Nik ez dakit zenbateraino sinistu behar diegun aberatsei eta klase ertainari beren opor eta udari buruzko pelikula polita kontatzen digutenean. Neu ere izana bainaiz klase ertainekoa urte batzuetan (gauza ertainak diruaren kezkarik gabe eta modu ertain batean egiteko ahala duen klasekoa), eta badakit zer zen udako zorion ertain hura: joan-etorri eta atzera-aurrera ikusgarri asko, eta funtsean denbora eta egutegia "produktiboki" betetzeko beste modu bat.
Nik neuk, klase ertainaz azpitik eta turismorik egin gabe, esan dezakedana da sekula baino gustu hobea hartu diodala udari, eta bereziki abuztuari, eta berezikiago ixiltasunari. Askotan sentitu dut penagarria dela herri ez-turistikoak (gehienak) abuztuan hutsik gelditzea, baina aurtengo honetan kontrakoa sentitu dut; alegia: gauza ederra dela herri batek oporrak hartzea bere herritarretatik!; bai: herriak sentitzea bere herritarrek aldegiterakoan ematen duten bake ona. Tristea da, alde batera, zeren esan nahi baitu herri batek bere herritar gehienak sobran dituela, baina hori hola izan da beti, eta gainera herri batean falta gutxiena dago beren buruei inportantzia haundiena ematen dieten haiexena; hots: jende-klase ertain erdipurdikoarena eta hortik gorakoena. (Elkartasun keinu bat hemendik Zarauzko herri-jende xumeari: hemen bake haundiena ematen duten liztor inbaditzaile dirutu horiexek doazkizue zuei horra, eta guretzat ona eta atsedena da hori, baina zuentzat kaltea. Jabetzen gara. Keinua egina gelditzen da.)
Abuztuko ixiltasuna aitatu dut, baina ez nuke hura gehitxo famatzerik nahi, zeren kapaz baitira hemen "ixiltasunaren turismoa" asmatzeko eta dena izorratzeko. Inportanteena hau da: abuztuko ixiltasunari ederretsi diogu, zaratarekin erreta geundelako.
Zarata ez da berriketa. Zarata, gizakiak eta bere aparatuek egiten dutena, haunditzen ari da munduan urtetik urtera. Geu ari gara hori nozitzen geure lekuan. Zarata garaikidea eromena da eta nazkagarria da, baina zaratak beti izan du haunditasun bat gizaki txepelarentzat. Ostotsa bera jainkotzat hartua izan da; mila modutako zalapartarekin bixitu da, ustez, gizaki txepela; eta megafonia munduan dagoenetik, berriz, edozer ertainkeria eta erdipurdikokeria estaltzen du zaratak. Mila adibidetatik bat, neure lekutik: etxe-ondoko eskola, "kristau eskola" hain zuzen, barraka erraldoi bat da funtsean, eta emanber etengabeko zarata megafoniko jasangaitz horrekin bere porrota ezkutatu nahi lukeela, "eskola porrota", zeina ez baita ikasle txar bakar batzuena, baizik-eta eskolarena berarena bere osoan, eta beren megafonia antojagarri horrek huts hori estali nahi lukeela esango nuke, zeren bestela ez baitiot esplikaziorik bilatzen. (Bestalde, badakigu kristauen maitasuna besteenganako eta bestelakoenganako gorrotoa eta errespetu falta izan dela beti: horrekin ez gara asko harritzen.)
Ez naiz esaten aspertuko: Askatasunaren ordez Askotasuna sartu ziguten. Eta askotasun horretan sartzen da haunditasuna ere, eta zaratak gero-eta haundiagoa izan beharra ere askotasunaren garaipen eta garapen geldiezin horren barruan dago. Adibide larriena, aurtengo abuztuko ixiltasuna zerutu diguna: etxe-ondoko festa-barraketako zarataren eromena eta tortura; sekula baino haundiagoa, urtetik urtera haundituz doana, askotasun garailearen legeak agintzen duen bezala. Zertarako behar dute barrakek zarata? Berez, ezertarako ez, baina hori da askotasun garaikidearen beste ezaugarri bat: batere beharrik ez dagoen gauzen haunditzea eta gehitzea. Eta bizia zailtzea, eta ezinbizia sortzea, edo bizitza erdigunetik baztertzea. Hemen ez baitu agintzen Bizitzaren Alderdiak: holakorik ez dago inon, eta ezin egon daiteke.
Hemen Errealitatearen Alderdiak agintzen du: "gauzak holaxe dira errealki errealitatean", eta kito. Hemen, beste alde batetik, Klase Ertainaren Alderdiak agintzen du, eta esaten dizute, zaratarik jasaten ez badugu, aldegiteko festetan turismoa egitera norabait, denok gizaki ertain-eroxo ondobiziak bagina bezala, eta denok maiteko bagenu bezala bizi-antzeztokia aldatzea bizi-argumentua ezertan aldatu gabe. Konturatzen naiz idazten ari naizela gure herrietan alderdi bakarrak aginduko balu bezala, eta egiazki halaxe da: Zentroko Alderdiak agintzen du, eta hori diximulatze aldera, tokika eta tarteka zentro-ezkerraren eta zentro-eskuinaren arteko txandakatze bat dago, baina besterik ez. Egia da aldeak daudela: Zentroak (bizitza ez beste zernahi erdigunean jartzen duen Zentro horrek) pixkat arindu digu aurten barraketako zarata torturatzaile hori ("behar bereziak dituzten" umeen izenean: ez bestela!), baina aldeak daude, bai: nere herriko zentro-ezkerrak bi orduko zarata-etena jarri digu bi egunetan, eta aldameneko herriko zentro-eskuinak egunean ordubetekoa. Aldea dago, bai: alde barregarria.
Hau zarata politizatzeko saio bat izan da. Mahai-gainean eta muturren aurrean jartzekoa. Eta abuztuko hustasun ixil onaren zain egon gabe bizitzea aldarrikatzeko egina.