J.M. Olaizola 'Txiliku' Puntuka: 'Egon'

Erabiltzailearen aurpegia Jesus Mari Olaizola "Txiliku" 2019ko ots. 7a, 09:43

Jose Manuel Lujanbio Retegi 'Txirrita'

Badakit hizkuntzak aldatuz joan ohi direla, orain ez dugula duela ehun urte bezala hitz egiten, eta hemendik ehun urtera ez dutela guk hitz egiten dugun modu berean hitz egingo. Badakit hitz egiteko modu, era eta manerak berrituz doazela, eta halaxe behar du, baina zenbait gauzak belarrira ematen didate eta ni ezin isilik egon.

Beharbada hemendik ehun urtera norbait lehenago ikusi dugula adierazteko ikusi nizun esatea ondo esana egongo da, jende guztiak halaxe esango duelako (gaur bertan ere jende askok halaxe erabiltzen du gure inguruan), baina horrek ez du kentzen nik iriztea hori oker dagoela, eta halaxe esatea. Ez dago urruti gurasoek eta aitona-amonek erabiltzen zuten ikusi zinutan hura, baina ikusi zintudan batekin pozik geratuko nintzateke.

Azkar aldatuz doa hitz egiteko modua; zenbaitetan harridura sortzen didate zenbait esamoldek. Aste honetan bertan irakurri berria dut egunkarian Nafarroa %3,2 hazi zela iaz. Hasiera batean kezkatu nintzen. Pentsatu nuen azkeneko euriteekin Ebro ibaian uholdeak izan eta Aragoiko lurralde batzuetara hedatuz hazi zela Nafarroa, edota, hau kezkagarriagoa zen, Islandian bezalatsu faila tektonikoren batek Nafarroa handiagotzen ari ote zen, urtero bost zentimetro zabalduz bada ere; baina ez, ez zen horrelakorik, orri gainean irakurri zitekeen Ekonomia goiburuak eta titularra baino beherago zetorren agerpenak adierazi zidaten iaz hazi zena Nafarroako BPGa izan zela, Nafarroako jendeen barne produktu gordina. Hasieran ez nuen jarri behar adinako arreta!

Arreta jarri behar baita esaten digutena ulertzeko. Baina arreta kontua ez da beti izaten belarritako mina ematen duena; badira soinu txarra ateratzen duten esaldiak. Bada Gabonak aurretik martxan jarri diguten kanpaina bat errepideetako istripuak saihesteko asmatua. Istripuen eragile nagusiak (gehiegizko abiadura, gidarien alkohol eta beste zenbait drogen kontsumoa, gidarien arreta gutxia…) azpimarratu dizkigute bertan eta, beste behin ere, hiritarrei asmo oneko aholkuak eman. Horietako esketx batean gidariak atentzioa galdu du mugikorrari begiratzen diolako, arreta guztia gidatzeari eskaini ordez, eta kopilotuak egingo dio errieta sakelakoa har ez dezan: "gidatzen zaudelako".

Gidatzean egon? Nola egon? Gidatzen aritu egiten da, ez egon. Eguraldi txarra dago, euria ari du. Eguraldi egon egoten da, euri aritu. Ezin gintezke gaztelaniaren menpe bizi. Está lloviendo, estás conduciendo ez dira euskarazko egonekin adierazten. Elurra ere aritu egiten du; batzuetan mara-mara (eta ez barra-barra irratian entzun izan dudan moduan). Elurra mara-mara, euria zarra-zarra eta dirua barra-barra.

Mutikoa nintzela esan zidaten Salbideko zubia, trenarena, Txirritak egina zela. Geroztik jakin izan zut beste hainbat lekutan ere badirela Txirritaren hargin-lanak egindako hainbat eraikuntza; Txirritaren itzala luzea izan da beti. Kontatu zidanak halaxe esan zidan, "Txirritak egina duk zubi hori". Nik harrituta begiratuko nion zubiari, dotorea eta handia baita trenbideko hori, eta nire begiradari jarraituz, kontalaria beroarenak kentzen hasi zen: "Txirritak ez zian den-dena egingo, baina hemen aritu omen huen lanean. Tira, langile amorratua ere ez omen huen, eta ez zekiat lan asko egingo zuen, baina aritu, aritu, hargintzan hemen ibili omen huen Txirrita".

Niretzat Txirritaren zubia izaten jarraitzen du Salbidekoak, nahiz jakin bertsotan gehiago saiatzen zela hargintzan baino.

Gure aita zenak bazuen esaldi egokia egon oker ibiltzeari buruzkoa. Noiz edo noiz gaizki erabiliz esaten bagenuen "lanean nago" bezalako perlaren bat, erantzuna berehalakoa izan ohi zen:
–Bai, horixe egingo duk hik ondo, lanean egon, jardun beharrean!

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide