Agintzea ez da gauza erraza. Hala ere, batzuek ez dute behar izaten aginte-makilarik beren boterea edo lidergoa ezartzeko. Liderrak dira. Berezko liderrak. Beste batzuk, aginte-makila handienarekin ere, ez dugu inoiz agintzen ikasiko.
Agintzen duen bakoitzeko ezinbestekoa da obedituko duen norbait, bat bakarra bada ere. Agindu eta obeditu, agintaria eta mendekoak. Horrelakoak dira kontuak: agintariari men egitea ezinbestekoa da, eta, hainbat erakundetan, behekoek goikoei beharrezko obedientzia nahitaezkoa, derrigorrezkoa.
Beraz, aginte-makilari men, eta aginte-makila dioenak berdin esan dezake galoi, izar, gerriko-banda edo beste edozein aginte-ikur. Militarrek egina dute izateko era bat modu horretako erlazio bertikalarekin. Agintzen ikasteko akademiak dituzte, gainera, eta obedientzia bertute bilakatu dute.
Baina beti ez da nahikoa izaten agintzen ikastea. Honako hau agintea galdu zuen militar baten historia da.
Domingo Egaña izena zuen, eta getariarra zen, 1815. urtean jaioa. Lehenengo Karlistada hasi zenean hemezortzi urte zituen. Ez dakigu noiz eman zuen izena Karlos Maria Isidro Borboikoaren mendeko armadan, baina garbi dago han zela karlistek Getariako herria hartu zutenean 1836ko Urteberri egunean, zauritu egin baitzuten. Hogeita bat urte betegabe zituen. Gero, Oriamendi eta Andoaingo guduetan borrokatu, berriro ere zauritu, eta Gipuzkoako 8. batailako agintari izendatu zuten, koronel graduarekin.
Bergarako Besarkada ez zuen onartu eta mugaz bestalde deserrira joan zen. Hogeita lau urte zituen. Handik hamarrera, bigarren karlistada piztu zenean, berriro borrokara itzuli zen, 150 boluntarioekin. Hilabetez moldatu zen nola edo hala, baina bigarren altxamendu hark ez zuen arrakasta handirik izan Euskal Herrian, eta beste behin ihesi egin zuen. Oraingoan Mexikoraino joan zen.
Hala ere, 1872. urtean Don Karlos VII.a Borboikoa Espainiara itzuli zenean eta karlistak hirugarren altxamendua antolatu zutenean, gure Domingo Egaña, herrena, beso-txangoa eta berrogeita hamazazpi urte bizkar gainean, Mexikotik etorri eta Don Karlosen agindupean jarri zen berriro. Karlisten errege zen Don Karlosek brigadier izendatu zuen eta Gipuzkoako komandante nagusi izendatu.
Badirudi hasiera distiratsu baten ondoren (Urnieta, Buruntza…) Egañaren izarra itzaltzen joan zela. Bere Getaria maiteari (soldadu liberalak han gotortu ziren) setio jarri zion, baina ez zuen menderatzea lortu. Garai honetakoa da Zarauzko hondartzan noizbehinka agertzen den Gustav Wilhem itsasontzia, beste historia interesgarri bat duena. Beraz, Egañak aginte-makila galdu zuen, eta karlistek gerra.
1876. urteko otsailean, Lizarra erori zen liberalen eskuetan, eta Don Karlos Frantziarantz abiatu zen ihesi; atzean karlisten iparraldeko armada desegiten hasi zen. Don Karlosek agindu zion Egañari antolatzeko Gipuzkoako batailoiak. Egañak hitzaldi suharra egin omen zuen desegiten ari zen soldadu-jende haien aurrean. Haserrea. Traidore eta desertore hitzak erabili omen zituen. Soldaduek haiek beraiek hil zuten Orreagan.
F. Apalategi Igarzabalen Karlisten eta liberalen gerra-kontaerak liburuan bi arrazoi kontatzen dira Egañaren agintearen gainbeherarako.
"Zergatik kendu zioten aginte-makila Egañari?" galderari erantzun hau ematen zaio:
– Egaña kementsua zen, hainbatetan erakutsi zuenez, baina ezagutza militarrik ez zuen. Eta, gero, memelokeria hura. Hirurogei urtetik gorako gizona hala maiteminduta hemezortzi urtera doi-doi iristen zen neskatila hartaz…
Denen barre-eragile bihurtu zen. Aginte guztia galdu zuen.