Bete-beteak dira gure sagardotegiak, erdi beteak basoak. Ez da txuletarik falta gure mahaietan, ezta bakailao tortilla, are eta gutxiago intxaurrak mozten ari izanaren zauriak uzten duen marka. Urtero joanagatik ere intxaurren orduan beti hasten da lehia txikia; nork azkarrago apurtu, nork modu aldrebesenean zatitzearen jokoa. Grazia egiten die askori, mina beste gutxi batzuei.
Irrintziak, trikitixak, txistu eta danbolinak, denetariko zaratak izaten dira. Sagardoak grazia zipitzik egiten ez dietenak ere joan ohi dira; konpromisoa. Askotan ihesbide zaila izaten baita, eremu desberdinetan hain zabalduta dagoen ohitura izaki… Kuadrillako afaria, laneko bazkaria, aitona-amonen urtebetetzeak, karrerakoekin parranda botatzeko aitzakia, autobusa hartu eta ahalik eta txotx gehien harrapatzea da zenbaiten gakoa. Hernani eta Astigarragako kaleetan herriko jai konstanteak izaten dira asteburua joan eta asteburua etorri, sagardotegietako jendeak espazio osoa bereganatzen du hilabete hauetan… gorrotagarriak dira sortzen diren hainbat gune, gorrotagarriak dira kaleetan zehar Txooootx aldarria oilartuta oihukatzen dutenak, gorrotagarriak dira alkoholaren aitzakian errespetu guztia galdu eta dena libre dela uste dutenak. Dena den ez naiz euskal kulturaren tradizioa mantentzen duen ohitura folkloriko honi buruz hitz
batzuk idaztera etorri. Izan ere, han izan bainintzen pasa den asteburuan; sagardotegian. Hitzak paperean idazten hasi eta pasa den asteburuan egindako planen errepaso labur bat etorri zait burura.
Maiz gertatzen da ajearekin esnatzen zaren egunean kakaren hurrengoa sentitzea, bezperan esandakoak zure ahotik ezabatzeko gogoa izatea, parrandaren errepaso mentala egitea, eta batez ere, egun horretan zein plan egin ez jakitea. Nahiko edan eta diru-zorroari astindua eman ondoren Euskal Herriko kaleetan zehar zein kultur agenda zegoen begira hasi nintzen. Zauria(k) Eromena. Gorputza. Feminismoak izeneko dokumentalarekin egin nuen topo; Bilbon Alde Zaharreko Bira kultur gunean arratsaldeko seietan.
Bertan nintzen 18:50 ingururako. Bazen nahikoa jende, aurpegi ezagunak, adin desberdinak eta dokumentalaren egileak: Maier Irigoien Ulaiar, Isabel Saez Perez eta Iker Oiz Elgorriaga.
Ikusten hasteko desiratzen nengoen, urduri, intrigaz. Play eman eta minutu gutxiren bueltan barrenak uzkurtu zitzaizkidan. Gai isila, eta testigantza gogorrak, latzak. Bederatzi emakumeren ondoez psikosoziala eta genero bizipenak uztatzen ditu.
Eromena.
Kontrolatu ezinak diren oihu, garrasi eta jokaeren beldur da bat, erotzeko zorian sentitzen dena, erotzat hartu zutena. Lau pareten artean preso egona da bestea, anti depresiboak bata bestearen atzetik, lasaigarriak, psikologoak, psikiatrak, azkenean; electroshock-ak.
Erotzat hartu dituzte, etiketatu, gizartetik bereizi; kanporatu.
Atzera egin dute, guztia hasi zen garaia gogoratzeko, batzuk bizpahiru urte atzera, beste batzuk gehiago, bakoitzaren arabera, ikuspuntuaren arabera.
Nahitaezko geldialdi bat aipatzen du beste batek, norberaren mugak ulertu eta horiek zeharkatu baino lehen gelditzea zilegi dela.
Emakumeak guztiak, erotzat hartuak denak, ezer ez da kasualitatea.