Opari bat jaso dut aste honetan: haurrentzako liburuz betetako bi kaxa. Baina non sartu liburu horiek guztiak? Agindu bakarra eman didate: nahi dudana egiteko liburuekin, baina ez botatzeko inondik ere. Nola bota, ba, halako altxorra? Tartean umea nintzeneko libururen bat ere topatu dut, baten batek neuk idatziriko "300 pezeta" etiketa ere badu jarrita, noiz edo noiz dendazka jolasteko erabilia. Baina ez nuen liburu hura gogoratzen. Kaxa haietan ez dago, egia esan, txikitan markatu ninduen ipuin bat bera ere. Izan ere, pentsatzen hasita, ipuin bat izan da behin eta berriro urte hauetan nire burura etorri dena. Orain arte ez nekien ez haren izenik, ez autorearenik... Ikastolan gaztelaniaz irakurri genuela baino ez.
Ipuin hark kontatzen zuen bazela behin mutiko bat gardena zena, kristala, ura edo haizea bezalaxe. Jendeak ikus zezakeen haurraren bihotza odola ponpatzen eta haren ideiak buruan dantzan, arrainak balira bezala. Umea hazi egin zen. Lur haietako agintaria, ordea, ez zegoen ados jada gizon zen hark pentsatzen zuenarekin. Horregatik, kartzelan sartu zuen, hura kartzelaratuta, haren ideiak ere giltzapean sartuko zituelakoan. Baina, orduan, zerbait harrigarria gertatu zen: gizon hura bezalaxe, inguratzen zuten hormak garden bihurtu ziren, eta espetxe osoa garden bihurtu zen. Hala, guztiek ikus zitzaketen gizon haren ideiak. Azkenean, agintaria konturatu zen giltzapean ere, gizon haren ideiak bera baino indartsuagoak zirela. Egia inor baino indartsuagoa dela.
Ipuina Gianni Rodarirena da, Giacomo di Cristallo izena du, edo guk irakurri genuen bertsioan, Jaime de Cristal. Giacomo asko giltzaperatu dituzte betidanik gurean, ez gaitu horrek harritzen, baina bai larritzen.
Ez dut telebista askorik ikusten, ez telebista kate tradizionalak, behinik behin. Baina ostiral arratsaldean gure telebista publikoa jarri nuen martxan, Kataluniaz zer zioten jakiteko. ETB1en, Kataluniarik ez: Son Goku Kinton lainoan, batera eta bestera, enegarrenez errepikaturiko Dragoi Bolaren kapitulu batean. Total, zertarako egin emankizun berezi bat? Ba, auskalo: agian hala, zuzenean ikusi ahal izango genituzkeen Bartzelonan xisteraz harriak jaurti omen zituzten euskal aztoratzaileak! Ai! ETB2n, berriz, arratsaldeetako aurkezle sasijakintsua esaten Espainian ez dituztela katalanak gorrotatzen, handik irtengo balute jakingo luketela hori hala dela. Nazionalismoa bidaiatzen sendatzen dela esatea bakarrik falta zitzaion. Eta hori. Horretarakoxe erabiltzen dutela gure diru publikoa.
Hemen, espetxeetako hormak ez dira garden bihurtzen, zoritxarrez. Eta ideiak giltzaperatu ezin direnez, pertsonak zigortzen jarraitzen dute. Eta haientzat eta haien etxekoentzat hormak horma izaten jarraitzen dute. Horregatik sortzen dira tsunamiak, edozein pareta baino altuago, oinarri guztiak astindu eta kolokan jartzeko prest.
Ez, gurean espetxeetako hormak ez dira garden bihurtzen. Baina hemen ere hormak gardenak dira ideientzat. Ez dago haiek giltzaperatzerik. Ezin da haien inguruan hormarik eraiki. Diotena diotela, egia beti da egi. Galileo Galileik ere teoria heliozentristagatik espetxeratu zutenean, hala esan zuen: Eppur si muove. Ziotena ziotela ere, lurra eguzkiaren biran zebilela. 300 urte behar izan zituen Eliza katolikoak bere hanka-sartzea onartzeko. Ez dakigu gaurko agintariek zenbat urte edo mende beharko dituzten Katalunian bata bestearen atzetik egindako hanka- sartzeak onartzeko. Galileori bizi zen artean ez zitzaion iritsi Elizaren onarpenik, ez barkamenik. Rodariren ipuinean ere ez dakigu azkenean zer egitea erabaki zuen diktadore hark. Ezta Giacomok espetxetik irtetea lortu ote zuen ere.
Istorioak eta historia idazten jarraitu beharra dago.