Pentsatu duzu inoiz nola osatzen ditugun gure pentsamendu, kontakizun eta istorioak? Nola lotzen ditugun esan beharrekoak? Nola moldatzen garen gure gogamenak asmatu duena besteei adierazteko?
Hizkuntza da, bere zentzu zabalenean hartuta, eboluzioak sortu duen tresnarik harrigarriena, eta era bakarra guk pentsatu duguna beste norbaiti adierazi ahal izateko. Oraingoz, ezin pentsamendutik pentsamendura beste modu batez egin.
Badirudi gure pentsamenduek kate luze baten modura loturik egiten dutela bidea, eta kate horretako maila bakoitzak, katebegi bakoitzak, loturik daramala hurrengoa edo beste hainbat. Hona adibide bat:
Ez dakit beste etxeetan zer gertatzen den, baina gurean paper zaharrek pilatzeko sekulako ohitura dute. Haietako mordo bat hartu eta paper eta kartoien zakar-ontzira botatzea izan da adibide honetako lehen katebegia. Bigarrena, berriz, paperen artean zegoen aurtengo Santa Marinako jaien programa. Zehatzago esanda, han ageri zen mutiko korrikalari gaztetxoen txapelketa (berrogeita bederatzigarren txapelketa, alajaina!), Juan Luis Larrañaga Patxi Pelukeroren oroimenez korritzen zena.
Katebegi horretatik abiatuta beste hainbat lotu nitzakeen: haur garaia, udaberriko festak, baseliza zaharraren oroitza, hark alboan zuen iturria… Katebegi bakoitzak bederatzi isatseko katetxoak izan ditzake lotuta, eta, askotan, horietako bat ondo aukeratzean dago gure pentsamendua argi eta adierazkor izatearen grazia, loturak egin baina bidea ondo aukeratuz esan nahi duguna argi esateko.
Aita hala zuelako Patxi Pelukero deitzen genion Juan Luis zena da gure hurrengo katebegia. Duela zortzi urte hil zen, baina hil baino lau bat urte lehenago Juan Mari Zubiaurre kazetariak elkarrizketa bat egin zion, Juan Luis punta-puntako korrikalaria izan baitzen garai batean. Elkarrizketa horretan esandakoari esker jakin nuen Jean Bouin txapelketa irabazi duen euskaldun bakarra izan zela, 17 urte zituela.
Katebegi horretatik ere beste hamaika bidetan abia ninteke: nola ahazten diren garai batean ospetsu izanak, zein desberdina den lehen eta orain kirolari izatea, eliteko kirolaren tirania, futbolak kirolen artean duen ia monopolioa… Baina bat aukeratze aldera, elkarrizketaren amaierarekin osatuko dut hurrengo katebegia.
Kazetariak dio geroz ez zuela suerte handirik izan osasunarekin, eta korrikalariak kontatzen du entrenamendu baten ondoren, dutxa hotza eta etxera bidean, gaur zahar-etxea den Udaberriko iturrian (gaur ez dagoen iturrian) ura edan zuela, eta hurrengo egunean erabat gaizkitu zela: sukar handia, eztarriko mina, gorputzaldi txarra… Ondoren belaunek ez ziotela erantzuten, asko sufritu zuela, eta geroztik ez zela sekula lehen izandakoa izan.
Oraingoan, katebegi horretatik, beste hainbat bideren artean, burura datorkit joandako mendeko hirurogeita hamarreko hamarkada horretan susmo izan zela iturri hori koleraren foku ote zitekeen, eta iturria ixteaz gain inguruko mutikoei botika edo txertoa eman zitzaiela.
Dena dela, kontu hori guztia halako lanbro batean bezala dago, bertakoek kontatzen dutelako bakarrik bizi da, frankismo berantiarra izanik ere horrelako gauzak ezkutuan gordetzeko joera baitzen orduan. Gainera, kolerak ez du sukarrik ematen, eta agian nire irudimen sukartsua besterik ez da bi istorio horiek, korrikalariarena eta iturriarena, lotu dituena baina horrelakoxea da pentsamenduen katea, batetik bestera saltoan joaten dena istorio bat kontatu nahi duenean. Beharbada gaurkoan alderrai samarra ibili da nirea, nahas-mahas
katebegi batetik beste batera saltoan, baina ondo lotutako istorioa kontatzea baino gehiago zen, gaurkoan, erakus-
tea pentsamenduak (katebegiak) nola lotzen joaten diren istorioa sortzeko.
Lortu badut adibidearekin hori esplikatzea, ni pozik.