Sagastiz sagasti, sagarrondoak gurtuz

Aitor Unanue 2019ko ots. 5a, 11:40

Aitor Unanuek sagarraren eta sagardoaren bueltako ohiturak ditu hizpide. Ingalaterran mantentzen duten 'Wassailing'-az ari da, besteak beste, artikulu honetan.

Sagarrondoak landatu, sagar-ipurdiak jorratu, ongarritu eta gerriak kareztatu ohi ditugu garai hauetan. Aldi berean, neguan ere, kalerik kale eta baserriz baserri kopla kantari ibili ohi gara eskean.

Gure atlantiar kulturan bada, ordea, garai beretsuan sagastiz sagasti kantuan dabilenik. Mozorroak jantzi eta sagastiko sagarrondorik helduena inguratuaz kantuan eta dantzan, zintzarriak eta zartaginak astinduz. Neguko lozorroan den sagarrondoa iratzarri nahian, gaitzak uxatuz eta sortu den Eguberria iragarriaz, hazten baidoa eguna. Uzta oparoa eskatzen diete sagarrondoari eta osasuna opa elkarri. Iazko uztaren sagardoa sustraietara bota eta haur txikienek sagardotan bustitako ogi zopak adarretan ezartzen dizkiete, sagastiko txorien gozagarri izango direnak. Erdi Arotik behintzat ba omen datorren ohitura hau Gabon eskearen aitzindari gisa hartzen duenik ere bada.

Ez dira urrutiko kontuak, gurean bezalako inguru berdeetan, flora eta klima berean, itsaso berak bustitzen dituen lurraldeetan; Ingalaterrako hegoaldean bizirik dirau guzti horrek, gure Europako atlantiar kulturan. Wassailing izenez ezaguna da ohitura zahar hori. Txoro haizeak jota daudela esango lukeenik izango da baina, sagarraren lanketa gurean baino biziago mantendu eta garatu dituzte hortik. Gaur sagardo kopuru gehien egiten eta edaten duten lurraldeak dira. Sagardo mota desberdinak lantzen dituzte, bakoitza bere izenarekin. Hartzidura maila ezberdinekoak, gozoak edo lehorrak, nahiz egurrezko kupeletan onduak, apartsuak edo aparrik gabeak, beste fruituen zukuekin gozatuak, edo gure sagardoaren antzera oinarrizko hard cyder edo farmer cyder deituak direnak.

Naturatik inoiz ez bezala urrundu garenean, harremanetan sartzeak, osasun iturrirako bidea egiteak eta ezagutzeak, zentzu gehiago hartzen du. Gaur, lurrik gabe ere egiten baidira fruituak, fruiturik gabe ere zukuak, zukurik gabe ere sagardoak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide