Eguneko nire unerik kuttunena aukeratu beharko banuke, haurra lotaratu aurreko ipuinaren unea litzateke. Eta seguru nago, baita umearena ere. Berandu dela eta ohera azkar sartzeko esaten badiot, "Gaur ipuinik ez?" galdetzen dit, begiak zabal-zabal. Halako zigorrik! Ez, ez da gurean ipuinik gabeko iluntzerik. Hiru txerritxoen mila eta bat bertsioekin aspertuta, ipuin klasikoen euskarazko bilduma bat erosi nuen gehiegi hausnartu gabe. Nahiko itzulpen kaskarra da, eta otso gaiztoz, ehiztari salbatzailez eta salbatutako printzesa babesgabez beteta daude orriok; baina, tira, moldatzen naiz edukia neurera ekartzen. Eta hortxe hasten da, hain zuzen, magia sortzen. Magia, azkenean, lilura baita, eta horixe da ipuinek sortzen dutena: kontatzen duenaren eta entzuten duenaren artean eraikitako mundu magikoa.
Ondo gogoratzen ditut txikitan amak kontatzen zizkidan ipuinak. Bi klasetakoak ziren: Barandiaranen Obras completasen liburuki astun batetik ateratakoak, batak. Neure etxean dut gordeta ale hura. Liburu zaharreko orrien usainak nostalgiaz betetzen dizkit oraindik barrenak. Tokian tokiko euskalkietan jasotako kondairek eta elezaharrek, ordea, irakurlearen eta entzule honen artean ezulertu eta tirabira asko sortzen zutela gogoratzen dut. Bigarren klaseko ipuinetara jotzen zuen orduan amak, lotarako ordua bakean amaitze aldera. Berri-berriak ziren bigarren motako ipuinak, eta egun mitologiaren maitale eta miresle sutsu naizen arren, amak etorri ahala asmatutako ipuin horiek nituen orduan gogokoenak. Normalean txakur bat protagonista izaten zuten ipuintxo leloak.
Ugariak dira ipuin kontaketak haurrengan dituen onurak. Hasteko, umeak arretaz eta adi egotea eskatzen du, hitza, eta, gehienez ere, irudi lauak izanik komunikaziorako tresna soilak. Zinez erronka handia, su artifizialez eta parafernaliaz apaindutako gizarte honetan. Nola ez, haurrek emozioak kudeatzen ikasteko tresna ere badira. Enpatia izaten eta emozioak identifikatzen ikasten dute ipuinen bitartez. Bide batez, esan behar edulkoratutako ipuinek zeharo gogaitzen nautela. Zergatik diogu beldurra haurrek beldurra pasatzeari? Beldurrarazten dituzten ipuin horien bitartez ikas dezakete haurrek, hain zuzen, beldur hori kudeatzen. Eta beldurra bezalaxe izan daitezke haserrea, tristura, bakardadea, edo negatibotzat ditugun beste emozio guztiak. Baina, lehen esan bezala, ipuinek indar bat badute, hori irudimena eta sormena lantzeko gaitasuna da. Ezerezetik, hitz kateen bidez mundu eta pertsonaia berriak sortzeko ahalmena. Sorginkeria dirudi.
Euskal alfabetoa ikasten hasia da gure ukrainar txikia. Ipuin kontaketak, nola ez, lagundu dio hizkuntza ikasten ere ―ezin aipatu gabe utzi ipuinek duten indarra hizkuntza irakasteko eta transmititzeko orduan―. Esan diot neskatoari irakurtzen ikasten duenean elkarren ondoan etzanda bakoitza bere liburuan murgilduko garela iluntzero ―ezinezkoa, ba, irakurzaletasuna sortzea, etsenplurik eman ezean―. Aitortu diodan arren niretzat eguneko momenturik ederrenetakoa dela ipuina kontatzen diodan hori, eta faltan botako dudala. Esan dit nahiago duela orain artean bezalaxe jarraitu, biok hitz berberekin munduak eraikitzen, ipuin beraren bueltan. Izan ere, arreta, emozioak edota irudimena lantzeko balio izateaz gain, beste gaitasun bat ere badu ipuin kontaketak: harremanak sortzekoa eta sendotzekoa. Une intimo eta goxoa sortzen da ipuina kontatzeko garaian. Haurraren eta helduaren arreta galaraziko duen pantailarik gabe tartean ―luxu bat, egungo gizartean―. Hizkuntza eta ahotsa tresna bakar, ipuinen orrietan gordetako magia ateratzeko. Sorginkeria hutsa.