Homage to Nika

Aitor Irigoien Odriozola 2019ko mai. 16a, 12:32

GUTUNA. Aitor Irigoien Odriozola (Getaria).

Asko miresten dudan idazlea (eta pentsalaria) da George Orwell. Izugarri gozatu zein ikasi nuen berak idatzitako 1984 eta Animal Farm (Abereen etxaldea) liburu bikainak irakurtzen. Ezinbestekoak bata zein bestea XX. mendeko historia eta gaur egungo hainbat egoera ulertzeko.

Oraindik irakurtzeke dut, ordea, Orwellen beste liburu zinez interesgarri bat: Homage to Catalonia (Kataluniari omenaldia). 1938an idatzia, Kataluniara kazetari gisa joan, baina bi urtez, Gerra Zibilaren baitan, POUM-eko miliziano gisa faxisten aurka gudan aritu zeneko bere esperientzia kontatzen du bertan. Frankismo aurreko Katalunia aske hartan bizi izandakoa omenduz, milaka pertsonen ahalegin itzelak bereziki.

Hain juxtu liburu horrekintxe oroitu naiz, asko estimatzen dudan gertuagoko beste pertsona bati buruz idazten jarri naizenean.

2011 baino lehen oso harreman juxtua nuen berarekin. Kalean elkarri ozta-ozta kasu egiten genion, eta Artzapen idatzitako artikuluren bati buruzko komentarioren bat edo beste egin, asko jota… 2011ko udaberri historiko hartan, alabaina, gauza asko aldatu ziren. Eta horren ondorio nagusietako bat bera Getariako alkate bilakatu zela izan zen. Aldaketaren alkatea.

Ordutik hona, bereziki 2011-2015 artean, milaka ordu pasa izan ditugu elkarrekin, harreman oso estua sortuz gure artean. Gauza asko ikasi ditut berarekin, eta esker oneko hitzak besterik ezin ditut idatzi berari buruz, diodan aprezioa, errespetua eta laguntasuna medio.

Lan ikusgarria egin da Getarian 2011ko maiatzetik aurrera, eta hori jende askoren ekarpenari esker izan da. Lan kolektiboa izaki, denen parte hartzerik gabe, ezer gutxi lor baitaiteke. Hori garbi utzi nahiko nuke. Hala ere, ebidentea da lehen lerroan dagoenak eramaten dituela kritika negatibo (ia) denak, eta pairatzen jendearen haserreak ere. Ondorioz, bidezkoa iruditzen zait ondo egindakoaren aitortza berezia ere egitea. Are gehiago horrelako postu batean, non gehiago tokatu ohi den kexuak eta protestak entzutea, zorion eta esker oneko hitzak baino…
Bere lanaren lehen 4 urteak oso gertutik eta barnetik bizitzea suertatu zitzaidan. Azken 4 urteak urrunagotik eta kanpotik jarraitu ditut. Eta argi dut aparteko lana egin duela. Eta hor daude emaitzak. Ez zuen erronka txikia aurrean. 28 urteren ostean, Getariako Udala beste era batera gobernatu eta kudeatu zitekeela erakutsi beharra zegoen: aniztasunean, gardentasunean, profesionalki, herritarrei hitza emanez, parte hartzean oinarrituz, gertutasunetik, zintzo eta inolako irregulartasunik gabe.

Erronka handia, baina erabat bete duena: herritarren parte-hartze prozesuak finkatu dira, Getariako Udaleko egoera ekonomikoa asko hobetu da eta bere berri une oro eman da, herrirako ezinbestekoak ziren obra ugari egin dira, bidean sortu diren arazoei konponbideak ematea lortu da… Eta hori dena krisi ekonomikoaren urterik gogorrenetan…

Denbora honetan guztian zehar Nikak erakutsi dituen hiru ezaugarri azpimarratu nahiko nituzke, egun ez baitira oso ohikoak:
- Arazoei konponbideak topatzeko eta aurrera eramateko erakutsi duen gaitasuna eta grina. Praktikoa izan da, eta horixe da alkate baten lehen egitekoa.
- Lanerako erakutsitako gogoa. Berak bakarrik daki zenbat ordu eta ordu dedikatu dizkion bere postuari, eta zenbatetan egon den, ixil-ixilik, alkate bati ez zegozkion lanak eta ardurak burutzen…
- Hitz egiteko eta akordioetarako gaitasuna. Mandelaren kamiseta nik eraman ohi nuen plenoetan, baina hark erakutsitako irakasgai nagusia aplikatzeko abilezia Nikak soilik zeukan. Hau da, aurkari politikoaren jarrera desegokietan ez erortzea, eta mendekua ez aplikatzea inoiz, beti elkarlanerako eta hitz egiteko prest azalduz.
- Egiari zor, herritar gisa pena handia hartu nuen bere udaleko etaparen amaiera iragarri zuenean. Baina pertsonalki poza hartu nuen, ondo dakidalako udal kargu bat izateak zer karga suposatzen duen, eta zortzi urteren ostean, eta hain lan ona eginda, deskantsua ondo merezia duelako.

Orain aurrera begiratzeko unea dugu. Maiatzaren 26an hitzordu garrantzitsua baitugu herritarrok. Izan ere, asko dago jokoan: 2011n abiatutako kolore anitzeko aldaketari jarraipena ematea vs iragan grisera itzultzea; guztion interes kolektiboa lehenesten duen udal bat izatea vs boteretsu gutxi batzuen interes pribatuek gidatutako herria; ezkerreko politiketan sakontzen jarraitzea vs eskuinari agintea ematea berriro; Nikak urte hauetan guztietan egindako lanari aitorpena eta despedida txukuna ematea vs hainbesteko ahaleginak ezertarako ez duela balio izan esatea.

Ardura handia dugu denok, beste behin, maiatz honetan. Eta berriro ere behar den moduan erantzungo dugulakoan nago. Herritar guztiok egin baitiezaiokegu Nikari jaso dezakeen omenaldirik onena.
–Aitor Irigoien Odriozola. Getaria.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide