Gazte sozialistak

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Segurola 2019ko urr. 10a, 10:15

Ezker abertzaleko batek hala esan zidan behin kalean: "Hik hor jardutek danan kontra, ta komunixten kontra noiz idatzi ber dek?". Iritsi da eguna. Sinesgarritasuna irabazi beharra dago, eta ezin da salbuespenik egin: ezin egon liteke "eragile politikorik" hitzezko eraso eder batetik erabat libre dagoenik.

Ez dakienarentzat esan beharra dago "ezkerreko" gazteria antolatua bi puska egina dagoela gure inguruan: batetik, ezker abertzalearen harikoa, eta bestetik "gazte sozialistak" eta beren ildo sozialista edo komunista ("klase feminismoa" barne). Hauen kontra jardutea dagokit gaur, eta ez da batere erraza, zeren historiaren (eta biografiaren) benetako motorra haixea baita, eta batetik bestera garabiltzan haixe horrek hurbilago jarri bainau haiengandik besteengandik baino.

Ez da hori bakarrik: klase-gorroto garbi bat eduki dut gaxtetatik barruan aberatsen eta etxe onekoen kontra, eta gainera helburu komunista bil lezakeen esaldi famatua ere oso maitea dut: "Bakoitzak ahal duena, eta bakoitzari behar duena". Bestalde, munduko gauzarik naturalena zen joera politiko berri bat sortzea gazte ezkertiar antolatuen artean, zeren ezker abertzaleak, hamarkadetan gaiztoarena egiten ibili ondoren, orain, enpazte aldera, txintxoarena egitera jarri beharra zeukan nonbait, eta txintxotasun horrek ezin dio onik egin gazte sano bati.

Neri gazte sozialista hauekin gertatzen zaidana da egiten dituzten ia gauza guztien alde nagoela (okupazioak, komunalak, jantoki sozialak, elkartasun sareak...), baina esaten dituzten gauza askoren kontra nagoela. Eta, ororen buru, ildo jakin superdefinituaren kontua dago. Ildoa, bai: zorioneko ildoa. Beraiek ildo jakin batekoak izatea nahikoa ez dela, beraiek dauden gune guztiak ere ildo horretakoak izan beharra nahitaez. Zeren gauza bat baita "ildoa", eta beste bat da "bidea", eta politikan edo gizartean edo iraultzan bertan bidea baita garrantzizkoa, edo bideak, eta ez ildo estu, superdefinitu, hiperteorizatu eta megadotrinatu bat edukitzea. (Unibertsitateak kalte haundia egin du. Lehengo batean esaten zidan komunista izandako jubilatu batek beraiek lantegiko langileak zirela denak, eta ez zutela oraingo hauen "pedantekeria teorikoan" erortzeko arriskurik izan. Unibertsitateak jartzen zaitu sinestera zeuk aukeratutako hiruzpalau kontzeptu akademikorekin eta bibliografia mordo batekin dena esplikatzen ahal dela, eta horrek ego pertsonala asko gizentzen du, edo beharbada ego pertsonala da oro-esplikatze horretara zaramatzana.)

Bideak, mugimenduak, "batzen gaituena" aurretik jartzea, antikapitalismoa edo dena delakoa...: holako gauzak ez dituzte batere maite gazte sozialistek edo, hobeto esanda, beren arteko ideologoek. Ez: balio duten bakarrak "langile zientzia" eta "langile boterea" dira. Irakurri diet "herri mugimendua" ere oso mugatua dela edo ez dela balekoa; "zentzu komuna" ere ez, interklasista omen delako; haientzat baztertzekoak direnen zerrendak ez du akaberarik: sozialdemokratak, espontaneistak, posmodernoak, autonomoak, leninistegiak, anarkoak, "erromantikoak" (!), "estetizistak" (!!)... zein ez? Orduan, hau zer da? Neuk erantzuten dut: hau da betiko "gora gu ta gutarrak" eta, ideologoen ahotan jarririk, "gora ni ta nitarrak".

Ildo estu eta jakina; ideologia jakin eta estua. Beharrezkoak omen dira horiek, eta baita, esanda bezala, boterea eta zientzia ere (Foucault-en "savoir-pouvoir" hura ekartzen dit gogora), eta behar omen da alderdi komunista bat, eta diziplina eta zentralismoa, eta abar zatar bat. Bestela jai omen dago, eta eraginkortasunik batere ez, baina, nere ustez, eraginkortasun hori hutsean gelditzen da ildoaren itxikeriak, auzo-ildo guztien ukatzailea izanik, beregan daramalako zatiketaren eta atomizazioaren hazia. Eta arriskurik txarrena da beraiek aspertzea, eta ildo-zulo klaustrofobiko horretan itotzea, nazkatzea eta, erreakzioz, heldu-ziniko atzerakoiak bihurtzea orduz lehen. Zeren ildo estuaren itxikerian ez baitago iraultzarik eta ez ezer; dagoena da irauntza; hau da: geure ideia partikular zoragarrietan irautea gozo eta eroso, eta besterik ez.

Bestela, gazte sozialistok, dena ondo, benetan. Eta "desjabetu" guztiok jabetzeko (ulertzeko) moduan hitzegin eta idatzi ezkero, askoz hobeto.

(Adibide koxkor bat: ez dago amaren umerik "langileen kontrolpeko guneak" irakurri eta gaztetxeaz ari direla ulertuko duenik. Nolanahi ere, gauza onak ere irakurtzen dizkiet, eta oso interesgarriak iruditu zaizkit, berrienak aitatzeagatik, Gedar-en Maddi Sarasuak kultura kolektiboaz edo Jon Kortazarrek euskararen zapalketaren izaera klasistaz idatzitakoak, besteak beste. Ideologo eta teoriko gogorrenak izan ohi dira jasangaitzenak, nahiz-eta Kolitzak "Marijaiak ezkutatzen duenaz" idatzitakoak oraindik gogoangarria izaten segitzen duen.)

Gora iraultzaren bideak, zidorrak, zubiak, estratak, etorbideak eta espaloiak!

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide