Kultura

Erabiltzailearen aurpegia Jesus Mari Olaizola "Txiliku" 2019ko eka. 6a, 09:45

Ahaztu samarra badugu ere, kultura hitza, metafora bitarteko, erromatarren nekazaritza mundutik etorria da; gogoratu beharko genuke kultura lurra lantzea, prestatzea, goldatzea… dela. Norbaitek pentsatu zuen: barazki eta landareak hobeto haz daitezen lurra prestatzen bada, guk geuk ere geure gogo-ahalmenak landu ditzakegu, kultura egin. Hor hasierako ideia.

Hala ere, kultura zer den esatea ez da gauza erraza, elkarren artean katramilaturik dauden ehunka esanahi ditu hitz horrek. Gehienetan bi eremutan erabiltzen dugu hitza: 1) zenbait arlotan (gizarte zientzietan eta arte ederretan, batik bat) jantzia egotea da kultura edukitzea, eta 2) kultura da pertsona-talde batek duen jakinduria, sinesmen eta portaera-multzoa; komunitate horrek, bere nortasuna finkatzeko erabiltzeaz gain, elkarren artean komunikatzeko eta gizarte gisa dituzten gogo-beharrak osatzeko eta partekatzeko dituen ondasun eta baliabideen multzoa.

Bigarren kultura horretaz ari gara oraingoan, gizarte bateko banakoen arteko komunikazioaz eta komunitatearen gogo-beharrak asebetetzen dituen kulturaz.

Jakin-mina sarbide garrantzitsua da kulturara iristeko: gauza berriak jakiteko jakin-mina, gure ingurukoak nola portatzen diren jakiteko grina, gu garen bezalakoak izateko oinarriak zein diren ezagutzeko jakin nahia…

Hala eta guztiz, pentsatzen hasia nago gero eta azalagotik lantzen dugula gure kulturaren lurra, gero eta mugatuagoak direla gure jakin-minak. Zein izan dira, azken aldi honetan, euskaldunon komunitate periferikoan distira egin duten gertakizunak?

Bizkaiko ikastolen Ibilaldia sekulako porrota izan zen eguraldi txarrarengatik, baina Realeko neskak Erreginaren Kopa irabazi zuten eta aupa neskak! Berrian bertan joan zen igandean aipatzen zuten neskek emandako "Ostikada sabaiari". Asko pozten nau Realeko neskek kopa Donostiara eramateak, baina halako eragina ote du horrek emakumeen berdintasunerako borrokan? Eta euskal kulturarentzat sekulako ekarpena ote? Nafarroan gobernu aurrerakoia hankaz aurrera Untzaingo bidea hartzekotan da (edo Nafarroan hilerria dagoen lekurako bidea, berdintsu dio), baina Osasuna taldea lehengo mailan izango da datorren urtean. Gaitz erdi! Baionan ez da ia euskararik entzuten, baina errugbi taldeak goi mailan jokatuko du. Zer azkarra eta indartsua euskal jende hori!

Lehengo batean, antzerki bat ikusteko jendetza zegoen Modelo zinemaren areto aurrean, sarrerak agortu egin ziren, eta benetan poztu nintzen. Hamabost bat egun lehenago Bernardo Atxagak eta Jose Kruz Gurrutxagak Martuteneko kartzelan literatur emanaldia eman zuten areto horretan bertan; jende asko zegoen, Zarautz bezalako 23.000 biztanleko herri baterako gutxitxo zirela esango nuke, hala ere. Bakoitzak jartzen du galga gorago edo beherago. Askoz jende gutxiago izan zen Lurraren bidean dokumentala ikusten Arkamurka naturazaleen elkarteak bere 50. urteurrena ospatzeko antolatu duen dokumentalen forumean. Badakigu geologia gai lehorra dela hainbeste harri eta haitzekin, baina jakin-minak eraman beharko luke jende gehiago horrelako ekitaldietara ere. Hobe ez aipatzea igande gauetako zine-emanaldiak. Batean, dozenatxo bat ikusle besterik ez ginen, beste batean, bost. Jainko zital batek justu gehiagorik ezean erre zituen Sodoma eta Gomorra.

Askotan ahoa betetzen zaigu (euskal) kulturaz hitz egitean, baina sarritan gure inguruarekin komunikatzeko gaiak ez dira futbolarien koaitak eta Netflixeko serieetako gorabeherak baino askoz urrutirago joaten, eta gure kultura zopizar eskas bat baino ez da benetako goldaketa baten ordez. Ala ez da hala?

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide