En plan...

Miren Gorrotxategi 2019ko abe. 19a, 10:09

Azokatik buelta bat egin eta etxeratu aurretik Plateruenan trago bat hartzea erritual bihurtu da ia. Han geunden eszenatokiko eskaileratan eserita lagunak hitz eta pitz, kopa esku batean eta pintxoa bestean. Gure aurrean mahai bat hartuta zuten geure edadetsuko "gazte" batzuek, haiek ere hitz-aspertuan lasai. Gure eta mahaikoen artean, eskaileren barreneko mailan, bost aingerutxo, ilaran eserita guztiak. Aurreko mahaikoen seme-alabak. Denbora luzez egon ginen bertan, bi ardok iraun zutena, zegozkien pintxo eta berriketekin. Aingerutxo jarraitu zuten aurreko haurrek denbora osoan. Ez haserre, ez protesta, ez aspertu naizik. Ez, ez zeuden lo: mugikorra zuten, noski, eskuen artean. Eta txintik ez, bien bitartean. Ez zuten hitz erdirik ere esan. Isil-isilik. Mutuak balira bezala.

Aspaldian kezkatuta nago gaztetxoek hitzez adierazteko duten gaitasun maila eskasaz. Nire ikasle askoren familiak ez dira euskal hiztunak, eta horri egozten nion hasieran haien maila kaskarra. Baina hainbat Gaztelaniako irakaslek ere halaxe diote, aspaldian gainbehera doala nerabeen hizketarako gaitasuna. Asko eta asko diskurtso koherente bat emateko ez ezik, hiruzpalau esaldi lotzeko ere ez dira gai. Monosilaboak erabili gabe elkarrizketa bat izateko. Zer esanik ez, makulu-hitzak erabili gabe hitz egiteko. O sea, en plan, es que... eta antzekoak gure jardunean sartzea gustatzen zaigu. Denak ala denak gaztelaniazkoak. Eta ea nor den horietakoren bat erabiltzetik libratzen dena. Arazoa da, ordea, gaur egun hitz betegarri horiek diskurtsoa erabat desitxuratu dutela. Zentzua galtzeraino. Ohikoak dira guztien konbinazioa erabiltzen dutenak. Adibidez: "Atzo bidalitako lanak egin dituzu, Pepito?". "Pues... bai, baina... en plan, o sea, es que... ahaztu zait... pues, etxean... etxean utzi dut, en plan... bai, baina ez daukat hemen". Eta ez nabil esajeratzen. Agian, kasu honetan aitzakia bat asmatzeko denbora behar zuelako erabili ditu Pepitok makulu-hitzak, baina dudan eguneroko jardunaren eskarmentutik esaten dizuet ez dela beti hala izaten. En planen itsulapikoa jartzekotan nago gelan, aberastuko nintzateke esaten duten bakoitzeko. Bai, egia da gaztetxoak direla eta oraindik diskurtso kohesionatuak sortzeko estrategiak eraikitzen ari direla. Formazioaren erdi-erdian daude. Inor ez da jakinda jaio. Ados. Baina zer gertatzen da gaztetxo aspaldi izan ginenokin? Ba, betigazte amorratuei nerabetxoen modak ikaragarri gustatzen zaizkiela. Ez dakit haiengandik hurbil sentitzeko egiten duten ala beti gazte jarraitu nahi dutelako den. Duela urte batzuk gaztelaniako ...no, lo siguiente txatxuaren bertsio are txatxuagoa hezurretaraino sartu zitzaien batzuei. Astunak ez, hurrenak bihurtu ziren. Zorionez, pasa zen bolada. Baina jendeak hitz betegarriak behar ditu. Gose da. Hutsuneak beteko dituzten en planak, isiltasunak eta bakeak lekurik ez duten gizarte honetan.

Baina, bueno, orduan, zeri egotz diezaiokegu makulu-hitzak erabili behar hau? En plan, zein da belaunaldi berrien hitz-jario urriaren arrazoia? Baina, ezingo diegu bota errua beti mugikorrei, no? Aber, neurri batean bai, o sea, geu garelako hitz egin ordez pantailara begira egotea erabakitzen dugunak. Pues hori nahiago badugu, ba hori. Gero ez gaitezela kexatu ordea, en plan, gazteek ez dakitela hitz egiten eta bla bla bla. Eta hori. Bai, ba, horixe. Ba, esaten ari nintzena. Ez? Ez dugula hitz egiten. Oso gutxi. Gero eta gutxiago. Porke mobilek dute errua. O sea, dena ez, e? Baina, ostras, asko. Hombre, baina, ez da hain kontu larria, ez? Ondo komunikatzearena, diot. Joder, ulertzen diogu elkarri. Eta, ostras, hori da inportantea. Komunikatzea. Klaro baietz. Enfin.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide