Azkoitiko Udaleko ordezkariekin egin genuen bileran, alderdi guztiek konpromiso bat hartu zuten, eta publikoki horren berri eman genuen. Egoitza kaleratzeko eskaera beren egiten zutela, egoera aztertuko zutela eta bidea jorratzen hasiko zirela esan ziguten.
Konpromiso horren aurrean, talde horien hauteskunde kanpainan zer ikusiko zain egon gara.
Beren propagandan eta Maxixatzen aldizkarian alkategai bakoitzari egin dioten elkarrizketan ikusten da hiru taldetako alkategaiek (Azkoitia Bai, PSE-EE eta EH Bildu) gurekin egindako bileran hartutako konpromisoa betetzeko asmoa badutela.
Beste alderdia, EAJ, berriz, orain dela hilabete batzuk esandakoarekin azaldu zaigu berriro: "Ados gaude, baina bideragarritasunik ez. Egoitza herrira jaisteko eskaera oso aintzat izango dugu, baina testuingurua aldatu edo aukerak suertatzen direnean". Gure galdera da, noiz izango da hori? Gu isiltzeko al da?
Egoitza Kaleraren izenean esan dugu eta berriro esango dugu aukerak suertatu arte zain ezin dela egon; nahi izanez gero, aukera horiek bilatu eta landu egin behar direla. Egoitza herrian integratzeko konpromisoa hartu bada bilera batean, hitza betetzea eta pausoak ematen hastea eskatzen dugu. Igogailuak eta Urbanueren zerbitzu gehiago ezartzeak ez du integrazioa konpontzen, partxe bat besterik ez da, eta hobe da hor gastatuko dena baliagarriago izango den beste zerbaitetan erabiltzea.
Inguruko herri batzuetan (Elgoibar, Zarautz…) egoitza herri erdian egon arren, diputazioaren planen barruan egoitza berriak egiteko asmoa dago. Gurean zergatik ez? Herri bakoitzeko udalak egin beharko du eskaera hori, ezta?
Ez da eskatzen oraingo gauza bera egitea. Gaur egun, eredu desberdinak daude: eguneko zentroa, aparkalekuak, etxebizitza partekatuak zerbitzu desberdinekin… Eskatzen duguna da zerbait egin eta bideak urratzen hastea.
Kontuan izan egoitza herrian integratzeko eskaerak hiru milatik gora sinaduren babesa jaso zuela; orain arte udalean agintean egon diren alderdiek jaso izan duten boto kopurua baino gehiago. Herriko jendeak eskatzen du.
Hori kontutan izanda, aintzakotzat hartzea eskatzen dugu.
Hirugarren adinekoak bai, baina hirugarren mailako herritarrak ez!