Askotan oharkabean agurtzen ditugu gauza txikiak, neguan desagertzen diren loreen antzera eta udazken orok usteltzen dituen hostoen pareko. Egun batean badaude, eta bestean ez, batean munduari kolorea jartzen diete, baina hurrengo egunerako desagertzen dira. Karakolek jan dituztelako, irentsi, edo besterik gabe, haizeak eraman dituelako. Nor dira, nor ziren? Non dira, non ziren? Horiek ziren, izan ziren eta ez geroko beste batzuk.
Chavela Vargasek zioen moduan tristezia ez da gauza sinpleen heriotza geldoa besterik. Gauza sinpleak haizeak eramaten ditu, denborak irensten ditu, askotan agur bat emateko aukerarik izan gabe ere. Finean dena da oso sinplea, dena da askoz sinpleagoa, baina zein da "agur" edo "hurrengo bat arte" esatearen desberdintasuna?
Biek ekarri dezakete zerbaiten amaiera, hitz batean edo hirutan, kolpe batean ala bitan. Eta hasiera guztien atzetik bukatzen asmatzea ere ez baita ardura gutxiagokoa.
Hitzen atzetik hariak lotzen ari naizenean sortzen zaizkit barneko zalantzarik handienak, eta jabetzen naiz euskararen elegantziaz. Hori baita nire ahoa, nire min eta ideologia. Euskaraz idatzi ditut hilabetero hemengo iritziak. Euskaraz biluztu naiz egunkari honetako orrietan, hustu, barreneko korapiloak askatu. Sistemak erakutsi eta inposatutakoak zalantzan jartzen saiatu naiz, deseraikitzen eta berriz ere eraikitzen. Zomorro baten antzera erosotasunean ziztada bat egin eta irakurlea zirikatzen. Hemerotekak gaur egun duen arriskuarekin, esandakoak betiko geratzeagatik, eskerrak iritziak aldatzeko eskubidea baden, batez ere denborak beste ikuspegi bat ematen duelakoan.
Haserretik idatzi dut batzuetan, minetik eta amorratuta ere bai, baina euskaraz. Euskaraz bizi nahi dut, eta ahal bada zeharo. Ahaztu gabe herri honetan euskara izan dela zigor, baina behin bati entzun bezala, euskara zigortu duenari ere hemen bertako deitzen zaio, hori da okerrena.
Pertsonak adina agur mota egongo dira, nostalgikoa izan daiteke batzuetan, edo samina eragin dezaketenak besteetan. Egoeraren arabera, eta egoera pertsonalaren araberakoak ere badira. Batzuetan helburuak ez betetzearen ondorioz etortzen dira, egunero-egunero mila debeku eta hainbat justifikazio eman beharraren ondorio, herri honetan gure legeak gure esku izango bagenitu… gogoa edo adierazpen askatasuna, ea nor nekatzen den lehenago.
Ruperrek aspaldi esana zigun "agurraren lezioa" ez dela aise konprenitzen; "bere alde batek baietz dio, ezetza berriz besteak, ez da aise konprenitzen agurraren lezioa", "agurraren lezio hori ikasteko ahazten jakin behar, lezio hori ez dago ikasterik, hala esaten dizuet nik. Nork du ahazten ikasiko?, nork du ahazten ikasiko?".
Orain artean ongi esandakoak gogoan izan, eta gaizki esanak barkatu. "Agur" edo "hurrengo bat arte" irakurle!