Izenburua irakurtzea bakarrik nahikoa da jakiteko nondik norakoa izango den Puntuka honetako idatzia. Ez dut batere gustuko ahotan bolo-bolo dabilen albiste bat hartzea gai leiho honetatik zabaltzeko, nahiago dut berri zaharra izatea, ondua, berrogeialdia pasatzen utzitakoa. Esaterako, joan zen hilean Zaldibarko zabortegiaren kontuak ez aipatzea erabaki nuen, iruditu baitzitzaidan hasierako suak (zabortegikoak eta gaiaren egunerokotasunaren suak), itzalitakoan oraindik ere emango luketela hortaz patxada handiagorekin hitz egiteko aukera. Baina ezin ihes egin bizi dugun giro honetatik, bizitzako egun gogoangarri izango ditugun konfinamenduzko hauetatik, eta aipatu egin behar ditxosozko COVID-19a.
Txinako Wuhandik etorria omen da, eta oraindik nor izan zen lehen kutsatua seguru ez bada ere, badirudi saguzar batetik pertsona batengana "salto" egindako birusa dela. Zientzialariek behin eta berriz abisu emana zuten birusak izango zirela, neurri handi batean, XXI. mendean menderatu beharreko gaixotasunen sortzaile, bakterioek eragindakoak nahiko ezagunak eta, gizarte aurreratuetan, behintzat, sendatzeko modukoak bilakatu baitira.
Birusei aurre egiteko bideetako bat, erabiliena eta eraginkorrena, txertoa da. Txertoa hartu ondoren, gaixotasun jakin baten aurkako antigorputzak sortuko ditugu, eta antigorputz horiek gai izango dira benetako gaixotasunari gogor egin eta menderatzeko. Txertatu gabeak ez ditu antigorputz horiek, eta lan latzagoa izango du borroka horretan. Baina zer gertatzen da birus berri bat agertzen denean, animalia batetik (ugaztun edo hegazti batetik, normalean) gizakiongana salto egin duenean? Horrelakoetan dena da berria, ezezaguna, kontrolatzen zaila, beldur-eragilea…
Gure gizartea zaharra bilakatzen joan da, eta ohikoa da zahartzarora arte bizitzea, baina, tarteka, bizidun ere ez omen den birusen batek oreka hautsi eta nor garen gogorarazten digu. Gure gizarte hedatu, global eta orokorrak beste aurpegi bat erakusten digu orduan, eta izua eragin (neurriz kanpokoa ere bai, agian). Wuhanen duela hainbat urte agertu izan balitz birus berria, ez zatekeen mundura zabalduko, ez behintzat oraingoan egin duen azkartasun eta indarrarekin. Gaur, ordea, hegazkinez, itsasontziz nahiz kamioez iritsi da gugana.
Birus ñimiño batek erakutsi digu, beste behin ere, zein ahula eta hauskorra den gure gizarte (ustez) indartsu hau, eta, bide batez, osasun-alarmaren legea ezarri denean ikusi dugu beste zenbait egituraren ahulezia. Grande Marlaskak, Espainiako Barne ministroak (eta ez beste inork), gobernatuko ditu gure kale hutsak, eta osasunaren izenean hainbat hitz itsusiren oihartzuna entzun beharko dugu: berrogeialdiaren eta konfinamenduaren bakardadea, errekisa edo konfiskazioaren itzal iluna, ebakuazioaren mehatxu urruna, ondasun eta industrietan esku-hartze eta okupazioaren aukera… Erdi brometan esan izan dut elizkizunak debekatutakoan izango zela egoeraren larriaz benetan kezkatzeko unea, eta hori ere ia iritsi zaigu.
Esperimentu psikologiko interesgarria izango da koarentena edo berrogeialdiaren hau, baina jatetxe, taberna eta elkarteak itxita, berbena, desfile eta festak debekatuta, sekula izan den birus tristeena izan liteke oraingoa. Hori bai, lanera joateko aske izango zara, baina lanak libre egingo zaitu ospe txarreko esamoldea da.