Aspaldi ezagutu nuen madrildar batek behin esan zidan Euskal Herrian izana zela, txikia zela. Eta gauza batek ikaragarri eragin ziola: Son Goku telebistan euskaraz entzuteak. Atsekabe handiz egin omen zuen negar gaixoak, ezer ez ulertzen eta. Opor ederrak emango zizkien gurasoei! Hain gaude ohituta saioak itzulita ikustera, neuk ere noiz edo noiz Son Goku japonieraz entzun izan dudanean, iruzur hutsa dela pentsatu izan dut.
Badira urte batzuk nire eskuetara Europako mapa bat iritsi zela, non ikus zitezkeen herrialde bakoitzean erabiltzen ziren ikus-entzunezko itzulpen-teknikak: bikoizketa, azpitituluak edota voice over teknika (gainjarritako ahotsa, gurean dokumental gehientsuenetan erabiltzen duten hori). Batean eta bestean ezagutu izan ditudan Europako lagunengan pentsatzen hasi, eta nahiko bat zetozen haien ingeles maila eta mapa hark erakusten zidan errealitatea. Kointzidentzia izan zitekeen, bai. Baina bila hasita, mapa haren eta beste baten arteko konparaketa topatu nuen. Bigarren hartan, norbere hizkuntzaz gain gutxienez beste bitan ondo moldatzen ziren hiztunen mapa ageri zen. Eta... tatxan! Mapa hura ere bat zetorren aurrekoarekin. Berriro ere kasualitatea ote? Sinplekeriatan erori gabe, asko dira, noski, herrialde bateko biztanleek atzerriko hizkuntzak jakitean eragin dezaketen faktoreak, baina ezin albo batera utzi ikus-entzunezkoak itzultzerakoan egiten diren hautuak. Denbora askotxo pasatzen dugu pantailen aurrean, eta ezin uka ordu horiek beste hizkuntza bat entzuten pasatuko bagenitu, ulermenak eta, oro har, hizkuntza horretan dugun mailak nabarmen egingo lukeela hobera. Egia da Netflix eta antzeko plataforma digitalek hizkuntza-gosez bizi garenontzat mundu berri zoragarri bat ireki dutela, eta hizkuntzak praktikatu nahi dituenak, norbere hautua egitea besterik ez duela. Baina, eta hautu hori goitik etorriko balitz? Hain zaila da hizkuntza-politikak pixkanaka-pixkanaka aldatzea, azpitituluak gehitzen eta bikoizketak gutxitzen joatea? Atzerriko hizkuntzen irakasle izan naizen heinean, %100ean defendatuko nuke proposamena, baina beste errealitate batean biziko bagina. Egoera diglosiko honetan, eleaniztasunaren ameskeriatan ibiltzeari barregarri samarra baiteritzot.
Azpitituluen edo bikoizketaren hautua ez da txantxetako kontua, erabaki politiko pisutsua baizik. Izan ere, azpitituluek jatorrizko hizkuntzen irakaspena errazten duten bezalaxe, bikoizketarik ezak tokiko hizkuntzaren normalkuntzan atzerapauso izugarria suposatzen du. Eta hauxe da, hain zuzen, gure egungo egoera: euskal bikoiztaileek lanuzteari ekin diotela. Ez naiz arrazoietan gehiegi sartuko, Libe Aranburu azpeitiar bikoiztaileak ederki azaldu baitzituen UROLA KOSTAKO HITZAn joan den asteko elkarrizketa batean. Labur-labur esanda, grebaren arrazoia prekarietatea izan da. Eta prekarietatearen aitzakia, diru falta. Baina, dirua, egon, badago. Interesa da falta dena. Patagoniara ez bada Pazifikora konkistatzaileak bidaltzeko beti baitago dirua ETBn –Lope Agirre eta gisako jendilaje historikoekin nahikoa izan ez bagenu bezala!–. Oraintsuko elkarrizketa batean, Iñaki Beraetxe bikoiztaileak zioen euskarak, gaur egun, ez duela pisu politikorik. Esaten zuen, baita ere, ETB Telecincori begira bizi dela. Eta guztiz ados nago. Baina, zergatik ote? Izan zintzoa eta esan: zure etxeko telebistako mandoan botoitxo gorriari sakatuko bagenio, zein telebista-kate piztuko litzateke?
Hitanoa zer zen azaldu nien duela hilabete batzuk lehenengo mailako nire ikasleei. Miresmena sortu zuen batzuengan –ados, aspermena ere bai beste batzuengan–. Hika ea non entzun zezakeen galdetu zidan mutiko batek. Dragoi-bola etorri zitzaidan burura, baina zaharkitu samarra izan zitekeela pentsatu nuen, eta ez nion erantzunik eman. Nire buruak ETB1eko parrillaren errepasoa egin zuen, hitanoz egiten zuten eta 12 urteko ume batentzat erakargarria izan zitekeen saio baten bila. Ezer ez. Hitanoaren iragazkia alde batera utzi: 12 urteko haur bati gustatzeko moduko saiorik? Batere ez. Zero. Zorionez, esan diezaioket hilabete honetan Dragoi Bola ikus dezakeela zineman euskaraz.
Eta, agian, azken aldia izango dela. Eta gure altxor ederra, bitartean, hortxe, ostenduta.