Herria desOREKAtzen

Josebe Blanco 2019ko abe. 20a, 09:41

Azken boladan tristezia bizi dut, tristezia eta kezka; batzuetan heltzen naiz ito sentsazio bat izatera. Tristezia baino, neure kezka partekatu nahi dut zuekin. Azkoitian da gaur, baina edozein herritan izan daiteke, baita zurean ere, irakurle. Oreka Bioelkartea azoka plazan duen denda ekologikoa ixtekotan dago. Orain dela 15 urte sortu zen denda, baserritarrak eta herritarrak bazkide, eta helburua zen janari eta bestelako produktu ekologikoak –bertako baserrietakoak edo gertukoak, ahal zen heinean– herrian eskura izatea.

Urte hauetan guztietan aldaketa asko izan dira herrian, eta ez denak onerako, ez horixe. Supermerkatu handiak ugaldu egin dira; bat orain dela gutxi lekuz aldatu egin dute –Azkoitiko
kalean zegoen belardi ederrenetarikoa hartuta–, eta horrek jende asko erakarri du. Dauden bi supermerkatu handienek eragin zuzena izan dute herriko azokan eta denda txikietan. Produktu
ekologikoak ere eskaintzeak bestelako jendea erakartzea lortu dute, janari osasuntsua eta osasungarria nahi duen jendea; prest dagoena, gainera, gehiago ordaintzeko janari horren truke.
Horrek bete-betean harrapatu du Oreka, eta azken urteotan mantentzea lortu badu ere, aurten bereziki zaila izan da, esperantzarik gabe utzi arte.

Hona helduta, galdera-uholdea dut buruan, eta, nahitaez, ateak irekiko dizkiot:

Agintari publikoei galdetu nahi diet nolatan ematen dituzten lizentziak supermerkatu handi horiek zabaltzeko, jakinda herriko denda txikiei kalte egiten dietela, itotzen dituztela. Nolatan ematen diete aukera erraldoi horiei herrian egoteko jakinda herriko ekonomia irentsi egingo dutela? Nolatan ematen dizkiete erraztasun guztiak jakinda hor dauden langileen lan-baldintzak prekarioak izango direla eta bertan dauden produktuen atzean dagoen baserritarren lana ez dela behar bezala ordaintzen? Nolatan ausartzen dira agintariak esatera denda txikiak eta herriko azokak babesten dituztela, aldi berean munstroa elikatzen ari direnean? Behin herria hilda, ez dago suspertzerik.

Herritarrentzat ere galderak ditut. Zergatik utzi herriko dendan erosteari, prezioagatik? Ezina ezina da, argi dago; baina ba al dakigu zer dela eta diren produktu ekologiko horiek merkeagoak
supermerkatuetan? Ekologikoa al da industria elikatzea? Ekologikoa al da janari hori sortu duenak lan-baldintzak txarretan bizitzea? Ekologikoa al da munduko beste puntatik ekarritako janaria? Zer da ekologikoa, marka bat?

Eta bukatzeko, baserritarrei galdetu nahi diet. Ez al dugu ikusten geure buruaz beste egiten ari garela industriari geure lana salduta? Benetan zeinek jartzen du prezioa, guk ala supermerkatuak? Non gelditzen da gure produktuaren ekologikotasuna ingurumena eta herria suntsitzen ari den industriari salduta? Ekologikoan ekoizteak ez al du eskatzen ekologikoan saltzea? Ez al dugu industriaren jokaera zuritzen gure janaria han egonda?

Galdera asko, eta batzuk oso zailak erantzuten egoera zein den. Baina argi dut supermerkatuetan produktu ekologikoen presentzia aldarrikatzen duten horiek ez dituztela kontuan hartu nahi araudiak dioena bezain garrantzitsuak diren bestelako elementuak: jendartearekiko konpromisoa, gertutasuna, pertsonen neurriko jarduerak, justizia, herrigintza...

Eta hori barneratzen ez dugun bitartean, herriak desOREKAtzen jarraituko dugu, eta geure buruaz beste egiten.

Post-data: Oreka Bioelkartean inurri lanetan hainbeste urtetan ari diren pertsonei besarkada handi bat; eskerrik asko, bihotzez.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide