Bezatu

Erabiltzailearen aurpegia Jesus Mari Olaizola "Txiliku" 2019ko uzt. 4a, 10:37

Esan beharra dago: ez da egunero erabiltzen den hitza bezatu hori. Zer esan nahi duen? Bi esanahi ditu, nik dakidala. Bat, ohitu, etxekotu; bestea, hezi, domatu.

Garai batean etxe askotan izan ohi ziren katuak, eta baserri gehienetan. Komenigarria zen katua edukitzea, batik bat saguak eta karraskariak kontrolpean edukitzeko. Baina katuak ez dira etxekotzen errazak, basati samarrak izan dira beti. Gogoratzen dut baserriren batean (Otzarreta ote zen uste dut, baina ez dakit hala den) katurik gabe geratu ziren halako batean. Gerta liteke. Katuek zazpi bizitza omen dituzte, baina, azken finean, haiek ere hil egiten dira. Kontua da gure amak katu koskortu bat eskaini ziola baserri horretako etxekoandreari. Gauzak errazte aldera, Kale Nagusiko harategi batera eraman batek eta handik hartuko zuela besteak.

Saguanekoak zeukaten harategia eta oilaskoak erretzeko burruntzi-labea kale nagusian, oker ez banago, eta hara joan zen gure ama katu hori zaku batean sartuta. Esan zion harakinari han utziko zuela eta pasatuko zela "halako" hura jasotzera goiz hartan bertan.

—Leku txarrera zatoz katuarekin —esan zion gizonak. Eta gure ama harritu zela ikusiz—, Saguanekora…

Barre egin zuten biek. Gero, baserrirako bidea egin zuen katuak, baita itzulikoa ere, hurrengo asterako Txilikun zen berriro. Harrigarriak dira animaliak!

Berriro baserrira eraman eta etxe berrira bezatu egin behar izan zuten. Lege zaharrak agintzen du zazpi itzuli eman behar zaizkiola katuari laratzaren azpian ondo etxekotzeko. Ez dakit zer egin zioten, baina bigarren aldian ez zen itzuli.

Gaur egungo katuak ez dira saguak harrapatzen ibiltzen. Beraientzat espresuki prestatutako jakiak irensten dituzte, eta laratzean etxekotu ordez, kajonera batean pixa egitera bezatzen dituzte. Horretaraino heziak dira gaur egungo katuak.

Hala ere, ez dira beti eta denak hain txukunak ibiltzen, agi danean, eta hainbat etxe eta denda kantoietan urez betetako bost bat litroko plastikozko ontzi gardenak ikusi ditut gure herri santu honetan. Esan didate katuak pareta horietara pixa egitera ez hurbiltzeko jartzen dituztela. Nik uste txakurrentzat izan beharko luketela, katu baino txakur gehiago ikusten baitut nik beren pixak eta obramenduak kale bazterretan kontrolatu ezinik; baina bego horretan, berdintsu balio baitit katu edo txakur bezatu batek esan nahi dudanerako.

Joan berri diren San Pelaio festa bezperan jende ugari ibili zen (ginen) kalean, eta haien artean gaztetxo ugari, presati eta urduri, dirudienez. Halako hainbat kale-ertzean ari baitziren zegokien alkohol-errazioa ahalik eta azkarren irensten.
Ez naiz hasiko mozkorkeriaren kalteak hemen aipatzen, Jainkoak libra!

Uste dut sozializatzeko garaian kultura guztiek dutela substantziaren bat aisialdirako eta gurean alkohola izan dela denbora luzez egokitu zaigun droga. Onartu eta gure alboan dugula bizi behar dugula uste dut, baina ez zait iruditzen kontsumitzeko modurik onena denik eserialdi batean lepo egiteraino edatea. Gauzak askoz interesgarriagoak izan ohi dira pixkanaka eta elkarrekin egiten direnean, nik uste.
Beraz, utzi sermoiak eta noan harira. Isurkarien zurrutak giltzurrunak martxan jartzen ditu, itxuraz, eta gure gaztetxo arrek ezin eutsi isuriari, eta ezkaratze-ertzetan husten dituzte maskuriak. Beste era batera esanda, gaizki bezatutako katutxoak dira, edozein bazterretan pixa egiten duten horietakoak.

Egia da hurrengo egunean, udaletxeak hala aginduta, goizean goiz ibili zirela garbitasunekoak kaleak eta bazterrak garbitzen; beharrezkoa, baina ez nahikoa, agian. Begien aurrean pixa-tokiak jarri behar zaizkie mutiko horiei, bazter guztietan, eta nahikoa
ez bada, urez betetako plastiko gardenezko botiloi handiak, eta hondarrez betetako katuentzako kajonerak. Ez dakit, bada, animaliatxo horiek bezatzeko zerbait, edo aurrez egin beharko ote da bezatze-lan hori, etxeetan bertan, esaterako?

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide