Ez diot sekula botorik eman inongo alderdiri. Beti pentsatu edo sentipentsatu izan dut ordezkari bat urdezkari zerri bat bihurtzen dela azkenerako (eta aurrenerako ere bai askotan). Baina koherentea eta sistematikoegia izateak pisatu egiten du, eta nazkatu naiz beti jarrera bera edukitzen. Hori ondo dago pentsaera edo ideologia jakin bat daukanarentzat, baina ni ez naiz klase horretakoa: nerea "sentipentsaera lausoa" da. Eta gainera gai hau txoro-arinegia da oso benetan hartzeko.
Beste arrazoi bat ez bozkatzeko: zerbaitekin identifikatzeko daukadan ezina. Beti sentitu izan dut botoa ematea zela boto-hartzailearekin identifikatzea: "ni horietakoa naiz", "ni hori naiz", eta hola. Badakit hau askok saihesten dutela "pertsonei begiratuz", eta "nik halakori emango diot botoa, jatorra delako", eta abar. Oraingo nere erabakia ere hortik doa pixkat.
Hauteskundeak zirku bat dira, edo inauteri/maskarada bat, eta ni sentitzen naiz zirkura sekula joan ez den ume baten pare, edo maskararik jantzi ez duen gizaki lehor baten eran. (Oharra: zirkua ez dena gure eguneroko aukeratze edo benetako botoak dira, eta garaileak beti jakinekoak izan ohi dira: Bayer, Zara, Eroski, BBVA, Vocento, Amazon, Reala/Armagintza, Athletic/Petronor, eta abar.)
Oraindainoko martxa hau maiatz honetako hauteskundeetan hautsiko dut. Zerbaiti baino gehiago, norbaiti emango diot botoa. Eta pertsona edo norbait hori zigortua dago eta erbesteratua. (Horrek asko gutxitzen du urdezkari zerri bihurtzeko arriskua. Zigortuek laguntza eskatzen dute. Joan den igandeko maskaradan Nafarroan bozkatzea tokatu balitzait, Espanyako hiribururako Bel Pozueta aukeratuko nuen, Altsasuko Adur presoaren ama izate hutsagatik, baina, holakorik ezean, ez zegoen neretzat nahiko arrazoi botoa emateko. Espanya ez dago urruti, baina ni urruti nago Espanyatik.)
Botoa emango diodan norbait hori Gironako gizon bat da eta ia ez dakit ezer hari buruz, baina badakit hangoa banintz ez niokeela botorik emango, zeren gauza itsusi asko jakingo bainituzkeen, hemengoei buruz dakizkidan bezala. Gorbatadunetakoa da gure gizona, eta ofizialki "zentro-eskuinekoa", eta horrek libratzen nau harekin erabateko identifikazio bat sentitzetik. Gizon horren kasua, ordea, ia irreala da eta oso surrealista, zeren ez da inon ikusi "lehendakari autonomiko" bat erbesteraturik, eta gainera edozein ezkertiar baino ausartago eta ekinekoagoa denik. Laguna du, erbeste-laguna, Valtònyc rapero komunista gogorra ere (hara hor biak argazkian), eta hark esana da: "Puigdemont ez da eskuinekoa: anarkista eta iraultzailea da".
Hauteskunde horiek maskarada surrealista moduan sentitzea errazten du neretzat "Europakoak" izateak, zeren Espanyatik urruti banago, ba pentsa zer fede izan dezakedan nik han-nonbait omen dauden auskalo-nolako erakundeekin. Baina zirkua da hau funtsean, nahiz-eta zigortuen alde egiteko ari garen baliatzen. Eta badakit, zigortuekin segituz, Junqueras presoaren zerrenda ere hor daukadala bozkagai, baina zerrenda horretan euskaldun gehiegi dago, ezagunegiak dira, eta zerrenda ezkertiar (??) hori, Puigdemontena ez bezala, politikoki txepelegia edo errealistegia da nere izaera egongaitzekoarentzat.
Beste bi kontutxo, nere botoa argitzen laguntzeko: batetik, Puigdemontek betetzen du gaur Espanyaren etsai pertsonal gorenaren lekua, eta Espanyako herri batean hor ibili dute panpina bihurturik, tirokaturik, iraindurik eta, azkenean, suturik. Bigarren kontutxoa: hemen inongo aukera edo alderdi politikok ez du eskatuko Puigdemont bozkatzea eta, beraz, hemengo inorekin identifikaturik gelditzeko arriskuak baztertuak gelditzen dira. (Eta katalanen beren artean ere gero-eta estimazio eskasagoa omen dauka.)
Junts. Batera. Carles Puigdemont i Casamajó: irtenbide surrealista bat nere birjintasun elektorala hausteko. Ia-ia irreala eta sinesgaitza.
(Eranskina: behin hasi ezkero, tentazioa sortuko zait agian herriko eta herrialdeko maskaradetan ere paper-muturra sartzeko. Inork jakin nahi balu, tentazioan eroriko banintz, herrialdekoetan Erraustegiaren Blokearen kontra egingo nuke, eta herrikoetan, nola "batzuen eta besteen" artean gero-eta alde txikiagoa dagoen, hemen ere arrazoia pertsonala izango da, izatekotan: Eneritz Albizu anderea agertzen den zerrendari emango nioke, zeren, Hitzan zegoelarik, haren burutazioa izan baitzen ni hemen idazten hastea. Baina ikusiko da ze umorerekin jaikitzen garen egun horretan, eta bitartean zer moduz portatzen diren herriko agintariak herriko seme-alabekin. / Azken eranskina: hau bidaltzerakoan, ez dago garbi Puigdemonti aurkezten utziko dioten. Ez da harritzekoa. Ikusten nago zirkurik gabe gelditu behar dudala.)