Azkonar koitadua, gizaki baten tranpan harrapatua

Jose Maria Aizpitarte 2019ko mai. 1a, 13:00

Istorio bat daukat kontatzeko. 2019ko apirilaren 27an, larunbatean, gertatu zen. Loiola bailarako zelai ertz batean, bere eguneroko lanetan zebilen azkonar koitadu bat. Ziur asko janari bila ariko zen, eta tranpa batean erori zen. Tranpa gizaki maltzur batek jarritakoa zen, eta egunak pasatu zituen azkonarrak han harrapatuta.

Behi batzuen jokaerak harrituta –beti azkonarra harrapatuta zegoen tokira begira zeuden–, inguruko baserri bateko kide bat bertara hurbildu zen, zer gertatzen zen ikustera. Han aurkitu zuen azkonar gaixoa hilzorian, tranpan harrapatuta. Baserritar horrek laguntza eskatu zion auzoko beste kide bati, eta bien artean, kostatuta bada ere, askatzea lortu zuten. Zaurituta zegoen, zeharo ahulduta, eta guardari eta ertzainei gertatutakoaren berri eman eta gero, Igeldoko Arrano etxera eramatea erabaki zuten, bertan senda zezaten.

Azkonarrari gorputzean itsatsita zituen azken alanbreak kendu zizkioten, eta indaberrituta eta guztiz sendatuta, bere bizilekura itzuli zuten hurrengo egunean. Sendatu ondoren, apirilaren 30ean, askatasunaren bidea hartu zuen azkonarrak, jaio zen eta ezagutu zuen toki berean.

Ziur asko, gizaki maltzurrak bere oilasko, untxi edo bestelako animaliaren bat sumatuko zuen faltan, eta horregatik erabakiko zuen tranpa bat jartzea. Baina tranpa horiek guztiz debekatuta daude, edozein animalia, piztia edo gizakia bera ere harrapatuko luketen tranpak direlako. Gure azkonarra ez da harrapakina. Honako hauek dira bere elikagaiak: zizareak, intsektu txikiak, fruituak, artoa, garia eta arrautza ustelak. Gainera, animalia babestua da, desagertzear dagoen espeziea baita.

Azkonarrak gizakiarekin izandako harremanetan bi gizaki mota ezagutu diru: gizaki maltzurra eta gizaki zintzoa. Espero dugu gizaki zintzoarekin geldituko dela, gizaki eta mundu hobe bat egingo duten pertsonak badaudela konturatuta. Behin hala irakurri nuen liburu batean: "Mundua biziko da gizakirik gabe, baina gizakia ez da biziko mundurik gabe". Azkonarra munduko partaidea da, beste piztia eta animalia guztiekin batera. Errespetua zor diogu, eta hobeto ezagutu behar genituzke; jakin behar genuke beren bizitza nolakoa den, non bizi diren, zer jaten duten... Hori da gure animaliak zaintzeko eta errespetatzeko bidea.

Zorterik onena opa diogu gure azkonarrati, berriro ez dadila tranpan erori eta gizakiontzat izan dadila eredu. Ikas dezagun zer egin behar dugun! Eta jaso dezagun zer ez dugun egin behar erakusten duen ikasgaia, berriro gerta ez dadin! Gora, gure azkonarra!

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide