Zestoako XIX. mendeko erlojuaren kokapena

Manuel Arregi Urrutia 2020ko mar. 4a, 11:46

Zestoako erlojua.

Azkenaldian, besteak beste, gai bat plazaratu da gure herrian: Zein erloju kokatu behar da une honetan hutsik dagoen Zestoako kanpandorrean, XIX. mendekoa ala XXI. mendekoa?

Haizeak kostaldetik hona bidali eta bazterrak nahasten dabilen bakarren batek aldizkari honetako Iritzia atalean (martxoak 3) "erloju zaharra" deitu dio XIX. mendekoari. Nola deitu beharko genioke XVI. mendean omen zegoenari?

Aipatu artikulu horretan hainbat gauza nahasten dira plastiko usaina darion artikulua osatzeraino.

Kanpaiak eta erlojuak aipatzen dira, biek ibilbide bera egin izan balute bezala. Eman diezaiogun begiratua historiari eta gure aurrekoek egindakoari.

Zestoako kanpaiak, Herbehereetatik Beduan barrena iritsitakoak behintzat, 1737an kokatu omen zituzten Azkoitiko lizarditarrek diseinatutako kanpandorrean. Orain ere hortxe daude, beren tokian, konponketa eta moldaketa batzuk tarteko.

Kanpaiekin elkarlanean, erlojuek ere aireratu izan dituzte beren deiadarrak eta soinuak. Hainbat urtetan, gure herriko kanpaiak ez dira aldatu, erlojuak ordea bai.

Hona hemen gure kanpaiek ezagutu dituzten erloju-lankideak:
-Gaur egun kanpandorrean dauden kanpaiak jarri zituztenean, ez dakigu erloju berria jarri zuten edo lehendik martxan zegoena baliatu zuten. Dena dela, eskuartean ditugun datuen arabera, garai horretako erlojuarekin 38 urte egin izango zituzten gure kanpaiek, 1775. urtera arte.

-Lehen aipatutako erlojua zaharkitua zegoen, nonbait, eta zenbait konponketa egin zizkion Migel Garate erlojugileak 1774ko urte hasieran. Baina zestoarrak ez ziren, nonbait, konforme gelditu, eta urte horretan bertan, abuztuan, eskritura bat izenpetu zuten Guillermo de la Prada erlojugile durangarrarekin: erlojugileak bi erloju berri (Zestoa eta Aizarna) egiteko konpromisoa hartu zuen, 1775. urtean martxan jartzekotan. Zestoako kanpaiek 104 urte egin izango zituzten durangarraren erlojuarekin, 1879ra arte.

-Beraz, 1879an hirugarren erlojua ezagutu zuten gure kanpaiek, Benito Yereguirena. Erloju hori 2017ko abendura arte kanpandorrean aritu izan da, 138 urtez, tximista famatu hark behera jaitsarazi zuen arte.

Horrela bada, ez dirudi hain bidegabea, hainbeste urte pasatu ondoren, gure kanpaiei laugarren erloju batekin jardutea ahalbidetzea. 1737tik hasita, erlojuak egokitzen joan dira Zestoan, gero eta modernoagoak jartzen, agi denean. XXI. mendean aurrera goazela, ez dirudi burugabekeria egokitzapen horretan erloju mekanikotik elektronikora pasatzea. Hala egin dute herri askotan, Aizarnan kasu, duela ez hainbeste urte.

Aukera horren alde egingo balitz, zer egin Benito Yereguiren erlojuarekin? Hainbat aukera egon daitezke, herritarren eskura jartzeko, bai behaketarako, bai ikerketarako; badira hainbat eredu: besteak beste, Zumaiako Julio Beobide ibilbidean yereguitarrek jarritakoa, Idiazabalgoa, Iruñean laster jartzekotan direna, Altzaikoa…

Kontu horiek guztiak gorabehera, bada beste pisuzko arrazoi bat Benito Yereguiren erlojua kanpandorrera jasotzea asko zailtzen duena: gai horrekin 2017ko abendutik 2019ko ekainera arte udalean egin zen kudeatze eskasa eta tamalgarria. Dirudienez, udalak (edo alkateak soilik?) hala baimenduta, soilik Josetxo Mendizabal Irigoien eta Xabier Alvarez Yeregui tandemaren esku egon zen gaia. Esan beharra dago ez zutela urratsik txikiena ere egin, lehen aipatutako garai horretan, Benito Yereguiren erlojua kanpandorrera bidean jartzeko. Zergatik? Agian, ez zuten gaia garbi ikusiko. Auskalo!

Tarte horretan erlojuaren gaiaz udalean dauden idatziak (Mendizabal alkatea buru zuen bilerako akta, Xabier Alvarezek udalera igorritako idatziak…) aztertzen baditugu, argi eta garbi ikusiko dugu, gaur egun erloju hori kanpandorrera begira ez egotearen erantzule eta arduradun nagusiak bi lagun direla: Xabier Alvarez Yeregui eta Josetxo Mendizabal Irigoien.

Beste era batera esanda; Xabierren eta Josetxoren kudeatzeak oso zail jarri dio, ezinezko ez esateagatik, gaur egungo udalari, XIX. mendeko erlojua berriro kanpandorrera jasotzea: kudeatze eskasa, diru-xahutze dezentea, diru-kontu ilunak, oinarrizko plangintza baten falta… Gainera, erlojua, gaur-gaurkoz, ez dago gora jasotzeko moduan, konponketa sakonagoa beharko luke…

Norbaitek galde lezake: "Nolatan orduan, martxoaren 3ko iritzi-gutuna?". Auskalo! Agian, mereziko luke ezkutuan dauden datuak eta jokabideak azaleratzea. Hurrengo batean beharko du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide