Albistea

Erabiltzailearen aurpegia Jesus Mari Olaizola "Txiliku" 2019ko mai. 9a, 10:19

Jakin badakigu albisteak zer diren: gertaera baten adierazpenak; txarrak ala onak, baina albisteak berriak dira. Kontua da, ordea, gure kezka ez dela bakarrik albistea ona edo txarra den jakitea, benetakoa edo gezurretakoa den jakitea zaigula beharrezkoago; edota beste era batera esanda, ez direla albiste guztiak sinetsi behar.

Pasatu berriak ditugu hauteskunde batzuk eta iristear beste batzuk. Politikagintzan gero eta arruntagoa bilakatu da besteren akatsak harrotzea eta albisteak, gezur ala egia, asmo zikinez bestea kakazteko erabiltzea. Gero eta lotsa gutxiagorekin dabiltza gezurretako albisteak, fake news deitzen diren horietakoak, eta Internetek eta sare sozialek erraztu egin dute horien zabalkundea. Batek asmatzea nahikoa han eta hemen bolo-bolo ibiltzeko, eta gezurra sinetsi nahi duena bezalakorik ez dago albiste faltsuak sutautsaren moduan sutzeko eta zabaltzeko.

Horrez gain, noiznahi ditugu zelai elektronikoetan hedatzen diren esamesak edo amen-omenak (bere izen ingelesez hoax deituak). Sareetatik edo ahoz ahokoan sortutako gezur-kontuak, egiak ez direnak baina guk uste edo nahi dugun zerbaiten antza dutenak, eta egiatzat irensteko bidean jartzen dizkigutenak. Horrelaxe sinetsiko dugu txertoak autismoa sortzen dutela, salda bordelesaren kobrea naturalagoa dela kimikari batek egina baino, E-300 kontserbagarria munduan dagoen gauzarik txarrena dela, ilargiak baduela eragina zenbait egunetan landareen izerdia beste batzuetan baino indar gehiagoz mugitzeko edo beste mila errotarri ezin irentsizkoak zientziaren begiekin aztertuz gero.

Zenbaitetan egoera barregarriak sortzen dira negar egitekoak izan zitezkeela geure gogotik baztertzeko gai bagara. Ez da denbora asko emakume batek Gaboneko sugegorri baten antza zuen animalia ikusi omen zuen Hondarribia aldean, eta sakelakoarekin egindako argazki bat zabaldu zuen animalia hori erakutsiz. Gure gizarte honek sekulako erraztasuna du horrelako albisteak zabaltzeko. Emakumeak uste baino lehen, seguru asko, berak nahi baino gehiago hedatu zen sugegorriaren albistea. Ez dago gehiago esan beharrik. Gero eskuetatik joan zitzaion kontua. Udaltzainak aurrena, ertzainak ondoren, Foru Aldundikoak azkenik, denak ibili ziren suge arriskutsua non aurkituko Hondarribiako paduran. Emakumeak, bitartean, eutsi bereari, eta alarma soziala piztearekin uztezko kazetaritza egiten dutenek olatuaren bitsean morboari erregaia gehituz.

Sugearen bila luze ibili ondoren, eta haren arrastorik topatu ez, albistea eta argazkia egiazkoak ote ziren zalantzak piztu eta zorrotzago hartu zuten emakumea. Albistea gezurra zela aitortu zuen, Hondarribiko paduran aske zebilen Gabongo sugearen kontua dena asmatutakoa zela, broma bat egiteko.

Lehen esandakoa, albisteak txarrak edo onak bereiztea baino zailagoa zaigu egia ala gezur diren jakitea, nahiko genukeena eta benetan gertatua ez nahastea.

Agi denean, bazen behin baserriren batean urdaiazpikoa jateko kutixia zuen neskamotz bat, eta esaten zion amari:

–Noiz jan behar dugu gazi-kutxako urdaiazpiko hori?

Eta amak, erantzuna:

–Hago oraindik, alaba, maiatz luzeak eramango din-eta.

Ba omen zen garai hartan Maiazluzea deitzen ziotena eskeko bat, eta egun batean baserri horretatik pasatu omen eta…

Gero, amak urdaiazpikoa falta zela igarri eta alabari:

–Aizan, alaba, non da gure urdaiazpikoa?

–Zuk esanda bezala Maiazluzea etorri zen lehengoan eta hark eraman zuen.

Zer zen gure neskamotza, oso argia edo tuntuna zeharo? Eta amari emandako albistea, egia ala asmatua? Eta honen guztiaren ikaskizuna? Hauxe: bi aldiz pentsatu datozkigun albisteak egia diren ala ez, eta baita zer esan nahi duten ere.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide