Damuaren mamua

Miren Gorrotxategi 2019ko uzt. 11a, 10:33

Aspaldi ikusi gabeko lagun bat gurutzatu dut kalean, bere bi txikiekin. Ondo al den galdetu diot. "Hauek ondo dabiltza; hortaz, gu ere bai". Niri ileak laztu dizkidan erantzuna logikoena eta arruntena irudituko zitzaion berari. Horixe izango da ama izatea. Katixa Agirreren Amek ez dute etorri zait burura. Identitatea galtzeko beldur hori, haurraren apendize soil bihurtzekoa.

Nire antzera udan Ukrainiatik txiki bat ekartzen duten familia asko honela entzun izan ditut hizketan: "Ekarri muxu bat amatxori", "Etorri aitaren lepora"... Nik ezin. Ez naiz ama. Ez dakit zer naizen: izan ninteke sasi-ama, pseudoama, ama postizoa, amantzekoa, edo, gehienez, amaordea. Baina inondik inora ere ez ama. Amaren funtzioak ondotxo ezagutzen ditudan arren. Eta horrek dakartzan disfuntzioak. Esaterako, norberarentzako denbora falta, edozer egiteko. Dutxa bat lasai hartzetik liburu baten orri bat etenik gabe irakurtzera. Neure buruari denbora tartetxo bat eskaini eta haurra norbaiti uzten badiot, kontzientziaren zama arrastatu beharra. Ondorioz, denbora hori lotarako orduei kendu beharra ―eskuetan duzun hau idazteko, adibidez―. Kalean ezagunen agurra Aio soil batetik Aio, printzesa-ra pasatzea ―eta ez naiz ni printzesa, haren ondoko izaki ikusezina baizik―. Onartu behar dut gorrotagarriak derizkiodan ama-ohiturak ere hartu ditudala, lehenengo pertsona pluralean hitz egitea kasu ― "hortz bat erori zaigu" edo "parkean jolasean min hartu dugu"―. Amek ondotxo dakizue zertaz ari naizen.

Horren guztiaren inguruan, Orna Donath soziologo israeldarrak Regretting motherhood liburua argitaratu zuen 2015ean. Gaztelaniaz ere eskuragarri dago, Madres arrepentidas izenburupean. Gaiak tabua izaten jarraitzen du, ordea, gure artean. Urte askotako bikote-harremanetan ditut lagun gehienak. Haurrak izan dituzte gehienek. Batzuek asko espero gabe, besteek asko kostata. Ezagutzen ditut haurrik ez izateko erabaki irmoa hartu dutenak ere. Eta erabaki hori bertan behera utzi dutenak. Alderantziz ezin egin, ordea. Hau da, haurrak izan eta gero egindakoa desegin. Baina damutu, damutu gintezke? Tira, lehen bizkarrean nahikoa karga ez, eta damuarena ere gehitu iezaiozu, bada... Eta gure etxeko txikiei traizioa egin, mentalki bada ere? Hainbat eta hainbat urtetan eginiko sakrifizioa zalantzan jarri? Baita zera ere! Bueno, hain drastikoak izan gabe: damutu, damutu ez dakit... Baina, denboraren makina bagenu... erabiliko genuke egindakoa desegiteko? Geure bizitza beste era batekoa irudikatzeko? Imajina dezagun bi hankako poz txiki horiek gabe bizitza nolakoa litzatekeen. Une txiki batez bada ere. Hipotetikotasunaren irrealtasun guztiaz baliatuz. Kontzientziari are zama gehiago erantsi gabe.

Eta amatasunari heldu diot, baina damuaz hitz egin nahi nuen funtsean. Bizitzan hartzen ditugun aukerez. Gauden puntu honetaraino ekarri gaituzten erabakiez. Bidegurutze bakoitzean, asko hausnartuta batzuetan eta gehiegi pentsatu gabe besteetan, beste guztiak baztertu eta bide jakin bat hartzea hautatu genuen une horiez. Egindako aukera okerrez. Onartu behar denok sartu dugulako hanka noizbait, edo noiznahi. Hondoraino eta itzulbiderik gabe. Noski, bizitzak ematen dizkigun ikasbideak dira, eta eroriz ikasten da eta bla bla bla guztia. Baina ze ondo disimulatzen dugun, ze ederki ateratzen dugun paseatzera gure orbanik gabeko zoriontasun perfektua. Zalantzek, damuek eta beldurrek zirrikitu txikienik ez balute bezala. Guztiok Superwoman bagina bezala. Eta egunero mozorrotuta ibiltze hori oso nekagarria egiten da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide