Koska bat edo bi

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Segurola 2019ko ots. 21a, 09:40

Aldi dohatsu hartan jendea jendearekin egoten zen, eta jendeak jendearekin egiten zituen gauzak, baina egun batean haietako bat petraldu egin zen eta besteak baino koska bat edo bi gorago jarri eta esan zien beste guztiei: 'nik badakit zeozer zuek ez dakizuena', eta jendeak elkarrekin egoteari eta egiteari utzi, eta zekienari begira jarri ziren». Hauxe da gaurko asuntoaren hasiera, era mitiko batean ("azkar eta ondo") adierazirik, eta asuntoaren bukaera da gure gaurko bizimoduaren zati haundi bat aspalditik dagoela bihurtua ekitalditik ekitaldirako ibilera bat. Ekitaldi batean (batzar batean ez bezala) bakarren bat koska bat edo bi gorago jartzen da, eta "jendaurrean" jartzen da, hau da, jendearen aurrean, eta halaber jartzen da, nahiz-eta ez hola esan, "jendaurretik", hau da, jendearen aurretik, eta hala, jendea jendearekin egon eta zeozer egin beharrean, egoten da beti jendaurrean jarri denari begira eta adi. Beti ez bada gehienean; edo askotan eta gehiegitan.

"Nik badakit zeozer zuek ez dakizuena". Jakintsu eta aditu-pasea etengabekoa da zeru-azpi hauetan. Tokian tokiko jendeak bizi izan duenaren gainetik dago beti dakienaren iritzi jakintsua. Herriaren desjabetze erabatekoaren aurpegi bat da herri-jakinduriaren eta eskarmentu partekatuaren desjabetze eta gutxiespena. Berdin da ekitaldi batean droga zikinaz tratatu edo espiritualitate garbiaz; jaiotzeaz edo hiltzeaz; ustelkeriaz edo putakeriaz; ahalduntzeaz edo euskalduntzeaz. Koska bat edo bi gorago jarria dagoenaren ahotsa gailenduko zaio beti jendearenari. Ez batzuetan, ez askotan: beti! Ahazturik zeharo herri-esaerak dioena: "letraduak badaki: probatuak hobeki".

"Nik badakit zeozertan". Koska bat, bi, hiru edo lau gorago oholtza dago. Jendea jendearekin egotea eta zeozer egitea eragozteko inbentu onena da oholtza, betiereko oholtza, bazter guztietako oholtza, aristokraziak (elizako aldareen antz eta irudira) herriari inposatutako oholtza. Esan nahi da: oholtza-gainekoa inportanteagoa bihurtzea behekoa baino (jendaurrekoa jendearen aurretik), eta jendea ixilik eta geldirik edukitzea. Hori da aristokraziaren eta bere kulturaren lorpenik haundiena, eta "kontzertu" izeneko inbentuan ikusten da ondoena. Gauza bat da aristokraziak kontzertuak asmatzea, beraiek —herritik bereizteagatik— beren buruei inportantzia eta seriotasun bat emateko, eta beste gauza bat da hori jendeari irentsarazi eta jendea —jende ustez bihurriena barne!— hori imitatzen hastea. Musikeroak, soinujoleak, komerianteak edo bertsolariak beti egon izan dira; pastorala bezalako herri-antzerkia ere bai, baina herri-jendearen jarrera izan da "sartu-irtenekoa", oraintxe-bai-eta-oraintxe-ezekoa, gogoaren eta komenentziaren araberakoa, zeren benetan axola duena ez baita oholtza-gainekoa ondo, gaizki edo erdipurdi ari den, baizik-eta behean ze giro edo xaltxa dagoen, eta —tenpluetan eta leku sakratuetan ez bezala— ze solas eta berriketa dagoen ere bai. Oholtza-gain eta erakustoki orotarako balio duelarik uler bedi hau: norbaitek jotzen duen soinuan egingo du dantza jendeak han tokatu baldin bada, baina inporta duena dantza da, ez soinua. Eta ez dute inporta teknikak, izenak, ekarpenak eta ez kulturaren bestelako asmakariek eta asmakeriek (kulturak ematen duen jantzian sinisten duten gizabanakoentzat salbu). Eta ez nago kulturaren eta kulturak ematen duen jantziaren (zeharo) kontra, baina ni herri-jende erantziaren zaleagoa naiz. (Ez ahaztu hizkuntza bera, Homo Loquens gisa omen daukagun bereizgarri preziatuena, herri ezjakinaren inbentua dela.) Egon dadila egon behar duen kulturjasa guztia (kirolaren inbasioak behar du alternatiba fin bat gizabanako ikasientzat), baina, nolabait esan, mezetako errespeturik eta arreta osorik eskatu gabe; ixiltasun eta gelditasun aristokratikorik edo elizakorik inposatu gabe jendeari; bazter guztiak (egintza eta egontza oro: hitzordu eta hotsordu oro) inbaditu gabe; jendaurrera datorrena baino jendea mila bider inportanteagoa dela ahaztu gabe. Jendea, bai: jendeak dakiena: jendeak esaten dakiena eta egiten dakiena, koska bat edo bi goragokoen ikuskizun eta entzukizunei tamainan kasu eginez.

Neuk ere hanka bat kulturaren barruan daukat, ez oso barruan, baina beste hanka kanpoan daukat, oso oso kanpoan. Nik ez dakit ezer (taxuzkorik) jendeak ez dakienik. Hemen bota ditudanak jende askok sentitzen dituenak dira. Jende-artekoari edo norberari bost minutu kentzen dizkio artikulu xixtrin hau irakurtzeak. Hori pentsatuta lasaiago gelditzen naiz, eta neure koskan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide