Emoziotegiak

Miren Gorrotxategi 2019ko ira. 26a, 09:31

Egunotan, Eva Manzano eta Mónica Gutiérrez Sernaren Recetas de lluvia y azúcar (Thule, 2010) liburuari erreferentzi egiten zion testu batez aritu naiz ikasleekin. Liburuan zehar metaforak etengabean zergatik erabili ziren galdetu nien, eta nik buruan nuen erantzunera inor ez zela gerturatuko pentsatu nuen arren, asko izan ziren bete-betean asmatu zuten ikasleak: "Idazleak metaforak erabiltzen ditu sentimenduei buruz errazago hitz egiteko". Aho zabalik uzten naute batzuetan artista txiki hauek. Kudeatzea kostatzen zaien emozio horiei buruz aritu ginen luze: gorrotoa, tristura, beldurra, haserrea, lotsa... Baina badira izenik ez duten emozio ugari ere. Batzuk ez dira hain indartsuak, eta ez diogu hiztegi falta horri garrantzirik ematen. Baina sentipen horiek gure egunerokoa guztiz astintzen dutenean, "sentsazio deskribaezin" horrek benetan ukitzen gaituenean, nola azaldu besteei barruko anabasa? Nola kudeatu izenik ere ez duen sentsazio hori? Baina, izenik ez badu, bada? Bada, ez badu, sortu egin behar. Hala pentsatu zuen, antza, John Koening diseinatzaile eta editore estatubatuarrak, hiztegi propio bat asmatu baitu izenik gabeko emozio horiek adierazteko. The dictionary of obscure sorrows, Atsekabe ilunen hiztegia, izena du, eta paperezko bertsioa laster izango omen da ―ingelesez― eskuragarri.

Oinarrizko sei emozio nagusi daudela onartzen dute aditu gehienek: ustekabea, nazka, tristura, haserrea, beldurra eta poztasuna. Baina zer gertatzen da emozio konplexuagoekin? Emozio nagusi horiek elkarrekin eskutik datozenean? Edo beste batzuekin batera agertzen zaizkigunean? Ez da erraza horien guztien identifikazioa. Gai honen inguruan aztarka, granularitate emozional terminoarekin egin dut topo. Granularitate emozionala duten pertsonak emozioak aletzeko gai diren pertsonak dira. Kontziente omen dira bizi dituzten emozio guztiez, xehetasun osoz. Hiztegi zehatza erabiliz emozioen ñabardura guztiak emateko gai omen dira. Horrek zertarako balio duen? Bada, emozioak ondo identifikatuta izateak egoera zailei modu egokian aurre egiteko balio omen du, besteak beste, unean-unean gertatzen denari neurrian erantzutea ahalbidetuz. Pertsona horiek agresibitate gutxiagoz erantzuten omen diete egoera gatazkatsuei, gutxiago gaixotzen omen dira eta drogetarako joera txikiagoa omen dute. Zorionez, edonork landu dezakeen zerbait omen da granulitatearen kontu hau. Sentitzen duguna alboratu ordez, onartu eta emozio horretan sakondu behar omen da. Eta, noski, haiek izendatzeko geure hiztegia aberastu. Eta zergatik ez egin John Koeningek bezala, geure hiztegi propioa sortu? Azpeitiarrok erakutsi genuen hiztegi Natul bat sortzeko gai baginela, beraz, aitzakiak albo batera.

Beti kuriosoa iruditu izan zait emozio batzuk izendapena dutela zenbait hizkuntzatan eta ez dutela parekorik beste batzuetan. Adibidez, auzo-lotsa izendatzeko ez dute ingelesez edo frantsesez hitz konkretu bat. Eta, bestalde, portugaldarren saudade hitzaren parekorik ez dugu gurean, herriminetik harago doan sentimendua baita. Bateko eta besteko hitzak bilduz, Tiffany Watt Smith psikologoak The Book of Human Emotions: From Ambiguphobia to Umpty (Little Brown and Co., 2016) liburua idatzi du mundu osoko 154 hitz jasoz. Papua Ginea Berriko baining biztanleek awumbuk deitzen omen diote pertsona bat joatean bihotzean uzten duen hutsune astun eta nekosoari. Eta grezierako pronoia hitzak, berriz, unibertso osoa gure alde lanean ari den sentsazioa deskribatzen omen du. Italiarren dolce far niente esaerak kolpe zorririk jo gabe egotearen plazerari egiten dio erreferentzia. Zerrenda luzea da, eta interesgarria, inondik ere.

Paradoxa dirudien arren, heziketa emozionalaz inoiz baino gehiago hitz egiten den garai honetan, irudipena daukat emozioez gero eta gutxiago hitz egiten dugula. Hainbat eta hainbat sentsazio eztarrian korapilatuta gelditzen zaizkigula. Izenik ez dutelako. Edo, agian, beste emozioren batek ―beldurrak, zeresanaren lotsak― adieraztea eragozten digulako. Geuk baino sentitzen ez ditugun tontakeriak direla sinesten dugulako. Baina hiztegi batean jasota baleude? Ama, aita eta baloia
esatearekin batera ahoskatzen ikasiko bagenitu, ez genituzke kudeatu ere hobeto egingo?

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide