Aurrera goaz

Urola Kostako Hitza 2019ko ots. 20a, 12:43

Iban Arregi. Berria Taldeko kontseilari ordezkaria

Atzo zela ematen du, baina dagoeneko 15 urte bete ditu Urola Kostako HITZAk. Azpeitiko Uztarria aldizkariaren ordezkari moduan hasi nintzen parte hartzen gerora HITZAren sorrera ekarriko zuen prozesuan, artean Egunkaria bizirik zela. Eta hona paradoxa: EGUNKARIAREN bortxazko itxierak eman zion azken bultzada HITZAren sorrerari. Gaur, atzera begiratuta, bistakoa da elkarlanaren kultura ez genuela ordu hartan oso landua, ez genuela oso barneratua. Erakunde publikoak ere urruti genituen, oso urruti. Baina aurrera egin genuen, egoera zailenetan herri honek egin ohi duen moduan.
Ez naiz ni orain deskubritzen hasiko euskal hedabide baten eginkizunak. Euskararen normalizazioari, euskalgintzaren zabalkundeari, kulturgintzaren dinamizazioari lotutako eginkizunak ez ezik, informatzearekin lotutakoak ditugu batik bat oinarrian (informazio askatasunarekiko eta irakurlearekiko erantzukizunaren muina direlako): informazio landua eskaintzea, kalitateko kazetaritzaren aldeko konpromisoa, berehalako informazioa, kazetaritza independentea, herritarrak ongi informatuta izatea, interes publikoa kontuan izatea, aginte publikoarekiko kritikotasuna eta zorroztasuna…. Eta irekia, sentsibilitate guztiei irekia. Eginkizun garrantzitsua betetzeko eginkizun asko euskal prentsarentzat, euskal hedabideentzat.

Eta tokiko prentsa bera, gertuko informazioa bera oso da garrantzitsua eskualdearen (eskualdeen, herrien, auzoen) kohesioa sustatzeko; ezinbestekoa. Elkar ezagutzarik gabe ez dagoelako kohesiorik, ez eta elkar ezagutzarik komunikaziorik gabe. Horretaz gain, edozein komunitateren hizkuntza ohituretan, edozein herritarren hizkuntza erabileran eragiteko oinarri-oinarrizkoak dira hedabideak. Tokikoak bereziki.

Herri-ekimenetik sortua da HITZA, hainbat herri aldizkariren, hainbat elkarte eta euskaltzaleren arteko elkarlanetik sortua. Berria egunkaria bidelagun izan zen eta izango da. Gaur, egoera aztertuta, elkarlanaren kulturan aurrera egin dugula nabarmena da. Irla isolatuak artxipelago bihurtu zituen HITZAk eta, orain, eskualdeko euskal hedabideen artean garatzen ari den elkarlan-dinamikak oinarri are sendoagoak ezartzea du helburu, ikuspegi estrategikoa bateratuta. Nazio mailan ere hor ditugu Hekimen eta Tokikom elkarteak, erakunde publikoak ere gertuago daude... Erronka zaila dugu esku artean, baina aurrera goaz.

Iban Arregi. Berria Taldeko kontseilari ordezkaria

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide