Arrosaz

Miren Gorrotxategi 2019ko mai. 16a, 09:43

Artikulu hau idazten hasterako, amari deitu diot:

―Ama, zergatik txikitan ez zenidan arropa arrosarik erosten?

―Ez zitzaidalako arrosa batere gustatzen ―ez du zalantza izpirik egin. ―Ja. Eta zergatik ez zitzaizun gustatzen?
Arnasa hartu du sakon.

―Ba... ez dakit.

Banuen txikitan logela goitik beheraino arrosaz margotua zuen lagun bat. Ze inbidia genion guztiok! Eta gauzak ez dira asko aldatu: a ze poza hartzen duten zenbait ikaslek, azterketak boligrafo arrosaz erantzuteko baimena ematen diedanean. Baditut Instagramen goitik behera arrosaz jantzitako alaben argazkiak jartzen dituzten lagunak, "Amaren gogoz kontra" edo antzeko iruzkinak gehitu ohi dituztenak. Zenbat buruko min, kolore txatxu batek! Eta, zer, eta, koloreak, izatez, ez dira existitzen.

Objektuek ez baitute kolorerik. Gure begietan sortzen den sentsazioa baino ez da, uhin-luzera jakineko uhin elektromagnetikoek eragiten dutena. Baina ze sentsazioa!

Jaiotzen garenetik bereizten gaituzte arrosaz edo urdinez ―ni ez, kontatu dizuet ama ez zela zalea―. Gaur egun, gauzak aldatzen hasiak dira, baina alde batera egin du balantzak: zenbat dira arrosaz janzten dituzten mutikoak eta zenbat urdinez janzten dituzten neskak? Arrosak irten du galtzen, dudarik gabe. Guraso horiei galdetuko bagenie zergatik baztertzen duten arrosa, gehienek, nire amak bezala, erantzungo lukete arrosa ez zaiela gustatzen. Zergatik? Ba, auskalo: txepela, sosoa, ñoñoa... delako? Hori guztia transmiti dezakete uhin luzera konkretu bateko uhin elektromagnetikoek? Edo, agian, arazoa ez dago uhinen luzeran. Arazoa izan liteke arrosa lotzen dugula, inkontzienteki bada ere, kolore hori egotzi zaigunoi ―emakumeoi― kulturalki eman nahi izan zaizkigun, hau da, inposatu zaizkigun balioekin. Emetasunaren ikuskera makur batekin.

Izan ere, ikerketen arabera, jendeak arrosa gozotasunarekin, maitasunarekin, samurtasunarekin, eztitasunarekin eta xalotasunarekin lotzen du. Euskaltzaindiak berak ere eme hitzaren sinonimotzat jotzen ditu biguna, leuna edota otzana. Lehen aipatzen nituen eta emakumeoi historian zehar eskatu izan zaizkigun ezaugarriekin bat dator, beraz. Esaneko emakume otzanak izan behar dituen bertuteekin. Baina, zenbateraino gara kontziente horretaz, aurrean argiak arrosa kolorea proiektatzen digunean? Kulturak kolore horri egotzi dion zama astunaren zergatiaz? Arrosa arbuiatzen duten munduko amak ziur nago beren alabak indartsu, independente eta burujabe hazi nahi dituztela ―eta amak diot etengabe, nire inguruan amak direlako oraindik ere haurren jantziez arduratzen direnak―. Batak ez du, ordea, bestea kentzen. Hau da, ezin gara indartsu bezain gozo izan? Zergatik dugu negatibotzat samurtasuna? Zergatik neskengan bakarrik dira ongi ikusiak, eta mutilengan bikote edo familiako eremuetara bakarrik mugatzen dira? Zergatik dira mutilengan eta eremu publikoan, ahultasun seinale?

Arrosa aldarrikatu nahi dut zuri-beltzeko txoko honetatik. Ausart deritzet behin haurtzaroa atzean utzita, arrosaz janzteko hautua egiten duten neska zein mutilei, nerabe eta helduei. Guztionagan dagoen feminitatearen aldarrikapen bat izan liteke. Edo koloreak kolore baino ez diren pentsaera sinplea egon liteke atzean. Koloreak, esan bezala, sentsazio subjektibo bat baino ez baitira. Zinez, ez baitira existitu ere egiten.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide