Udaberri hau oso politikoa edo politikeroa etorri da, eta ni ere harrapatu egin nau. Bizia boladak dira.
Asunto bati begiratu nahi diot begietara. Arazoaren funtsa optikoa da: begietako bista ona eta elkar ezin ondo ikusi. Begietan al dago akatsa? Ez: betaurrekoetan.
Jendeak betaurreko politikoak jaztea erabaki du. Betaurreko moreak, betaurreko gorriak, betaurreko beltzak eta bestelakoak jantzita sumatzen dut jendea inguruan. Kolore bakarreko betaurrekoak dira. Betaurreko politikoekin gertatzen dena da begien aurrean daramatzanari ahaztu egiten zaiola betaurrekoak jantzita dabilela, eta iruditzen zaio mundua holakoxea dela izatez. Hortik dator elkar ondo ikusi ezina, batetik, eta bestetik, berriz, munduaren koloreari buruz elkar ulertu ezina. Hori nere inguruan, baina nere ingurutik kanpora (normaltasun normalenean edo eskuinekoenean) gizabanakoak dabiltza diruaren eta legearen alderditik ikusiz mundua, eta nola diruak eta legeak ez daukaten kolore jakin edo bakar bat, ematen du haiek betaurrekorik gabe dabiltzala, eta mundua dela diruaren eta legearen esanera moldatua berez eta izatez.
Betaurreko hauek denak oso pasta lodia daukatenak dira. Esan nahi dena da ideia potoloei ederretsi diela jendeak. Eta ideia potoloak oso ondo daude, baina "han", beren bizileku naturalean; hau da: ideien munduan. Feminismoa, komunismoa, begano-animalismoa eta (dena da politika, ezta?) espiritualismoa, makrobiotismoa, esoterismoa, eta abar. Eta ismo horiek denak, gainera, beren bertsio potoloenean, itsuenean, pedanteenean harturik: begietako (buru-bihotz-begietako) astigmatismo betean. Eta ismo horiek denak, esanda bezala, oso ondo daude, baina ez haiekin ezkontzeko edo bete-betean bat egiteko, baizik-eta gehienez ere "harreman ireki batean" erabiltzeko, nere ustez.
Honetara nator gaur gehienbat: hemen gertatu dena da abertzaletasuna galdu egin dela; modatik pasa egin dela zeharo eta zaharren gauza bat bezala gelditu dela. Ni neu abertzalea nintzen txikitan; gero abertzaleei koskorrak ukitzen ibili nintzen luzaroan; orain neu naiz atzera "abertzale" hitzarekin eta izatearekin adiskidetu nahian dabilena. Hori nahikoa ez dela, abertzalea izatea modan jarri nahi nuke berriro euskal herrietan. Neure burua abertzaletzat eta jatortzat jotzeari utzi nion expexiala eta diferentetxoa izatearen bidetik jo nuelako (beste ezertan nabarmentzen ez, eta zeozeri heldu behar: lepatentetu beharra egoten da adin batzuetan). Eta beste arrazoi bat ere bazegoen: abertzaleak eta super-abertzaleak (aberzakilak) ez zitzaizkidan iruditzen munduko giza-ale baliotsu eta interesgarrienak; hori ere esan beharra dago.
Nere gogoan eta sentipentsaeran (ez pentsaera huts lehorrean), abertzale izatea da lurraren eta hizkuntzaren maitasuna bizitzea. (Holaxe, ismorik eta ideia potolorik gabe.) Lur honena, hizkuntza honena. Ama lurrarena eta ama euskararena. Hargatik zuten nahiago batzuek Amerri, eta ez Aberri. (Erdaraz Matria, eta ez Patria. Unamunok proposatu zuen hau, nik uste.) Boterearen eta diruaren logikaren kontrako jarrera da abertzale jatorrarena edo jatortasun abertzalearena. Eta zapalketa eta bazterketa ororen kontrakoa. Oraindik ez naiz ausartzen "abertzale" hutsa naizela esatera, eta badaezpada "anarko-abertzalea" naizela esaten hasi naiz; "abertzale" hitza hemen ematen ari naizen zentzua hartzen joango balitz, orduan ausartuko naiz. Neri iruditzen zaidana da abertzaletasun jatorraren galerak eta desmodatzeak ekarri duela ismo potoloen eta frikismo garaikide askotxoren loratze neurrigabea.
Abertzale jatorra "behezalea" da: beheko jendearen oso aldekoa, eta goikoen oso kontrakoa. Adibide onena neure herrian daukat, eta behin eta berriro ateratzen zaigu adibide bera (puri-purian dagoelako izango da). Ondasun publikoa den komentu baten zati batean okupazio saio bat dago martxan, helburu kolektibo-sozial "behetar" batekin, eta nere moduko abertzaleok erabat alde gaude, baina herriko botere politikoa ez; bestalde, ondasun publikoa den Loiolako basilika jesuiten sekta "goitarrak" okupatua dago, eta gu kontra gaude, baina botere politikoa ez. Okupazio behetar hori ez da oso legezkoa izango, baina bai bidezkoa, eta okupazio goitarra legezkoa izango da, baina ez oso bidezkoa. Adibide esanguratsua da jatortasun abertzale hau nora begira dagoen ulertzeko: zer duen gogoko eta begiko (ez "betaurrekoko"!).
Eta esango zaigu gu ere betaurrekoren batzuk jantzita ibiliko garela. Betaurreko txurigorriberdeak?, betaurreko gorri nafarkatedunak? Ez ba! Guk ez dugu behar eta ez daukagu banderarik eta kolore jakinik, eta ez dugu mugarik ere behar, eta kirol selekziorik ere ez, eta nafar erreinu zahar antzinakorik ere ez, eta beste ezgauza askotxo ere ez.
Abertzale jatorrak ez du aberririk ere behar.