Itsasbehera arte itxoin behar izaten da hondartzan altxorrak nahiz zaborrak bilatzeko. Marea morearen gorakada pasa ostean, ur biziak jada baretuta, zapore gazi-gozoa utzi didala konturatu naiz. Une ahaztezinak, noski, tartean: herriko plazan ehunka emakume bilduta, astintzen genituen globo moreak bezalaxe puztuta eta harro, indartsu taldean, guztiok ahizpak borroka berean. Horra, bioletazko karamelo gozoa.
Baina badira ustel irtendako konfiteak ere.
Emakume taldetxo bat dago bilduta irakasle-gelako kafe-makinaren aurrean. Greba egiteko asmorik duten galdetu du batek. Baietz erantzun diote guztiek, batek izan ezik. Hezkuntzan gizon nahiz emakumeek soldata bera dutela, ez duela berak grebarako beharrik ikusten.
Beste lantoki bat, beste kafe-makina bat. Mugimendu gutxi dagoela ostiralera begira esan du emakume batek. Ea bilduko diren, greba egin, nola antolatu, zer ekintza egin, erabakitzeko. Beste batek erantzun dio greba egiteko ez daukala berak inorekin kontsultatu beharrik, erabakia aspaldi hartu zuela berak bakarrik.
Hirugarren lantoki bat; hemen ez da kafe-makinarik, produktibitateari kalte egiten omen. Komunean, ahapeka, grebaz galdetu dio emakume batek besteari. Greba? Eta lanpostua ─prekarioa, baina lana, finean─ arriskuan jarri? Ezta pentsatu ere!
Esan bezala, urak lasaituta hasi naiz guzti horretaz pentsatzen. Eta, barealdian, ostiraleko globo moreak bezala hustu naiz. Ze indibidualistak garen. Ze egoistak. Nancy Fraserren hitzak erabiliz, "feminismo neoliberala" deitzen dio horri Maite Asensiok larunbateko Berrian. Asensiok %99aren feminismoaz artikuluan ederki azaltzen du ostiralaz geroztik buruan darabilkidan ideia anabasa. Bertan dio AEBetatik datorren ideia dela %99aren feminismoa. Feminismo horrek guztiz baztertzen du %1aren feminismo neoliberala, kezka bakartzat kristalezko sabaia haustea baitu. Asensiok dio Euskal Herrian ez dagoela halako gatazkarik, "Euskal Herriko Mugimendu Feminista oinarrikoa", "autonomoa eta transbertsala" dela. Zorionez. Baina feminista militante ez izan arren beren burua feministatzat duten zenbait emakumeren diskurtsoak kezkatzen nau. "Nire lan-baldintzak onak dira eta besteak hor konpon" edota "nik greba egingo dut eta besteak marianton" moduko pentsaera askorekin egin dut topo egunotan. Nik ez dut feminismoa ulertzen ahizpatasunik gabe. Indarra baturan dago, eta guztiona da borroka. Eta poz ematen dit gaztetxoak bandera moreak astintzen ikusteak, plaza berean beren amekin eta amonekin bilduta, hainbat urtetan feminismoak jasan duen estigmatizazioa erauzita, mozorrorik eta lotsarik gabe.
Baina pasatzen diogu egutegiari orria eta morea kolorgetzen da, ahizpekiko lotura laxatzen. Eta hamarkadaz hamarkada errepikatu ditugun mantra berberak errepikatzen ditugu, eta esaten diegu neskatoei emakumeak berez garela lehiakorrak elkarren artean, eta maltzurragoak gizonak baino, eta kritikatzen dugu bataren jantzia eta bestearen orrazkera, eta kirurgia estetiko gehitxo egin dituela honako honek, eta ikusi begi inguruan zenbat zimur atera zaizkion beste horri, eta beste hark astebururo mutilez aldatzen din, eta beste hura moja hutsa dun, eta ez omen du haurrari titia emateko asmorik, eta hiru urte eta oraindik ez omen dio titia kendu!
Errepikatzearen errepikatzez, ondo sinistera iritsi gara lehiakortasunaren kontua. Eta ezin hobeki praktikatzen dugu. Ea egunen batean ohartzen garen, ordea, askoz lehiakorragoak garela indarrak batuta. Eta lehia ez dela elkarren aurka. Aurrez aurre eta elkarrekiko lehian jarri nahi gaituzten horien aurka baizik.