan egon gaitezke lurraren beste ertzean, eta, jakinda edo jakin gabe, birusa gurekin eraman. Eta hemen dugu bitxoa, bereak eta bi egiten. Eta nola harrapatu gaitu honek? Galtzak txorkatiletan ditugula. Arazoa ez zuen inork serio hartu, ez guk, ez gure agintariek ere, eta ospitaletan, egoitzetan eta beste zentro batzuetan ikusten ari garen material gabeziak hala erakusten duela esango nuke.
Aste hauetan itxialdian gaude, Espainiako Gobernuak hala behartuta, martxoaren 14-15eko asteburutik. Printzipioz apirilaren 12ra arte luzatuko omen da konfinamendua. Denok hori nahi dugu, amesgaiztoa behingoz buka dadila. Baina, errealistak izanda, pentsa dezakegu honek luze joko duela oraindik.
Italian bizi den Iñaki Olaizolak asko gustatu zitzaidan esaera bat kontatu zuen. «Gure aitonei gerrara joateko esan zieten, guri etxean geratzeko esan digute». Eta hala da. Etxean gaude itxialdia betetzen. Gizakiaren alde onena ikusten ari gara egun hauetan, baina baita okerrena ere. Adibidez, nondik atera zaigu txibatoa izatearen grina hau?
Egunen batean bukatuko da hau ere, eta askatasun osoarekin aterako gara berriro kalera. Baina nola? Nola aterako gara birus mikroskopiko batek sortutako mundu mailako krisialditik? Eskerrak gripe antzerako bat zen...